Hizkuntza politika
Fakultateko hizkuntza politikaren oinarriak
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean euskara daukagu hizkuntza nagusitzat lanerako, ikasteko eta fakultatean jarduteko. Gainera, euskara biziberritzeko prozesuan eragile izateko erabaki sendoa hartuta daukagu.
Euskal kultura eta hizkuntza oinarri izanik, mundu zabalari begira ikuspegi eleaniztun eta kulturaniztunarekin jarduteko nahia daukagu gure aktibitateetan.
Hala, bada, Euskal Herriko eremura zuzenduriko proiektu eta eskaintzak euskaraz eskaintzeko konpromisoa hartu dugu eta beste hizkuntzak baliatzen ditugu gure egresatuen garapen profesionala osatzeko edota gure proiektua beste testuinguru edo hartzaile batzuei helarazteko.
Horretarako, estatutu sozialetan jasota dugu euskara dela gure lan- eta erabilera- hizkuntza nagusia. Hori bermatzeko baldintzak zaintzen ditugu. Hizkuntza Politika Batzordearen eskutik lantzen, garatzen eta ebaluatzen dira, esaterako, erakundeko hizkuntzen erabilerari dagozkion alderdiak.
Adibidez, eremu akademikoan Hezkuntza Proiektuak eta Hizkuntza proiektuak eskaintzen dute testuingurua. Horren baitan lantzen ditugu alderdi kultural, soziolinguistiko eta linguistikoak modu esplizituan. Lanketa horiek egiteko, estrategia askotarikoak aktibatzen dira graduetan, hala nola hizkuntza tutoretza plana, modulu espezifikoak ingelesez, soziolinguistikaren lanketarako moduluak, euskara gaitasuna hobetzeko ikastaroak…
Bizitza unibertsitarioan ikasleekin batera garatzen diren ekimenek ere merezi dute aipamenik. Ikasleak eragile izan daitezela bultzatzen dugu, eta, hala, euskara eta euskal kultura sustatzeko askotariko ekimenak egiten dira fakultatean, eremu akademikoarekin lotutakoak batzuk, eta ikasleek euren kabuz proposatu eta gauzatuak beste batzuk.
Ikerketaren, transferentziaren edota etengabeko prestakuntzaren kasuan, aldiz, baldintzatzaileak aztertuta erabakitzen dugu eskaintza, proiektu edo egiteko bakoitzean garatu beharreko hizkuntza politika.
Egiteko moduetatik harago, ezagutza ere sortzen ari gara eleaniztasunaren, kulturartekotasunaren edota euskararen eta euskal kulturaren inguruan, egindako lana zabaltzen baitugu, izan euskal testuinguruan, izan nazioartean.