Nerea Agirre: “Hezkuntza Bereziko irakaslegaiek haien irudikapen eta susmoekin talka egiten duten egoera praktikoak behar dituzte prestakuntzan”

Back

Nerea Agirre: “Hezkuntza Bereziko irakaslegaiek haien irudikapen eta susmoekin talka egiten duten egoera praktikoak behar dituzte prestakuntzan”

Elkarrizketa

Nerea Agirre: “Hezkuntza Bereziko irakaslegaiek haien irudikapen eta susmoekin talka egiten duten egoera praktikoak behar dituzte prestakuntzan”

Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du Nerea Agirrek abenduan Eskoriatzako campusean aurkeztutako "Irakasle inklusiboen hasierako prestakuntzan hausnarketa prozesu kolaboratiboen erraztailetzarako gako eta estrategiak" tesiak. Egilearekin hitz egin dugu ikerketari horri buruz.

2025·03·25

$titulo.getData()


Pasa den abenduaren 19an, Irakasle inklusiboen hasierako prestakuntzan hausnarketa prozesu kolaboratiboen erraztailetzarako gako eta estrategiak tesia aurkeztu zuen Nerea Agirre (Oñati, 1982) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileak Eskoriatzako campusean. Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen lanari buruz galdetu diogu Nerea Agirreri. 

 

Zein da doktorego tesiaren gai nagusia?

Lana irakasleen hasierako prestakuntzaren eremuan kokatzen da. Hezkuntza praktika inklusiboak modu konprometituan eta eraginkorrean sustatuko dituzten irakasleen profilaren markoan: hots, gelako aniztasunari erantzuteko begirada duen irakasle profilaren markoan, hain zuzen ere. Irakasle inklusiboen prestakuntzan, ikasketa planetan, orokorrean, eta zehazki gure proiektu pedagogikoan testuinguru praktikoek berebiziko garrantzia dute. Testuinguru praktiko errealetan esperientziak edo egoerak bizitze hutsak, baina, ez du laguntzen ezagutza profesionalaren eraikuntzan. Ikerketek erakutsi dute praktikaren gaineko hausnarketa prozesu sistematikoak egiteak laguntzen duela horretan. Hausnarketa-prozesuek bilatu behar dute ezagutza praktikoa beste ezagutzekin harremanetan jartzea. Hausnarketak lagundu behar du, irakasle gisa, norbere sinesmen, irudikapen, balio, ideia eta teoriak kuestionatzen, eta norbere praktikak zeri erantzuten dion identifikatzen. Finean, norbere erabaki eta proposamenak azaldu eta justifikatu ahal izateko, irizpide pedagogikoak garatzea da gakoa, esperientzia edo egoera praktiko zehatzen gaineko hausnarketari esker. Hausnarketa prozesu hauek tutorearen laguntzaz taldean egiteak ikasleengan izan ditzakeen eragin positiboekin lotutako ebidentzia zientifikoak ere badaude. Hau oinarri, tesiak gai nagusitzat dauzka gela anitzetan bizitako egoera praktikoen gainean modu kolaboratiboan egiten diren hausnarketa prozesuak.

 

Lehen Hezkuntza graduko Hezkuntza Bereziko aipamena aukeratu duzu ikerketarako kasu moduan. Zergatik?

Hezkuntza Bereziko aipamenean ibilbide luzea egin da praktikaren gaineko hausnarketa prozesuak kultura kolaboratibo baten markoan kokatzeko. Kasu gisa hautatu genuen ikergaiaren inguruan sakondu eta ezagutza aberastu eta hedatzeko eskaintzen zizkigun aukerengatik. Batetik, aukera ematen zigun gure eguneroko jardun edo praktikarekin zerikusia duten alderdiak zehaztasunez ezagutzeko, baina ez hori bakarrik, ikergaiaren inguruan aurkitutako ikerketa asko eta asko kualitatiboak, eta gainera, kasu azterketak zirela ikusirik, hautuak aukera ematen zigun transferentziarako egokiak izan zitezkeen alderdiak identifikatzeko, ikerketaren emaitzak beste ikerketen emaitzekin alderatu, eta hausnarketa prozesuen erraztailetzarako estrategia unibertsalagoei lotutako eztabaidei ekarpen egiteko.

