Nor garen

PRESTAKUNTZA, IKERKETA, GARAPENA ETA BERRIKUNTZA

Mondragon Goi Eskola Politeknikoa Jose Maria Arizmendiarrieta, S.Coop. Mondragon Korporazioko eta Mondragon Unibertsitateko kooperatiba da. Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatea gara (GEP-MU) eta hezkuntza-proposamen fidagarri eta kalitatezkoa eskaintzen dugu, abangoardiako instalazioak dituena, teknologikoki aurreratuak eta etorkizuneko aldaketei aurrea hartzeko gaitasuna duena. Pertsonen etorkizunarekin konprometituta gaude eta tokiko lotura nazioarteko ikuspegiarekin orekatzen duen irismen luzeko begirada dugu. Joerak identifikatzen ditugu, etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, eredu arin eta aurreratu baten bidez. Gure jarduera nagusiak prestakuntza, ikerketa, transferentzia eta ekintzailetza dira teknologiaren esparru ugaritan, eta enpresen eta erakundeen lehiakortasun-posizioa hobetzen laguntzen dugu.

Historia

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak 1943an ekin zion irakaskuntzari. Jarduera horren sustatzailea On Jose Mª Arizmendiarrieta izan zen, Mondragon kooperatiba-esperientziaren sortzailea. Ordutik, Eskola etengabe hazi da, eta makina bat enpresa-esperientzia berritzaile sortzen lagundu du.

Eskolaren historiako une garrantzitsu bat ULGOR Kooperatiba Elkartearen sorrera dugu, kooperatiba-mugimenduko lehen industria-kooperatiba izan baitzen. ULGOR, gaur egungo FAGOR, 1956an sortu zuten bost ingeniari teknikok.

Ildo horretan, ALECOP industria-kooperatibaren sorrera ere nabarmendu behar da. 1966an hasi zen ekinean, ikasleei ikasketak eta lana bateratzeko aukera eskaintzeko nahiak eraginda. FAGOReko bazkide da, hain zuzen.

Beste alderdi batzuei dagokienez, 1972an bultzada handia eman zitzaion nazioartean zabaltzeko asmoari, Eskolak lehen harremanak finkatu baitzituen atzerriko unibertsitateekin. Horretaz gain, 1986tik, partaidetza aktiboa izan du nazioarteko Heziketa eta Ikerketa eta Garapen Proiektu ugaritan.

1974an IKERLAN Ikerketa Zentroa sortu zen, gaur egun 350 pertsona baino gehiago ditu ikerketan eta Espainiako abangoardiako zentro teknologikoetako bat da.

1983an, Gizabidea Irakasle Pribatuen Fundazioa sortu zen, José Mª Arizmendiarrieta jaunaren hil ondorengo lana, eta haren tutoretzapean jarri ziren eskolako eraikinak.

Eskolaren partaidetza aktiboari esker, gizarte- eta enpresa-ekimenak erruz abiarazi dira azken hiru hamarkadetan: besteak beste, DIARA enpresa, industria-diseinuaren arloko aitzindaria (1985ean) eta hainbat ikastetxe.

1995ean, Goi Eskola Politeknikoari ER353/ 1/95 ISO kalitate-agiria eman zioten. Agiri hori lortu zuen Espainiako lehen unibertsitatea, eta Europako lehenengoetakoa, izan zen.

1996an, CEI-SAIOLAN enpresa eratu zen, sektore aurreratuetan enpresa berriak irekitzen laguntzeko. Dena den, 1984tik horretan zebiltzan jadanik, eta emaitza onak ari ziren lortzen.

Azkenik, 1997an, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Mondragon Unibertsitatea eratu zuen, Debagoieneko beste bi unibertsitaterekin batera: Oñatiko ETEO Koop. E.rekin eta Eskoriatzako Irakasle Eskola Koop. E.rekin batera, hain zuzen. Gaur egun, aipatutako bi unibertsitateak ENPRESAGINTZA eta HUHEZI dira, hurrenez hurren.

2008an, ingeniaritza-ikasketak Europako Goi Mailako Hezkuntza eremura egokitu zituen EAEko lehen unibertsitatea izan zen.

2010eko ekainean, MGEPk ebaluazio positiboa jaso zuen unibertsitate-prestakuntzaren Barne Kalitatea Bermatzeko Sistemen garapenerako eta diseinurako AUDIT programaren eskutik.

2010eko irailean, MGEPk Elektronikan eta Txertatutako Sistemetan Ikerkuntza eta Berrikuntza Teknologikoko Zentroa inauguratu zuen, Garaia Berrikuntza Gunean. Zentroak elektronikaren, informatikaren eta telekomunikazioen arloko ikerkuntza eta prestakuntza barne hartzen ditu.

2013ko irailean, MU-EPS-ek Orona Ideorekin batera martxan jarri zuen kanpus berria Donostialdean, Orona Fundazioaren eraikuntzan.

2014ko uztailean, AUDIT ziurtagiria lortu zuen UNIBASQ eta ANECA-ren ebaluazioaren ondoren.

2014-2015 urteetan, D. José Mª Arizmendiarrietaren jaiotzaren 100 urteurrena ospatu zuen.

2017-2018 ikasturtean, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren sorreraren 75. urteurrena ospatu zen.

2020-2021 ikasturtean Bilbon izango da, Zorrotzaurreko campusean.

