Faktore ordezkaezin hori

Atzealdea

Faktore ordezkaezin hori

Faktore ordezkaezin hori

Aitor Zuberogoitia eta Beñat Flores

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ikertzaile eta Irakasleak


2021·10·13

$titulo.getData()


El Correo egunkarian argitaratutako iritzi artikuluaren euskarazko bertsioa


Aro modernoan, gure garapen-eredua sekula ez da izan orain bezain zalantzazkoa. Pandemiak agerian utzi ditu eredu horren lokatzezko oinarriak, eta seguruak ziren gauzak ahuldu eta josturak askatu dira. Ez da eztabaida berria: ekainean, 30 urte bete ziren Rioko Gailurra egin zenetik. Gailur hartan, Klima Aldaketarako Nazio Batuen Esparru Hitzarmena adostu zen. Orduz geroztik, beste COP batzuk ere izan dira: COP1, Berlinen, 1995ean; COP3 (han sortu zen Kyotoko Protokoloa); COP21 (Parisko Akordioa abiarazi zuten); eta COP26, joan den udazkenean, Glasgown. Azken gailur horretan, ia inor ez zen pozik geratu, eta denbora amaitzen ari zaigulako sentipena areagotu zen. 

Bien bitartean, sumatzen hasiak dira gertaeren inertzia geldiarazten saiatzen diren mugimendu txiki batzuk: 2019ko abenduan, Europako Batzordeak Europako Itun Berdea onartu zuen; bankuek, eraikuntza-sektoreak eta energia-enpresek txalotu egin zuten, baina talde ekologistek, aldiz, gutxiegitzat jo zuten. Ondoren, New European Bauhaus ekimena sortu zen, duela urte bat, Europako Green Deal-a izan nahian. Haren bidez, hiri jasangarri eta inklusiboagoak lortu nahi dira, lokala eta globala uztartuz, transdiziplinazkotasuna, parte-hartzea, eraldaketa interkonektatuak eta mentalitate- eta ikuspegi-aldaketak bultzatuz, eta esanahi berriak sortuz

Ekimenak orotariko erreakzioak eragin ditu, eta batzuek diote greenwashing-erako estrategia bat besterik ez dela, hau da, aurpegi-garbiketa berde bat. Nolanahi ere, interesgarriena zera da, garbi dagoela lehenbailehen diseinatu behar direla funtzionatzeko eta gizarte gisa antolatzeko modu berriak. Eztabaida honen alderdi gakoetako bat automatizazioaren funtzioa, lanaren etorkizuna eta pertsonek agertoki horretan izango duten rola dira: aldaketa disruptiboak egongo dira lan-munduan, batik bat digitalizazioaren eta trantsizio berdearen eraginez, eta horrek lan-sistemak egokitzeko funtsezko eraldaketak ekarriko ditu, eta beharrezkoak izango da berrikuntza, ikaskuntza eta testuinguru berriaren babes soziala lantzea.

Duela urtebete pasatxo, Mondragon Unibertsitatearen LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiaren argitalpen batean ondorioztatu zen ezen produktu eta zerbitzu jasangarriek, digitalizazioak eta mugikortasunak garrantzi berezia izango dutela lurraldeko industriaren etorkizunean, eta halaber azpimarratu zen elementu ukiezinek (nola antolatzen den enpresa bakoitza eta zer harreman duen ingurunearekin) balio handia dutela, hobetzeko arlorik agerikoenak diren heinean.

Marc Vidalek, bestalde, bosgarren industria-iraultza bat aurreikusten du epe motzean: fabrikak konektatuta egongo dira, «makinak logistikaren eta efizientziaren ikuspegitik pentsatuko du», eta «ia ez da beharrezkoa izango gizakiak inongo ekarpenik egitea». Vidalek, dena den, zehaztu du badela kontu estrategiko bat gure seme-alabak sekula gaindituko ez dituena: haien gizatasuna, bereziki dimentsio emozionala, sormenarena, harremanena, eta «sozialki egituratzeko ahalmena, gizakiarena soilik den ezagutza areagotuz». 

Duela gutxi, hizpidera ekarri genituen 4.0 industriak berekin ekarriko zituen aldaketak, eta jada 5.0 aroan gaude, eta horrek lurrun-makinek XVIII. mendean ekarri zuten astinduaren antzekoa ekarriko du. Gauzen Internetek eta robotikak eragindako interkonexio totalaren garaia izango da: bizitza gero eta gehiago kontzentratuko da hirietan (horregatik, New European Bauhausek zehazten duen bezala, hiriguneetarako diseinu soziala lehentasunezko gaia da); ekoizpen-prozesuak asko azkartuko dira, pertsonen eta cobot-en arteko interakzioen eraginez, eta, ondorioz, fakturazio-prozesuak pertsonalizatuko dira (serieko ekoizpenaren garaian ez bezala).
Etorkizun hurbil horrek, dena den, ez du izango oinarri sendorik, baldin eta, batetik, planetaren muga gero eta agerikoagoak kontuan hartzen ez baditugu eta jasangarritasuna lehenesten ez badugu, eta, bestetik, mundu interkonektatu honetan lokalaren eta globalaren arteko bizikidetza eta dialektika behar bezala lantzen ez badugu.

Esaten da lan errepikakor eta automatikoa faktore alienatzaile bat dela; eszenatoki konplexu honetan, adimen artifizialaren esku utziko ditugu gero eta gehiago halako lanak, eta Vidalek «faktore gizatiarraren behar ezinbestekoa» deritzon hori balioetsiko da, hau da, gure dimentsio emozionala eta sormenarena, baita loturak sortzeko, taldeen lidergoa hartzeko eta estrategiak diseinatzeko gaitasunak ere, inoiz baino beharrezkoagoak baitira gaur egungo garai ziurgabean. Alegia, faktore ordezkaezin hori behar bezala elikatu eta sendotzeko garaia da, autoezagutzatik abiatu eta dimentsio globala zein digitala gure ikasketa-planen erdigunera ekarriz.