Mondragon Unibertsitateak UniverCity nazioarteko mintegia antolatu du hiri-trantsizio jasangarriei buruz eztabaidatzeko
Mondragon Unibertsitateak UniverCity nazioarteko mintegia antolatu du hiri-trantsizio jasangarriei buruz eztabaidatzeko
Mondragon Unibertsitateak UniverCity nazioarteko mintegia antolatu du hiri-trantsizio jasangarriei buruz eztabaidatzeko
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak UniverCity mintegiaren hirugarren edizioa antolatu du. Nazioarteko mintegi horren helburua da agerian jartzea ikerketak eta hezkuntzak hiri-trantsizio demokratiko eta jasangarria lortzeko duten zeregina.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak UniverCity mintegiaren hirugarren edizioa antolatu du. Ikerketak eta hezkuntzak gizarte-zientzietan eta humanitateetan duten zeregina eta hiri-trantsizio jasangarriak lortzeko egiten duten ekarpena izan dira aurtengo ardatzak. Ekitaldia abenduaren 14an eta 15ean egin da, Bilbao AS Fabrik campusean, eta aditu hauek izan dira bertan, besteak beste: John Andersen (Roskilde University), Neda Aramipour (University of Groningen), Susan Wright (Aarhus University), Igor Calzada (Cardiff University) eta Nagore Ipiña eta Aitor Zuberogoitia (Mondragon Unibertsitatea).
UniverCity mintegiaren hirugarren edizioak aldaketa sozial demokratikora bideratutako ikerketa eta hezkuntza izan ditu ardatz. Parte-hartzaileek hiri- eta gizarte-eraldaketaren hainbat adibide aurkeztu dituzte, eta nagusiki bi gai jorratu: ikerketak eta hezkuntzak gizarte-zientzietan eta humanitateetan zer-nolako zeregina duten, eta nola laguntzen duten inplikatutako alderdien arteko elkarketa eta lankidetza ulertzen eta bideratzen. Gainera, sakonean aztertu dute ikerketak eta hezkuntzak aldaketa sozial demokratikoan, lankidetza jasangarrian eta hiri-trantsizioetan egiten duten ekarpena.
Mintegiaren antolatzaileen aburuz, hiri-eraldaketako prozesuak funtsezkoak dira gure garaiko gizarte-erronka handiei aurre egiteko. Ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuna da hiri-eraldaketa horiei buruzko kezka nagusia. Horrez gain, askotariko pertsonek eta gizarte-eragileek lankidetzarako duten gaitasunaren mende dago hiri-trantsizioen jasangarritasuna. Mintegi honekin, Mondragon Unibertsitateak hainbat eragile akademiko eta sozialen arteko lankidetza bultzatu nahi du, hiriarekiko eta hirirako ikerketa eta hezkuntza elkarrekin jorra ditzaten.
Jardunaldia Txema Egaña Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak aurkeztu du. Etorri izana eskertu die nazioarteko ikasle eta ikertzaileei, eta unibertsitateak hiri-eraldaketei buruzko ikerketan duen garrantzia azpimarratu du. Aurkezpenak egin ondoren, parte-hartzaileek zenbait ikerketa- eta eraldaketa-esperientzia partekatu dituzte.
Neda Aramipour ikertzaileak Groningeneko Unibertsitatean erabilitako metodologia azaldu du; haurrei eragiten dieten arazoak identifikatzea eta gizarte-berrikuntzaren bidez irtenbideak proposatzea du helburu metodologia horrek. Bestalde, Roskilde Universityko John Andersenek ondorioztatu duenez, «hirian eta gizartean inplikatuta dauden alderdien etengabeko konpromisoari eta elkarlaneko sorkuntzari esker gauza daitezke gizarte-berrikuntza, herritarren ahalduntzea eta plangintza parte-hartzailea».
Bestalde, Colan Mehaffeyk, Cardiffeko Hiriburuko Eskualdeko Berrikuntza Digitaleko arduradunak, hiriak eta komunitateak hazteko gakoetako bat eman du: berrikuntza. Horretarako, eskualde horretan 16 ikerketa-zentro baino gehiago daude, eta 350 pertsona aritzen dira 3 unibertsitatetan eta 12 ikastetxetan.
Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak azaldu duenez, unibertsitatea Zorrotzaurren egotea ez da kasualitatea. «Hiriaren eraldaketarekin konpromisoa hartu nahi genuen, baztertutako industria-gune horrekin batik bat. AS Fabrik campus bat baino gehiago da, eraldaketa-proiektu bat da, hiriko hainbat erakunde, administrazio publiko eta gizarte-eragilerekin lankidetzan diharduena». Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak nabarmendu duenez, ikasleak gizarte-eraldaketaren eragile aktiboak izatea sustatu nahi du Mondragon Unibertsitateak.
Aarhus Universityko Susan Wrighten hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari. Jardunaldian landutako gaiak errepasatu ditu ikertzaileak, eta unibertsitateak eta Zorrotzaurreko inguruneak UniverCityren lehen ediziotik (2019kotik) lortutako aurrerapenei buruz hausnartu du.