Mondragon Unibertsitatearen dokumentu zientifikoetara eta irakaskuntza-materialetara sarbide irekia izateko politika instituzionala

Mondragon Unibertsitatearen dokumentu zientifikoetara eta irakaskuntza-materialetara sarbide irekia izateko politika instituzionala

 

1. Testuingurua

Sarbide irekiak informazio zientifiko eta akademikorako sarbidea iraunkorra, doakoa eta murrizketarik gabea izatea sustatzen du. Sarbide irekirako politika instituzionalaren xedea eduki zientifiko eta akademikoen irisgarritasuna, ikusgaitasuna eta eragina areagotzea da.

Mondragon Unibertsitateak berariazko konpromisoa dauka sarbide irekiarekin, eta, horren harira, dokumentu zientifikoetara eta irakaskuntza-materialetara sarbide irekia izateko politika instituzional hau landu du, erreferentzia gisa hartuta Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 17/2022 Legea, Unibertsitate Sistemaren 2/2023 Lege Organikoa, Zientzia Irekiaren Estrategia Nazionala (ENCA) eta Europar Batasunaren «Horizon Europe» Ikerketarako eta Berrikuntzarako Esparru Programa.

Kontuan hartuta zer ondorio dituen sarbide irekian argitaratzeak, ezinbestekoa da egileek behar bezala ezagutzea eta betetzea jabetza intelektualarekin loturiko araudia.

 

2. Glosarioa

Biltegi Instituzional Irekia: unibertsitateek edo ikerketa-zentroek beren komunitateari emandako zerbitzuen multzoa, hauen ekoizpen zientifiko digitala biltzeko, kudeatzeko, zabaltzeko eta gordetzeko, bilduma antolatu baten bitartez, sarbide irekian dagoena eta elkarreragingarria. Biltegi instituzional ireki batean dauden materialen itemen metadatuak beti daude sarbide irekian. Hala ere, gerta daiteke dokumentu/objektu digital baten baterako sarbidea bahituta egotea. 

Dokumentu/objektu digital baterako sarbide irekia: Interneten dokumentu/objektu digitalak libre egotea esan nahi du, eta edozein erabiltzaileri aukera ematen dio testu osoak irakurri, deskargatu, kopiatu, banatu, inprimatu, bilatu edo lotzeko eta edozein helburu legitimorekin erabiltzeko, Internetek berez izan ditzakeen oztopo finantzario, legal edo tekniko gehiagorik gabe (Budapest Open Access Initiative-ren definizioa (BOAI)).

 

 

3. Helburua

Politika honen helburua Mondragon Unibertsitatean Zientzia Irekia sustatzea da, eta, horretarako, erakundeko kideen ikerketa- eta irakaskuntza-jarduerarekin loturiko materialak eta emaitzak irekian argitaratzeko zenbait ildo eta gomendio ezarri nahi dira.

 

