Manu Centeno Telleria ikasleak BIKAIN CUM LAUDE kalifikazioa lortu zuen Nazioarteko Doktoretza aipamenarekin

Atzealdea

Manu Centeno Telleria ikasleak BIKAIN CUM LAUDE kalifikazioa lortu zuen Nazioarteko Doktoretza aipamenarekin

TESIA

Manu Centeno Telleria ikasleak BIKAIN CUM LAUDE kalifikazioa lortu zuen Nazioarteko Doktoretza aipamenarekin

2025·02·21

$titulo.getData()


  • Tesi titulua: Supporting Strategic Decision-Making in Floating Offshore Wind Farms through a Computationally Efficient O&M-aware Techno-Economic Model

Epaimahaia:

  • Lehendakaritza: Jens Nørkær Sørensen (Technical University of Denmark)
  • Bokala: Sofia Koukoura (Scottish Power)
  • Bokala: Anna Garcia-Teruel (RWE)
  • Bokala: Raúl Guanche Garcia (IH Cantabria)
  • Idazkaritza: Yerai Peña Sanchez (Mondragon Unibertsitatea)

Laburpena:

Itsas zabalean eta eskala handian parke eoliko flotatzaileak eraikitzea funtsezkoa da mundu mailako trantsizio energetikoa lortzeko. Horretarako, ordea, teknologia horren lehiakortasuna hobetu eta merkaturatzea sustatu behar dira. Prozesu horretan, parke eolikoen bizitza-zikloa karakterizatzen duten modelo tekno-ekonomikoek, parke horien garapenaren eta kudeaketaren erabaki estrategikoak hartzea erraz dezakete. Ildo horretan, parke eolikoen operazio eta mantentze (O&M) lanak xehetasunez karakterizatzea beharrezkoa da: batetik, parke eoliko flotatzaileen kostuan O&M lanek izango duten inpaktua esanguratsua izatea espero delako; bestetik, erabaki estrategikoak hartzerako unean O&M lanek sortzen dituzten ziurgabetasunak handiak direlako, batik bat, parke horiekiko egungo esperientzia mugatua delako.

Erabaki estrategikoen artean, garrantzitsuenetako bat, parke eoliko flotatzaileen lekua ondo identifikatzea eta hautatzea da, horrek parke eolikoaren O&M fasea eta proiektuaren errentagarritasun ekonomikoa erabat baldintzatzen dituelako. Eragin handiko beste erabaki estrategiko batzuk, portuak, O&M itsas flota, mantentze estrategiak eta kontratuak definitzea dira. Ildo horretan, modelo tekno-ekonomikoaren bidez egindako sentsibilitate analisiek eta azterketa geospazialek erabaki estrategiko guzti horiek hartzen lagundu dezakete.

Analisi horiek egiteko, modelo tekno-ekonomiko batek honako baldintza hauek bete behar ditu: (i) parke eolikoaren bizi-zikloa karakterizatzea, proiektuaren garapen-faseak, fabrikazioa, instalazioa, O&M eta dekomisioa barne; (ii) fidagarritasuna, mantengarritasuna, irisgarritasuna eta erabilgarritasuna kontuan hartzea; eta (iii) modeloak konputazio-denbora baxua izatea analisi guztiak azkar egiteko. Aipatutako baldintzen arabera, literaturan aurkeztutako modelo tekno-ekonomikoek ez dituzte hiru baldintza horiek betetzen.

Testuinguru horretan, doktore-tesi honen ekarpen nagusia modelo tekno-ekonomiko bat garatzea da, bizi-zikloaren ikuspegia integratzen duena, O&M lanei lotutako aspektu ezberdinak xehetasunez aintzat hartzen dituena eta azkartasun konputazionala duena. Bestalde, doktore-tesi honetan garatutako modelo tekno-ekonomikoarekin egindako analisiak medio, O&M lanen inguruko ekarpen kuantitatibo eta kualitatiboak egin dira. Aipatutako analisiak, parke eoliko flotatzaileak garatzeko eremu interesgarrietan egin dira, hala nola, Ipar Itsasoan eta Iberiar Penintsulan.

Turbinetan akatsak saihesteko gaitasunaren arabera, emaitzek erakusten dute parke eolikoen gastu operatiboek (OpEx), turbinen jarduerarik gabeko denborak eta energiaren kostu nibelatuak (LCoE) Aldaketa esanguratsuak izan ditzaketela. Horri lotuta, parke eoliko flotatzaileetan, OpEx pisua LCoEn %20-30 izateko, beharrezkoa da mantentze-estrategia funtsean prebentiboa izatea.

Era berean, doktore-tesiak nabarmentzen du parkeen kokalekuak identifikatzean eta hautatzean O&M-ri lotutako aspektuak zehatz-mehatz kontuan hartzea berebiziko garrantzia duela eta horien artean, turbinaren erabilgarritasuna garrantzitsuenetakoa da. Ildo beretik, Mediterraneo Itsasoa parke flotatzaileak eraikitzeko gune egokitzat jotzen da, bertan, itsas olatuen baldintzak mantentze-lanetarako aproposak direlako.

Azkenik, doktore-tesian frogatzen da, itsas zabaleko mantentze-lan astunek, portuan egindako mantentze lanekin alderatuta, turbinaren erabilgarritasuna handitzeko gaitasuna dutela. Hala eta guztiz ere, itsas zabalean mantentze-lan astunak egiteko olatuaren taimanari lotutako muga operatiboa 1.5 m-tik gorakoa izatea gomendatzen da.