GOI ESKOLA POLITEKNIKOAREN OSAERA

Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MGEP) kooperatiba mistoa da, eta hiru bazkide mota ditu, kopuru berean:

• Lan-bazkideak.

• Bazkide erabiltzaileak (ikasleak).

• Bazkide kolaboratzaileak (enpresak eta Administrazioa).

Batzar Nagusian (erabakiak hartzen dituen organo gorenean) eta Kontseilu Errektorean (jardueraildoak finkatzen dituen organoan), hiru bazkide multzoek ordezkaritza bera dute. Egitura horri esker, ikasleek eta enpresek zentroaren kudeaketan zuzenean har dezakete parte.

GEP-MUren eginkizun nagusia industria-ingurunearen araberako lanbide-profilak prestatzea dela kontuan hartuta, izaera juridikoa (kooperatiba mistoa) funtsezkoa izan da, etengabe eraldatzeko eta kanpo-eskarietara egokitzeko. Izan ere, kooperatiba mistoa denez, enpresa-mundua eta, gure kasuan, kooperatibena uztartzen ditu.

Era berean, enpresa barrutik bizi dugu, prestakuntza garapen pertsonalarekin eta profesionalarekin uztartzen duen prestakuntza-proposamen batekin. Gure garapen osoan prestakuntza duala sustatu dugu ALECOP ereduaren bidez (ikasketa-lana), eta gradu eta master amaierako proiektuak egin ditugu unibertsitatearen beraren ikerketa-enpresa edo -proiektuetan.

Nabarmentzekoa da, halaber, GEP-MUko irakasleen estatus soziolaborala industria-kooperatiba bateko profesional baten parekoa dela. Zehazki, lan-egutegia, ordutegia, ordainsaria eta langileen sustapena baliokideak dira.

Hauek dira GEP-MUren berezko jarduerak, haren estiloa eta konpromisoa adierazten dutenak eta hezkuntza-berrikuntzaren eragile izan direnak:

Ingeniaritza

GEP-MUko ingeniarien trebakuntzaren eta arrakasta profesionalaren oinarriak honako hauek dira: ikasketen zorroztasuna eta maila, enpresetan praktikak egiteko aukera eskaintzen duen bitariko sistema, karrera-amaierako proiektua, internazionalizazioa, eta talde-lana ezaugarri duen kooperatiba-izaera. Gaur egun, Ingeniaritzako espezialitateetan, MGEPek graduko ia 2.000 ikasle, masterreko 400 baino gehiago eta doktoregoko ia 150 ditu.

Heziketa zikloa

Behar besteko oinarri teorikoa dutela, ikasleak bertako tailerretan trebatzen dira, ikasketa praktikoak eginez. Makinaria eta tresna modernoak erabiltzen dituzte, industria-inguruneko puntako enpresetakoen parekoak. Horrela, lan-munduan zuzenean sartzeko aukera izaten dute. MGEPek Goi Mailako Heziketa Zikloko 5 titulazio eskaintzen ditu, guztiak orientazio industrialekoak, guztira 250 ikasle baino gehiagorekin.

Ikerketa eta transferentzia (I+T)

GEP-MUk erdibana orekatzen saiatzen da ikerketa orokorreko jarduera eta transferentziakoa (I+T), azken hori batez ere enpresekin kontratutako proiektuetan garatzen baita.

Gure ikerkuntza-ereduak zientzia-bikaintasun maila du helburu, baina betiere gure enpresen epe ertain eta luzerako beharrekin bat eginaz. Enpresekin batera elkarlanerako eredua lantzen dugu, eta konfiantzaren eta helburu bateratuen bidez baliabideen eraginkortasuna areagotzen dugu. GEP-MUn, I+T talde bakoitzak trebakuntzarako eta ezagutza sortzeko proiektuak jartzen ditu abian, gure inguruko eta jardun-arloko enpresen beharrei aurrea hartzeko. Enpresa horiei, transferentzia-proiektuen bidez, haien lehiakortasun-posizioa hobetzen laguntzen diegu.

Etengabeko prestakuntza

Etengabeko prestakuntzak funtsezko eginkizuna du GEP-MUren sorreratik. Profesional teknikoen prestakuntza teknologikoaren birkualifikazio-beharrak bete nahi ditu, eta zeharkako prestakuntzatik hasi eta pilula eta ikastaro motzetatik graduondoko programetaraino (masterrak, adituak eta ikastaro aurreratuak) biltzen duen ibilbidea betetzen du.

Nazioartekotzea

Mondragon Unibertsitatearen iritziz, nazioarteko loturak ikasketen eta ikerketaren kalitatea handitzeaz gain, ikasleen aukerak gehitzen eta aberasten ditu.

MUk Europako honako programa hauetan parte hartzen du: batetik, mugikortasun-programetan (Socrates/Erasmus, Lengua, Comenius); bestetik, atzerriko unibertsitateetan ikasketak egitea onartzen duten programetan (European Credit Transfer System, ECTS); eta, azkenik, enpresetan praktikak egiteko programetan (Leonardo) eta Ekialdeko (Tempos) eta Latinoamerikako (Alfa) herrialdeekiko lankidetza-programetan. Europar Batasunak abiarazi dituen ikerketa-programetan ere parte hartzen du, bereziki Raw Materials EITn eta Manufacturing EITn.