4. Politika

Jarraian zehazten dira Mondragon Unibertsitatearen eduki zientifiko eta akademikoetara sarbide irekia izateko politika instituzionalaren termino nagusiak:
  • Mondragon Unibertsitatean jarduten duten pertsona guztiek konpromisoa hartuko dute hirugarrenen eskubiderik ez urratzeko, ez jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubiderik, ez ohorerako eskubiderik, ez intimitaterako eta irudirako eskubiderik, ezta bestelako eskubiderik ere.
  • Gordailu digitalari dagokionez, egileak modu ez-esklusiboan lagako dizkio Mondragon Unibertsitateari lanaren jabetza intelektuala ustiatzeko beharrezkoak diren eskubideak. Lanaren gaineko eskubide moralak egilearen esku egongo dira, uko egin ezinezkoak eta besterenezinak diren heinean.
  • Dokumentuak gordailu instituzional irekian uzten laguntzeko, Mondragon Unibertsitateko Bibliotekaren –hots gordailuaren kudeatzailearen– ardurapean egongo da dokumentuen artxibatze delegatua.
  • Gordailuan utzitako materialak ustiaketa komertziala helburu badu edo akordiorik badago enpresaren batekin edo beste erakunderen batekin, Bibliotekak –hots, gordailuaren kudeatzaileak– kontuan hartuko ditu enpresa edo erakunde horiekin dokumentuak gordailu irekian artxibatzearen gainean adosturiko baldintzak (bertsioak, bahikuntza-epeak, konfidentzialtasuna, etab.), eta akordioen baldintzak betetzen direla bermatuko du.
  • Irakasle Ikerlari Langileek (IIL) eta Mondragon Unibertsitateko doktoregaiek Bibliotekara bidaliko dute dokumentuen azken kopia edo bertsioa, ikerketa-dokumentu guztiak argitaratu eta eBiltegian –Mondragon Unibertsitatearen gordailu instituzionalean¬– sar ditzan. Izan ere, Bibliotekaren ardurapean dago dokumentuen artxibatze delegatua.
  • Honako argitalpen mota hauek gordeko dira eBiltegian, artxibatze delegatu bidez eta betiere egileek dokumentuaren azken kopia edo argitaratzeko onarturiko azken bertsioa Bibliotekaren esku utzi eta desadostasunik adierazten ez badute esplizituki:
    • Gaur egun Mondragon Unibertsitatean jarduten duten ikertzaileek edota irakasleek 2011tik aurrera argitaraturiko artikuluak.
    • 2011tik aurrera kongresu, jardunaldi eta konferentzietan argitaratu eta/edo aurkezturiko dokumentuak.
      • Bibliotekak, biltegi instituzionalaren kudeatzaileak, mezu elektroniko bat bidaliko dio dokumentua sinatzen duen Mondragon Unibertsitateko lehenengo egileari, dokumentua biltegian uzten denean. Posta elektronikoan, dokumentua eBiltegian argitaratu dela jakinaraziko zaio, eta eskubideak lagatzeko lizentziaren baldintzak erantsiko zaizkio. 
    • 2011tik aurrera Mondragon Unibertsitatean aurkeztu eta konfidentzialtasun-baldintzarik ez duten tesiak, eta Mondragon Unibertsitateko kideen tesiak, baldin eta espresuki eskatzen badute.
    • Gradu eta Master bukaerako lanak, eta egokitzat jotako beste lan batzuk, baldin eta konfidentzialtasun-baldintzarik ez badute, egileak horretarako baimena ematen badu eta lanek gordailurako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
    • Liburuak, liburu kapituluak eta bestelako argitalpenak.
  • Mondragon Unibertsitateak bere komunitate zientifikoari eta irakasleei gomendatzen die gordailu irekietan kopia bat bahitura-eperik gabe uzteko aukera ematen dieten argitaletxeetan argitaratu ditzatela beren lanak. Horrez gain, gomendatzen die ez dezatela inongo tarifarik ordaindu argitaratzeagatik eta argitaletxeekin sinaturiko kontratuetan eskubideen atxikipenerako klausula bat sartzeagatik, egileek eskubidea izan dezaten beren dokumentuak beren erakundearen gordailu irekian uzteko argitaratzen den unean bertan, eta bahitura-eperik gabe.
  • Mondragon Unibertsitateak bere komunitate zientifikoari eta irakasleei gomendatzen die, Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuan argitaratzen dituztenean beren jarduera zientifiko edo akademikoaren emaitza diren dokumentuak, baimena eman dezatela dokumentu horiek gordailu instituzionalean uzteko.
  • Mondragon Unibertsitateak irakasleei eskatzen die utz ditzatela beren hezkuntza- eta irakaskuntza-baliabideak gordailu instituzionalean edo zabalkunde irekirako beste proiekturen batean, baldin eta halakorik sortzen bada.
  • eBiltegian gordeko dira, artxibatze delegatu bidez, erakundeak proposaturiko dokumentu edo material guztiak.

 

4. Mondragon Unibertsitatearen erantzunkizunak politika honen inplementazioan

Mondragon Unibertsitateak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
  • Egile-eskubideak, jabetza intelektuala, konfidentzialtasuna eta hirugarrenekiko akordioak errespetatzen direla zaintzea.
  • Nazioarteko arau eta irizpideak betetzea gordailua egitean eta garatzean.
  • Gordailu instituzionalean utzitako argitalpenetarako sarbidea mugagabea dela zaintzea eta mantentzea.
  • Gordetako datuen segurtasuna zaintzea.
  • Argitaratzen diren dokumentuei identifikatzaile digital iraunkorrak esleitzea (Handle, DOI, etab.).

Mondragon Unibertsitateak egokitzat jotzen dituen neurri eta prozedurak aplikatuko ditu politika hau inplementatzeko, behin hura onartuta.