Mondragon Unibertsitateak eta Open Cloud Factory enpresak lankidetza-hitzarmena egin dute segurtasun digitalaren eremuan
Mondragon Unibertsitateak eta Open Cloud Factory enpresak lankidetza-hitzarmena egin dute segurtasun digitalaren eremuan
Mondragon Unibertsitateak eta Open Cloud Factory enpresak lankidetza-hitzarmena egin dute segurtasun digitalaren eremuan
Bi erakundeek batera egingo dute lan ikerkuntzako eta ezagutza transferitzeko proiektuetan, etengabeko prestakuntzan eta talentua erakartzeko egitasmoetan; eta etorkizuneko profesionalen prestakuntza sustatuko dute.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak bost urteko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmena sinatu du Open Cloud Factory taldearekin, horren Open Cloud Factory Industrial Cybersecurity filialaren bidez, segurtasun digitalaren eremuan elkarlanean aritzeko.
Open Cloud Factory enpresak pisu handia du zibersegurtasunaren alorrean, eta open source irtenbideetan, birtualizazioan eta cloud computingen espezializatuta dago. Segurtasun digitalaren eremuan estrategia komuna bideratu nahi du, IT (Information Technology) eta OT (Operational Technology) arloak kontuan hartuta. Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateak, zibersegurtasunaren eremuan lehen mailako eragile denez, enpresaren esku jarriko ditu arlo horretako ezagutza teorikoak eta esperientzia.
Open Cloud Factory taldeko CEO eta sortzaile Albert Estradaren esanetan: “Ikerkuntza funtsezkoa da zibersegurtasuneko aditu gisa aurrera egiten jarraitzeko, eta hori gure enpresaren DNAn dago”.
Etorkizuneko profesionalen prestakuntza
Hitzarmenean zehazten denez, bi erakundeek batera egingo dute lan Open Cloud Factoryren zibersegurtasunaren eremuko ikerkuntza zientifikoan eta teknologikoan. Hala, programak, proiektuak eta jarduerak bultzatuko dituzte, baita bi erakundeen artean ezagutza sortu, trukatu eta transferitzea ere.
Era berean, doktorego-tesiak, gradu- eta master-amaierako proiektuak, txandakatzeak (ikasketak eta lana), eta profesionalentzako ikastaroak egiteko aukera eskaintzen du akordioak, etorkizuneko profesionalak trebatze aldera. Horrenbestez, ikerlan garrantzitsuak eta 4.0 industriaren benetako beharrekin bat datozenak egingo direla ziurtatu nahi dute.
Zibersegurtasuna, Datuen analisia eta Cloud Computing
Zibersegurtasunaren gorakada itzela kontuan hartuta, eta enpresen beharrei erantzun eta 4.0 industriaren eraldaketa-prozesuak zuzentzeko helburuarekin, datuak interpretatu eta negozio-aukera bilakatzen dakiten pertsonak beharko dituzte erakundeek. Ildo horretan, irailetik aurrera Datuen Analisia, Zibersegurtasuna, eta Hodei-Konputazioa Unibertsitate Masterra jarriko du abian Mondragon Unibertsitateak Arrasateko campusean; estatuko bakarra izango da.
Masterrak adituak prestatuko ditu, datuen analisirako teknikak ulertu eta erabiltzen jakiteko, zibersegurtasuna menderatzeko, plataforma digitalak gartzeko eta hodeian aplikazioak gestionatzeko eta hedatzeko. Azken finean, industriarako eta gizarterako irtenbide eraginkorrak emateko gai izango dira.
Open Cloud Factoryri buruz
Open Cloud Factoryren misioa informazioko eta komunikazioko teknologien (IKTen) alorrean irtenbideak sortu eta garatzea da. Horrela, erakundeek orokorrean dituzten segurtasun digitaleko beharrei erantzun nahi die, negozioak konfiantzaz, egonkortasunez eta eraginkortasunez aurrera eramateko aukera izan dezaten.
Enpresak batez ere Espainian, Mexikon eta Brasilen dihardu, eta etengabe hazten ari da garatzeko bidean dauden merkatuetan, bai Europan, bai Latinoamerikan, hedapen eta garapen geografikoko planari jarraikiz.
Enpresak zibersegurtasuneko estrategia komuna bideratu nahi du, IT (Information Technology) eta OT (Operational Technology) arloak kontuan hartuta. Halaber, estrategiak lagungarri izan nahi du sare korporatiboen aktiboak nabarmendu eta kontrolatzeko.
Azken urteetan enpresaren teknologiak bilakaera handia izan du, I+G+b arloko inbertsio garrantzitsuari esker. Gaur egun, Open Cloud Factory unibertsitate publiko eta pribatuekin batera ari da lanean abangoardiako teknologia garatzeko xedearekin. Gainera, Gartner aholkularitza-enpresak ziurtatu duenez, Europako enpresa bakarra da sarerako sarbide-teknologian.
Azken lorpenetako bat izan da bere produktuak Espainiako Kriptologiako Zentroaren IKT katalogoan sartzea. Horrez gain, enpresa txiki eta ertain berritzailearen izendapena jaso du Ekonomia ministerioaren eskutik, eta Eusko Jaurlaritzaren BIND4.0 (2019) programaren barruan dago.
Etorkizunerako helburu nagusietako bat du segurtasun digitalaren merkatuan erreferente izatea, eta ezagutza eta berrikuntza teknologikoarekiko konpromiso aktiboa izatea, XXI. mendean indarrean den esparru ekonomikoarekin bat.