 

Irakasle inklusiboen prestakuntzan zein leku du hausnarketak? Nolako hausnarketak dira, eta zeintzuk dira onurak?

Tesian ikusi da hausnarketak ikasleek praktikaldiko gelan bizi izan dituzten egoera dilematikoetatik abiatzen direla; ikasleen irudikapenekin talka egiten duten egoera praktiko zehatzetatik hasten da prozesua. Bilatzen da egoera horiek sakonki ulertzea. Prozesuaren ezaugarri nagusi gisa ikusi da taldeko elkarrekintzan garatzen dela hausnarketa. Honekin esan nahi dena da, ez dela soilik taldean egiten den prozesua, baizik eta elkarrekin egiten den prozesua dela. Ezagutza ez da objektu estatiko bat, baizik eta elkarrizketan, elkar truke sozial horretan, eraikitzen den zerbait. Prozesu mota honen onura nagusia da ikaskuntzak maila indibidualean garatzeaz gain, talde mailan ere garatzen direla, eta honi esker ikasleen begiradan aldaketa bat eragin daitekeela. Kasu honetan, gelako umeak, beren beharrak, umea inguratzen duten testuinguruak sakonki ulertzeko aukerak zabaltzen direla. Eta honenbestez, errealitatearen ulermen kritikorako jarrera kontzienteagoa erdietsi daiteke.

 

Zein ondorio atera dituzu egoera praktikoen gaineko hausnarketa prozesuen inguruan?

Hausnarketa prozesuak antolatu eta errazterako orduan, dimentsio bikoitza (dimentsio kognitiboa eta sozioemozionala) aintzat hartzearen garrantzia jaso dugu emaitza esanguratsuenen artean. Ikasleek hausnarketaren bidez ezagutza profesionala eraiki dezaten, dimentsio kognitiboan laguntzeko orduan, taldeko elkarrekintza eta parte hartzea funtzio jakin batzuetara bideratzea da garrantzitsuena. Kasu honetan ikusi dugu taldeko elkarrekintza bideratu dela ikasleek ekartzen dituzten egoera dilematikoak beste ikuspegi batzuetatik ikusi ahal izateko, egoera bera argitu, elementu gakoak aztertu, egoera berrinterpretatu eta eskuhartzeak doitzeko proposamenekin laguntzera.

 

Emaitzek ordea, mahaigaineratu dute, edukiez gain, hausnarketa prozesuak garatu ahal izateko, emozionalki sostengua sentituko duten testuinguruak beharrezkoak direla. Horrek erakusten du tutorea prozesuaren dinamikan sortzen diren beharrei adi egotearen garrantzia, beharren arabera laguntza motak eta hauek emateko moduak era malguan doitu ahal izateko. Halaber, ikerlanaren emaitzek erakutsi dute hausnarketa prozesuak garatzeko, tutorearen paperaz gain, ikasleek ere paper garrantzitsua jokatu dutela. Batetik, ikasleek erakutsi dute, hausnarketan parte hartzerako orduan, etengabe egiten dituztela beraientzat ezagunak diren egoera praktiko zehatzekin lotura eta konexioak, eta horrek taldeari ere laguntzen diola. Bestetik, ikasleek ekarpen egin dute sostengu emozionalaren eskaintzan eta erraztu dute tutorearekin batera elkar laguntza komunitate baten eraikuntza. Horrela ondoriozta daiteke tutorearen aldetik ez dagoela gidaritza zurrun bat: erraztailetzaz ari gara, eta ikaskuntza errazten duen testuinguruaz, non partaide guztiek duten ahotsa. Esan daiteke, beraz, taldearen elkarrekintzan, eta dimentsio kognitibo nahiz sozioemozionala aintzat hartuz, tutore nahiz ikasleen ekarpenei esker, lortu daitekeela ikasleek ekarritako egoera praktikoak sakonago ulertu edo berrinterpretatzea.

 

Nolakoa izan da ikasleen parte-hartzea? Eta irakasleena? Erraza izan da haiekin lan egitea?

