Industria Masterreko ikasleak Materialen Zientzia eta Teknologiako V. kongresuan

Atzealdea

Industria Masterreko ikasleak Materialen Zientzia eta Teknologiako V. kongresuan

KONGRESUA

Industria Masterreko ikasleak Materialen Zientzia eta Teknologiako V. kongresuan

Goi Eskola Politeknikoko ikerketa taldeetan lanean dabiltzan masterreko lau ikasle kongresura joan dira eta haietako batek lan zientifiko bat aurkeztu du.

2021·11·30

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Industria Ingeniaritza Unibertsitate Masterrak hainbat espezializazio aukera eskaintzen ditu eta horietako bat Materialak eta Fabrikazio Prozesuak da. Masterrean dabiltzan ikasle gehienek gainera, ikasketak lanarekin uztartzeko aukera izaten dute eta horietako batzuk Mondragon Unibertsitateko ikerketa lerroetan txertatzen dira hauek martxan dituzten proiektuetan parte hartuz.

Testuinguru honetan, materialetako espezialitatea egiten ari diren eta unibertsitateko ikerketa lerroetan kolaboratzen duten 1.mailako lau ikasle Materialen Zientzia eta Teknologia V. Kongresura joan dira. Horietako ikasle batek gainera, lan zientifiko bat aurkezteko aukera izan du, Oronaren proiektu baten baitan egindako lanaren emaitzak hain zuzen ere. Unibertsitateko irakasleek diotenez, “beraien espezialitateari buruzko ikerketak aurkezten dira kongresuan eta masterreko ikasleek ikerkuntzaren garrantzia eta errealitatea bizitzeko espazio egokia da”.

Kongresua Tecnalia eta Euskampusek antolatu dute aurten eta azaroak 29 eta 30ean ospatu da Bilbon.

Aurkeztutako lan zientifikoa

Nerea Barayazarra ikasleak Oronako igogailuen kableen degradazio klimatikoaren inguruko lana aurkeztu du. Honakoa da lanaren laburpena:

Igogailuak trakzionatzeko existitzen diren hainbat metodoen artean kable eta polea bidezko trakzio-sistema oso arrunta da. Trakzio-sistema honetan kablearen eta polearen arteko itsaspenak berebiziko garrantzia du, eta beraz, kontrolatuta eduki behar den faktorea da. Itsaspena marruskadura handiko sistema tribologikoetan lortzen da eta ondorioz, laborategi mailan esperimentazio tribologiko bidez aztertzen dugu.

Lan honetan, faktore klimatikoek, hala nola, tenperaturak, hezetasunak eta erradiazio ultramoreak kable eta polearen arteko itsaspenean duten eraginaren analisia egin da. Horretarako, bi hilabeteetan zehar kableak degradatu ditugu erradiazio ultramorea aplikatzen duen kamera klimatiko batean eta ondoren sistema tribologikoan izandako efektua aztertu dugu. Itsaspen fenomenoa neurtzeko igogailu bateko trakzio polea eta igogailuaren kabina eta kontrapisua lotzen dituen kablearen arteko kontaktua simulatzen dituen saiakuntza-banku bat erabili dugu. Emaitzek, sistema honek faktore klimatikoekiko duen sentsibilitatea erakutsi digute.

Eredu praktikoa eta industriatik gertu

Mondragon Unibertsitateko hezkuntza eredua oso praktikoa da eta industriaren beharrei erantzuna ematen oinarritzen da. Ikasleei horrelako kongresuetara joateko aukera ematea praktikotasun hori geletatik haratago aplikatzen denaren ebidentzia bat gehiago da.