Programa duala
PROGRAMA DUALA
Mondragon Unibertsitatea enpresa barrutik bizi duen unibertsitate praktiko bat da eta formakuntza esperientzia desberdinak eskaintzen dizkiegu ikasleei enpresa ingurune errealetan gauzatzen direnak (formakuntza duala, lan eta ikasketen partekatzea edota gradu/master amaierako proiektua enpresan egitea).
Enpresa kolaboratzaile sare sendoa dugu eta enpresa hauek dual formakuntza esperientziak talentu gaztea erakartzeko eta fidelizatzeko estrategia gisa dute. Enpresa horietako askok ikerketa eta transferentzia aktibitateak garatzen dituzte Mondragon Unibertsitatearekin, eta honek ere ahalbidetzen du ikasleen gradu/master amaierako proiektuak beste ikerketa proiektu handiago batzuen barnean kokatzea.
Enpresa inguruneetan egiten diren formakuntza esperientzia guzti hauek 10 hilabete eta 3 urte bitarteko iraunaldia izan dezakete, eta guztiak eskaintzen dute diru laguntza bat.
Iratxe Arbulo Ramos
GBL: "I+D+B mailuak" // Patricio Echeverría SA Korporazioa (Legazpi)
Patricio Echeverría Korporazioa eraikuntzaren, nekazaritzaren eta lorezaintzaren sektoreetan osperik handiena duten enpresetako bat da. Nire ikasketetan, proiektu horretan parte hartu dut, eta helburua izan da mailuen kirtenen kontzeptu berriak (egungo tresnen alternatibak eskainiko dituztenak, kostuak murriztuko dituztenak, baina funtsezko balioak —hala nola erresistentzia, iraunkortasuna, zehaztasuna, ergonomia, erabilgarritasuna eta diseinua— izango dituztenak) sortzeko eta garatzeko lana sendotzea. Proiektu hori baliagarria izan zait material berriei buruzko ezagutza handiagoak eskuratzeko, lehiakortasun-kontzeptuak garatzeko eta produktu berrien industrializazio-fasera hurbiltzeko.
Iván González Alonso
GBL: “Modernizaziorako kontzeptuen azterketa eta garapena” // MU-DBZ – Diseinu Departamentua
Gradua ikasten ari nintzela, Orona enpresak garatutako ikerketa-proiektu batean parte hartu nuen. Azterketa, hobetzeko aukeren identifikazioa eta modernizazioa bultzatuko dituzten kontzeptu berritzaileen garapena izan da lanaren ardatza, Orona markaren balioetatik abiatuta. Oso esperientzia positiboa izan da, eta gozatzeko, nire ezagutza praktikan jartzeko eta, batez ere, ikasteko aukera izan dut. Gaur egun, lantaldean jarraitzen dut, antzeko proiektu batean, graduondoko ikasketak egiten ditudan bitartean.