Ikerketan Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko 51 ikaslek eta 8 tutorek hartu dute parte. Ikasleak 2015/2016 eta 2018/2019 ikasturteen artean Lehen Hezkuntza Graduan Hezkuntza Berezia aipameneko Practicum III ikasgaian matrikulatutako ikasleak izan dira; hasieratik eman genien ikerketaren berri, eta beti prest egon dira. Parte hartu duten tutoreak Hezkuntza Berezia taldeko tutoreak izan dira. Praktikei lotutako hausnarketa-mintegietan bikote pedagogikoaren eredua erabiltzen dugu, modu jarraituan elkartzen gara eta gure irakasle-tutore praktikaz gogoeta kritikoa egiten dugu… Erraza izan da haiek ere inplikatzea.

 

Nolako esperientzia izan da tesia egitearen prozesua?

Tesia egiteko prozesua luzea izan da. Hamarkada bat eman dut doktorego programan, tartean, amatasun kontuengatik, bi etenaldi egin ditut ikerketan ibilbidea urratzen hasi nintzenetik, eta horregatik, hasieratik nirekin etorri diren bi liburu aipatu nahiko nituzke: Julian M. Gonzálezen “El investigador en su laberinto. La tesis un desafio posible” eta Umberto Ecoren “Cómo se hace una tesis”. Lehenengoaren sarrera irakurri nuenetik iltzatuta gelditu zitzaidan, eta orain guztiz bat natorren esaldi bat ekarri nahiko nuke: “Ikertzen, ikasi egiten da. Ez da nahikoa nahi izatea”. Eta bigarrenetik tesiari aurre egiteko esentzia eta mezu nagusia etengabe eraman ditut nirekin: tesia ere izan daiteke norberaz eta bizitzaz ikasteko aukera. Eta horrela izan da. Ikaskuntza prozesu bat, motibazioz betea, baina bizitzan bezala, bere dolu momentuekin, igarobideekin, gora-behera, une gogor eta goxoekin.  Sinesten dut bete-betean, garatzeko testuinguruak behar direla, baita ikerlari gisa garatzeko ere. Eta zentzu honetan, oso pribilegiatua sentitzen naiz., tesiarekin hasi aurretik eta ondoren ere, talde-testuinguruak izan ditudalako. Talde-testuinguru horietan izandako bilera formal, informal, elkarrizketa guztiak gako izan dira niretzat. Denetan ikasi dut, denak izan dira garatzeko aukera. Zaindua eta eutsia sentitu naiz etengabe, gainera. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet zuzendariei, baina baita taldekide bakoitzari eta guztiei ere. Eta nola ez bidelagun guztiei. Etxekoen kasuan, tesia egiteko jarri edo eman behar izan duten guztia izenda ezina da. Beraz, laburbilduz, nire kasuan bide luze, gogor eta ederra izan da.

 

Lortu duzu harritu zaituen edo espero ez zenuen ondoriorik?

Ondorioen artean eta hausnarketa prozesuak sakonki ezagutzeari esker, positiboki gehien eragin didana izan da besteekin harremanetan jartzearen esperientziatik ikasteak izan dezakeen balioa. Lanak argi asko eman dit irakasle inklusiboen prestakuntzan esperientzia praktikoak irakasle guztientzat izan dezakeen garrantziaren inguruan. Izan ere, argi ikusi dut harreman egoera hauek ematen dituztela ekitateaz eta ekitate ezaz sakondu ahal izateko aukerak. Tesiko emaitzetan ikusi den bezala, harreman esperientzia hauek lagundu dezakete testuinguruetan arreta jarri, pertsonak sakonki ulertu eta ekitatearen printzipiopean ikasleek, eremu guztietan aukerak eskuragarri izateko azaltzen diren oztopen identifikazioan. Maitasun handiz hartu dudan ondorio eta ikaspena izan da ezagutza profesionalaren eraikuntzarako dimentsio erlazionala aintzat hartzearen garrantzia. Eta honenbestez, irakasleen prestakuntzan dihardugunok, edo praktiken diseinuan aritzen garenok, gure ikasleentzat harreman aukera ezberdin, aberats eta arrakastatsuak sortzerako orduan daukagun ardura profesionalaren gaineko kontzientzia handiagoaz amaitzea tesia.


We are more than a university