Maiatzaren 8an, Euskal Kulturaren Eragiletzan masterraren jardunaldiaren bigarren edizioa, Eskoriatzako campusean

Atzealdea

Maiatzaren 8an, Euskal Kulturaren Eragiletzan masterraren jardunaldiaren bigarren edizioa, Eskoriatzako campusean

Jardunaldia

Maiatzaren 8an, Euskal Kulturaren Eragiletzan masterraren jardunaldiaren bigarren edizioa, Eskoriatzako campusean

“Sasi guztien artetik” lelopean antolatutako jardunaldian, parte hartuko dute Josu Martinez ‘Bizkarsoro’ filmaren zuzendariak, Xabier Irujo historialariak eta Alaitz Aizpuru filosofoak.

2024·04·08

$titulo.getData()


2024ko maiatzaren 8an, Euskal Kulturaren Eragiletzan masterraren 2. jardunaldia antolatuko du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Sasi guztien artetik lelopean, puntako hiru hizlarik hartuko dute parte Eskoriatzako campusean egingo den jardunaldian: Josu Martinez zinema zuzendariak, Xabier Irujo historialariak eta Alaitz Aizpuru filosofoak. Ekitaldia 16:00etan hasiko da eta 18:30ak arte luzatuko da. Jardunaldia irekia da baina, interesatuek aldez aurretik izena eman beharko dute.

EGITARAUA

  • 16:00. Sarrera
  • 16:10. Josu Martinez. Atzerakoia, txokoan bizitzeko gogoa.
  • 16:45. Xabier Irujo. Genozidioa: linguizidioaren habia.
  • 17:35. Alaitz Aizpuru. Mundu propio bat.
  • 18:15. Bukaera

HIZLARIAK

Josu Martinez. Zinema zuzendaria

Josu Martinezek dozena bat film zuzendu ditu, fikzioan, zein dokumentalean, beti euskaratik eta usu kultur memoriarekin lotutako gaiei buruz. Berriki, Bizkarsoro filma zuzendu du, eta herriz herri aurkezten ari dira. Bere esperientziatik abiatuta, zineman euskarak dituen aurreiritzi, aje eta erronkez ariko da.

 

Xabier Irujo. Historialaria

Linguizidioak, hizkuntzaren desagertzeak, nortasun, kultura eta historia ohiturak galtzea ekar dezake, eta horrek gizartean ezintasunak eta gatazkak sortzen ditu. Hizkuntzaren desagertzea genozidioaren espresio da. Hizkuntzen desagertzea mundu osoko herrietan gertatzen ari den arazoa da, eta kasu gehienetan hizkuntza hegemoniaren indarkeria kulturala da hizkuntzen galeraren arrazoi nagusia. Linguizidioak genozidioan du habia.

 

Alaitz Aizpuru. Filosofoa

Hizkuntza debekatua gizatasun debekatua da. Horren aurrean, “Mundu propio bat behar dugu”, zioten Joxe Azurmendik eta 1956ko belaunaldikoek. Alaitz Aizpuruk 1956ko belaunaldia aipatuko du erresistentzia eta biziberritzearen adibide gisa. Gaur egungo eta etorkizuneko egoerari egingo dio keinu, oraindik eta berriz, eta etorkizunean ere, euskaldunok “Mundu propio bat eraiki behar dugunaren garrantzia” azpimarratuz, globalizazioaren erdian bizi dugun higatze kultural neurrigabeari eutsiko badiogu. Zenbait gogoeta egingo ditu “mundu propio” horren zergatiaz, zertarakoaz eta nolakotasunaz.

 

Maiatzaren 8koa izango da jardunaldi honen bigarren edizioa. Lehenengo edizioan, 2023ko apirilean egindakoan, parte hartu zuten Joseba Sarrionandia idazleak, Olaia Inziarte kantariak, Oihana Iguaran bertsolariak eta Mattin Irigoien antzerki idazleak.