Datuen Analisia eta Zibersegurtasuna
DATUEN ANALISIA ETA ZIBERSEGURTASUNA
Datuetan oinarrituta erabakiak hartzeko soluzio berritzaileak ikertzea, garatzea eta enpresa ehunari transferitzea dira datuen analisia eta zibersegurtasuneko ikerketa taldearen lan arlo nagusiak. Horretarako, taldea sistema adimendunak ikertzen ari da, ikaskuntza automatikorako (machine learning) teknikak, datuen meatzaritza (Data mining) eta Biga Data diseinatuta, garatuta eta egiazko arazoetan aplikatuta.
Helburua da, beraz, enpresei, zentro teknologikoei eta eragile sozioekonomikoei laguntzea erronka berriei aurre egiten eta lehiarako abantaila iraunkorrak eraikitzen, datuen kontrola, analisia eta interpretazioa izanik inguruneko produktu eta zerbitzuei balio erantsi bereizgarri bat emateko oinarria.
Taldeak lau ikerketa lerrotara bideratzen ditu nagusiki bere jarduerak (Informazioaren eta komunikazioen segurtasuna, industri prozesuak, fabrikazio aurreratua, eta osasunaren industria), eta horietako hiru dira Eusko Jaurlaritzaren lehentasun estrategikoak (fabrikazio aurreratua –industri prozesuak hartzen ditu bere baitan–; energia; eta biozientziak/osasuna). Industriako zibersegurtasuna horien guztien jarduera tranbertsala da.
Ikerketa lerroak eta ezagutza arloak
Informazioaren eta Komunikazioen Segurtasuna
Ikerketa lerro honen helburua da informazioaren teknologien azken garapenetan eta erabileretan planteatu diren erronka berriei aurre egitea, IKTen panorama berrian herritarren konfiantza hobetzeko irtenbideak emateko, teknologia seguruen eta fidagarrien ikerketaren bitartez. Gure ikerketa taldea honako arlo hauetan ari da lanean: sare sozialen segurtasuna, sistema txertatuen segurtasuna, SCADA segurtasuna, azpiegitura kritikoen segurtasuna, kontrol sistema industrialen segurtasuna eta gailu eta sare mugikorren segurtasuna.
Sistema Adimendunak Industri Prozesuetarako
Ikerketa lerro honetan taldeak automatizazioarekin funtzionatzen duten prozesuak hobetzen dihardu nagusiki (metalaren prozesamendua, ur arazketa, galdaketa prozesuak, injekzioa…). Prozesu mailako informazioa erabiltzen da, eta prozesuaren parametroak optimizatzea eta prozesuko anomaliak antzematea bilatzen da.
Sistema Adimendunak Osasunaren Industriarako
Erabakiak hartzen laguntzeko eta pazienteen zein osasun alorreko profesionalen bizi kalitatea hobetzeko datuen analisira bideratzen da. Horretarako, ereduak identifikatzeko eta giza portaerak iragartzeko teknikak erabiltzen dira batez ere, gaixotasunak prebenitzen edo bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Datu iturri heterogeneoak erabiltzen dira, Big Dataren paradigmari jarraituta, eta historia medikoa, datu pertsonalak edo inguruneko datuak dira horren adibide batzuk.
Sistema Adimendunak Fabrikazio Aurreraturako
Fabrikazio prozesuei adimen handiago ematea, fabrikazio prozesuetako fabrikazio akatsak monitorizatzea eta iragartzea (big data streaming teknikekin eta algoritmo prediktiboekin denborazko segidetan) eta fabrikazio elementuen mantentze lan proaktiborako teknikak (root cause analysis, remaining useful life identification eta optimizazio teknikekin) dira taldeak lantzen dituen gaiak. Fabrikazio elementuetan, CNCan edo PLCn instalatutako sentsoreek zuzenean ematen dituzten datuak erabiltzen dira. Hori dena modu malguan eta pertsonalizatuan eta iraunkortasun irizpideen menpe fabrikatu ahal izateko.
Lan eta doktoretza eskaintzak
Ezagutu Mondragon Unibertsitateko lan eta tesi eskaintzak, agian zure intereseko posturen bat dugu.