Laguntasun harremanak, Euspot 2025 lehiaketako gaia
Laguntasun harremanak, Euspot 2025 lehiaketako gaia
Laguntasun harremanak, Euspot 2025 lehiaketako gaia
3.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan; guztira sei sari izango dira. Irabazleak 1.000 euroko saria eskuratuko du. 2025eko maiatzaren 26an bukatuko da lanak aurkezteko epea.
Otsaila hastearekin batera aurkeztu dugu Euspot euskarazko spot lehiaketaren edizio berria Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean. Honako ordezkari hauek hartu zuten parte aurkezpenean: Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkatea; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Maddi Iregi, Bai Euskarari Elkarteko aholkularia; Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna eta Xabi Igoa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazioa arloko zuzendaria.
Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot euskarazko spot lehiaketa 2011 urtean. Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Aurten 14. edizioa egingo da eta spotetan erantzun beharreko galdera “Zer da laguna izatea?” da. 2025eko edizio honetan ere Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila izango da babesle nagusia.
Honako hauek dira babesle eta antolatzaileak:
Babeslea
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Antolatzaileak
Aretxabaletako Udala
Arteman Komunikazioa
Mondragon Unibertsitatea
Arizmendi Ikastola
Laguntzaileak
Bai euskarari Elkartea
Music Library
900 spoteko ibilbide emankorra
Ondo errotutako lehiaketa da Euspot eta orain arteko edizioetan 900 spot inguru jaso dira. Ez dago zalantzarik gaur gaurko gizartean ikus-entzunezkoen eragina izugarria dela eta horren ondorioz ikus-entzunezkoen formatuak interes izugarria eragiten duela, bereziki gazteen artean. Euspot, ordea, ez da soilik gazteei zuzenduta dagoen lehiaketa, asko dira urteetan parte hartu dutenen profila, jatorria eta interesa. Era berean, egokia da gogoraraztea irudimena eta sormena direla Euspot elikatzen duten iturri nagusiak. Hortaz, lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte. Adin eta maila guztietarako sariak daude eta, aurten ere, espero da lehiaketa Euskal Herri osora hedatzea, eta marka guztiak hautsiz.
Aurtengo gaia: “Zer da laguna izatea?”
14. edizioko parte-hartzaileek 30 segundoko iragarki bat egin beharko dute lagunen arteko harremanak gai moduan hartuta. Agenda politikoan ere badago gaurko gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra, sareek eragiten dituzten mehatxuak aintzat hartuta, teknologiek ahalbidetzen dituzten komunikazio eta harremanetarako jarrerak, bertatik bertarakoak, harreman inklusiboak, dibertsitateari aurre eginez eraikitzen direnak…
3.000 euro baino gehiago saritan
Sei sari banatuko dira.
Sari nagusiak
Spotik onena (1.000 euro).
Publikoaren saria (500 euro).
Gazteen saria (14-18 urte) (500 euro).
Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).
Sari gehigarriak
Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).
Parte-hartzaileek 2025eko maiatzaren 26a bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko.
30 segundo gehienez eta formatu librean
Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez. Aurten ere formatua librea izango da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango dela: horizontalean ala bertikalean.
Ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioa
Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskainiko ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 5.000 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak hezkuntza zentro ezberdinetan.