IDUNN ikerketa proiektuak Europako Zibererresilientzia Lege berriari aurre egiteko oinarriak ezarri ditu
IDUNN ikerketa proiektuak Europako Zibererresilientzia Lege berriari aurre egiteko oinarriak ezarri ditu
IDUNN ikerketa proiektuak Europako Zibererresilientzia Lege berriari aurre egiteko oinarriak ezarri ditu
Legeak zibersegurtasun arau komunak ezarriko ditu EBn merkaturatzen diren produktu digitaletarako eta horiei lotutako zerbitzuetarako, eta munduko lehen ‘Gauzen Internet’ edo IoT legedia izango da
5M €-tik gorako aurrekontuarekin eta hiru urteko iraupenarekin, IDUNN proiektuaren helburua da detekzio kognitiboko sistema bat sortzea (adimen artifizialaren aplikazioa, kanpoko eraso berriak interpretatzeko bere kabuz ‘ikasten’ duena), zibermehatxu berriak aztertzeko eta horiei aurre egiteko. Helburua da, beraz, industria sektorean dauden teknologia operatiboak gaur egungo eta etorkizuneko zibererasoei aurre egiteko gai izatea.
IDUNN proiektua IKERLAN euskal zentro teknologikoak gidatzen du, eta, harekin batera, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak, S21Sec Taldeak, Fagor Arrasatek, GAIA Klusterrak, Mondragon Assemblyk eta Finlandiako eta Alemaniako beste bazkide batzuek parte hartzen dute.
Europako industria esparruan punta-puntako proiektua da, Euskadik industriaren arloko zibersegurtasunean erreferentziazko eskualde bihurtzeko duen estrategiarekin bat datorrena. Bazkideek uste dute eragin erabakigarria izango duela edozein industriaren produktibitatean, IKT kate seguruak erabili ahal izango baititu. Partzuergoak orain iragarri du, gainera, IKERLANek IDUNNen esparruan garatutako moduluetako bat lagungarria izango zaiela enpresei Europako Zibererresilientzia Lege berriak ekarriko dituen ahultasunak aztertzeko baldintzei aurre egiteko.
Europako Batzordeak dagoeneko argitaratu du lege horren lehen zirriborro bat, EBn merkaturatzen diren produktu digitaletarako eta horiei lotutako zerbitzuetarako zibersegurtasun arau komunak ezarriko dituena. Hurrengo urratsa araua Europako Parlamentutik eta Kontseilutik pasatzea izango da, eta horiek aztertu, eztabaidatu eta dagozkion zuzenketak proposatuko dituzte. Onartu ondoren, araudia bi fasetan aplikatuko da.
IDDUN proiektukoek jakinarazi dute sektore ekonomikoak beren negozioak gauzatzeko teknologia digitalen mendekotasun handiagoa duten honetan, konektibitate digitalak aukerak emanagatik, aukera horiek zibermehatxuen eraginpean ere jartzen dituztela ekonomiak.
Errealitatea hori izanda, zibersegurtasun ekitaldien kopurua, konplexutasuna, eskala eta inpaktua ere hazten ari dira. “Dena konektatuta dagoenean, zibersegurtasun gertakari batek sistema oso bati eragin diezaioke, eta jarduera ekonomiko eta sozial asko eten ditzake. Zibererresilientziaren Legeak aurreko araudi bakar batek ere estaltzen ez dituen produktu digitalak babesteko arauak dauzka jasota. Horrela, munduko lehen legedia izango da ('Gauzen Internet’ edo IoT)”, IDUNNen parte hartu duten erakundeek gogorarazi dutenez.
Kontuan izan behar da hardware eta software produktuek gero eta zibereraso arrakastatsuagoak izaten dituztela, eta horrek munduan 5,5 bilioi euroko kostua eragin duela 2021ean.
Nola lagunduko du IDUNNek Europako Lege berriari aurre egiten?
Partzuergoak jakinarazi duenez, IDUNNek Europako Zibererresilientzia Lege berriak ezartzen dituen beharrei aurre egiten lagunduko du, han egiten ari diren garapen aitzindariei esker. Zehazkiago, aurrerapausoak emango dira industria inguruneen sareko jarduera ezohiko eta susmagarriak denbora errealean prozesatzen dituzten mikrozerbitzuen bilduma baten ondoriozko detekzio sistema baten aplikazioan, gorabeherak edo mehatxuak detektatzeko asmoz.
“Aplikazio honek detekzio automatizatua egingo du. Identifikatutako ahultasunak larritasunaren arabera sailkatuko dira, ondoren arriskuen ebaluazioa egin, eta txostenak aurkeztu ahal izateko. Adibidez, detekzio sistemak balizko eraso baten arriskuan egon daitezkeen aktiboak eta horien kritikotasun maila hautemango ditu”, azaldu dute.
Duela gutxi, proiektuko parte hartzaileak Oulun elkartu ziren. Hitzordu hartan, proiektuaren bilakaera eta moduluen bilakaeran egindako aurrerapena aztertu zituzten, eta proiektuko bazkide guztien ordezkariek parte hartu zuten.
Proiektu hau Europar Batasuneko Horizonte 2020 ikerketa eta berrikuntza programak finantzatu du, 101021911 dirulaguntza akordioaren bidez.