BATERATZEN proiektua
BATERATZEN proiektua
- Bateratzen.net: webgunean, proiektuari buruzko informazio orokorra aurkitu daiteke: zer den, zer eskaintzen duen eta zer tresna dauden. Enpresei hausnarketa-prozesuan laguntzen dien simulazio/jolas sorta bat du.
- Power BI: esteka honetan txosten bat jasotzen da, Power Business Intelligence formatuan dauden zenbait atal biltzen dituena. Bertan labur-labur azaltzen dira Bateratzen ekimena, datu base sektoreanitza eta longitudinala, eta urteetan zehar pertsonen ongizatearekin eta erakundeen errendimenduarekin lotutako aldagaien eta metriken arteko erlazioa ikerturik ondorioztatu diren jakintzak.
Ikerketa-esparrua
Ezagutzaren gizartean bizi gara, eta garapen ekonomikoa jakintza eta ezagutza berriak ikastearekin lotuta dago gero eta gehiago. Testuinguru horretan, gero eta garrantzi estrategiko handiagoa du kapital ukiezinak. Teknologia berrien potentzialtasuna ustiatzeko gai diren langileak behar dira. Egun, ekoizpen-prozesuan ezinbestekoa bihurtu da giza adimena. Zehazki, adiera zabalenean egiten diogu erreferentzia adimenari: gaitasun kognitiboez harago, emozioak, motibazioa eta borondatea ere barne haturik. Jarduera profesionala garatu ahal izateko, bada, giza izaeraren alderdi guztiak dira beharrezkoak. Azken batean, langileak etengabe eraldatzeko, enpresaren helburuekin identifikatzeko eta erantzunkidetasunez jarduteko gai izatea espero da. Hortaz, langileei lanbidean garatu ahal izateko aukera ematen dieten lan-inguruneak sortzean datza erronka. Izan ere, horrela bermatuko da haien ekarpenarekin erakunde moldagarriak sortuko direla; hau da, egungoaren moduko jokaleku ziurgabe eta aldakorretara egokitzeko gai direnak.
Ondorioz, negozio-estrategia aldatu beharko dute Gipuzkoako enpresek, eta ikuspegia ere aldatu behar dute, aktibo ukiezinak azpimarratzeko: giza kapitala eta kapital soziala. Enpresetan aldaketa hori egiteko, ezinbestekoa izango da erakundeko kide guztiek beren rola aldatzea: aurrerapauso hori emateko, ikaskuntza eta talentuaren garapena izango dira estrategikoak. Gutxi gorabehera modu pasiboan eta denboran zehar egonkorrak diren lanetan aritu izan diren langileek ikaskuntza-dinamika etengabeak onartu beharko dituzte, malguagoak izateko eta balio erantsiaren estrategia errealitate bihurtzeko. Horrek aldaketa nabarmena dakar erakundeko kideak kudeatzeko garaian. Hain zuzen ere, enpresak ingurune kultural, teknologiko eta fisikoan oinarritutako esperientzia bat diseinatu eta sortu beharko du, kideek lanera joan nahi izateko eta erakundearekin identifikatuta sentitzeko.
Helburua
Gaur-gaurkoz, oso gabezia garrantzitsuak daude aldaketari arrakastaz ekiteko moduan; izan ere, jakintza enpiriko egiaztatuari jarraitu ordez, praktikan intuizio eta moda iragankorrek gidatu dute enpresetako pertsonen kudeaketa. Ez dago tresnarik edo aukerarik, pertsonek beren bizitza pertsonalean eta lanbidean zer etorkizun izango duten zirriborratzeko eta bizi artean gaitasunak etengabe eguneratzeko. Gainera, alde handia dago gauzak ongi egiten dituzten eta hobeto egin ditzaketen enpresen artean. Hortaz, datu enpirikoetan oinarrituta, jakintzak/zientzia eta tresnak proportzionatu nahi dizkie Bateratzen proiektuak enpresei, etorkizunerako lan-testuinguru mesedegarriak garatu ahal izan ditzaten.
Parte-hartzaileak
Gipuzkoako lau unibertsitatetako sei fakultatek osatutako lantalde bat eratu da: MGEP, MIK eta Lanki (MU), EHUko Psikologia Fakultatea, Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutua, eta Tecnun Ingeniaritza Eskola. Lantaldeak askotariko jakintza-alorrak biltzen ditu: industria eta ingeniaritza (MGEP), laneko eta erakundeen psikologia (EHUko Psikologia Fakultatea), lurraldeko lehiakortasuna (Orkestra), balio kooperatiboen kudeaketa (Lanki) eta enpresa-zientziak (MIK). Alor horiek guztiak uztartuta, enpresen premia bereziei erantzuten die (AFM – Makina Erremintako Elkartearen eta Mondragon Humanity at Worken subkontratazioak ordezkatuta). Beraz, bi eremutako erronkei erantzuten die lantaldeak: batetik, enpresako ezarpena (Mondragon korporazioak eta AFMk ordezkatuta) eta, bestetik, ezagutzaren sorkuntza (unibertsitateek ordezkatuta).
Eskura dauden baliabideak
Bateratzen proiektua 10 urtez egon da garapen-bidean, 2009. urtean lehen edizioa egin zenetik. Jarraian, sortutako materiala eta ezagutzak ikusteko aukera ematen duten zenbait baliabide jaso dira, guztion eskura daudenak.