Amaitu egin da FATECO ikerketa proiektua

Atzealdea

Amaitu egin da FATECO ikerketa proiektua

PROIEKTUA

Amaitu egin da FATECO ikerketa proiektua

Proiektuak automobilgintzako osagaien segurtasun estrukturala hobetzea izan du helburu, eta Europako Batzordearen babesa eta finantzaketa izan du, Research Fund Coal and Steel deialdiaren bidez.

2023·05·22

$titulo.getData()


Apirilaren amaieran FATECO ikerketa proiektuaren azken bilera egin zen. Automobilgintzako osagaien segurtasun estrukturala hobetzeko garatu da proiektua, eta, horretarako, akaberak egiteko prozesu berritzaileak eta ingurumenean inpaktu txikiagoa dutenak aplikatu dira. Abiadura kaxaren ardatzak eta engranajeak izan dira ikerketa lanaren ardatz, izan ere, ibilgailuetako osagaiek izan ohi dituzten akatsen %25ek transmisio piezekin zerikusia dute.

Ardatzek eta engranajeek bihurdura eta flexio karga eta karga biaxial handiak jasan behar dituzte. Karga horiek eragindako tentsio maila maximoa osagaiaren gainazalak jasaten du, eta, beraz, osagaiaren gainazalaren propietateek eragin handia dute osagaiaren portaera mekanikoan eta, batez ere, neke egoerako bizitza eta portaera tribologikoa izenez ezagutzen diren ezaugarrietan. Akaberako prozesuek osagaiaren gainazalean azkenean lortutako osotasunari eragiten diote (mikroegituretako kalteak, gainazaleko hondar tentsioak, gainazaleko topografia), eta prozesu horien ezaugarrietako bat da ebaketa eremuan tenperaturak gora egiten duela eta eremu hori hozteko ebaketa olioak edo ur eta olio emultsioak erabili behar direla ezinbestean.

FATECO lantaldeko kideek sakon aztertu dituzte zer ondorio dituzten hainbat hozgarri motak akaberako prozesu konbentzional eta berritzaileetan erabiltzen direnean, eta hozgarri horien erabilera murriztea lortu dute, eta, beraz, ingurumenean duten inpaktua murriztea ere lortu dute. Prozesu konbentzionaletan lortzen diren gainazalen osotasuna lortzea edo osotasun hori hobetzea ere lortu da, baita neke egoerako bizitza eta jokabide tribologikoa hobetzea ere.

Ikerketak, simulazioak eta probak egiten urte batzuk eman ondoren, Mondragon Unibertsitateko, Sidenorreko, EMAG-Samputensilliko, UNIBOko, ECL-ENISEko eta CRFko ikertzaileek osatutako lantaldeak fabrikazio prozesu alternatiboak identifikatu ditu. Etorkizunean osagaien azken errendimendua hobetu ahal izango duten prozesuak dira. Gainera, materialaren propietateen eta prozesuaren parametroen arabera osagaien portaera kalkulatu dezakeen Ikaskuntza Automatikoko sistema bat ere sortu da. Sistema hori ez da soilik iragarpenak egiteko erabili, azalpenezko IA teknika (XAI) ere erabili baitira Ikaskuntza Automatikoko ereduetatik abiatuta prozesuen gaineko ezagutzak lortzeko.

Talde lanean aritutako urte hauen ondoren, lantaldeak positiboki baloratu ditu lortutako emaitzak, izan ere, proposatzen diren soluzioetako bat da engranajeak lubrifikatzailerik gabe arteztea eta, gainera, ikusi da ardatzak artezteko ohiko prozesuen ordez proposatzen diren alternatibak bideragarriak izan daitezkeela. Etorkizunari begira, industria premietatik hurbilenak balidatzea pentsatu da, bai Errendimendu Handiko Mekanizazio Laborategiaren antzeko espazioetan , bai enpresetan bertan. Horrek ahalbidetuko du proiektuan garatutako Ikaskuntza Automatikoaren sistema hobetzea.

 

 

Mondragon Unibertsitateko Errendimendu Handiko Mekanizazioaren ikerketa taldeko ikertzaileek koordinatu dute proiektu europar hau, 2.191.963,15 €-ko aurrekontuarekin.

 

FATECO, Improvement of the fatigue performance of automotive components through innovative ecofriendly finishing operations proiektua, Europako Batzordeak finantzatu du, 2018ko Research Fund Coal and Steel-en 2018ko deialdiaren barruan (RFCS-2018), 847284 erreferentziarekin.