Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu-amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu-amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte

Sariak

Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu-amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte

Ainhoa Mugertza Iguaran eta Elene Gisasola Sagardui, IKERLANentzat eta DANOBATentzar egindako proiektuekin izan dira irabazleak

2024·05·22

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak euskaraz egindako ikasketa-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete gaur MONDRAGONek Otalora Jauregian duen egoitzan. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira. Lehen sariaren irabazlea Ainhoa Mugertza Iguaran izan da, Industria Elektronikako Ingenieritza Graduko ikaslea, IKERLANentzako egindako “BATERIEN SEGURTASUN-EGOERA IRAGARTZEA (SOS)" lanagatik eta 1.500 euroko saria jaso du. Bigarren sariaren irabazlea Elene Gisasola Sagardui izan da, Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Graduko ikaslea, DANOBATentzat egindako proiektu honengatik: “LEAN METODOLOGIAREN HOBEKUNTZA BERTIKALKI ARTEZTEKO MAKINAREN MUNTAKETA PROZESUAN”. Kasu honetan, 500 euroko saria eman diote.

Sariok duela hamahiru urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik, Korporazioko batek eta Emuneko beste bik osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.

Guztira 947 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 308 euskaraz egin dira, alegia, %32,5 (aurreko edizioan %33,2). MONDRAGONeko kooperatibetan 211 proiektu landu dira, horietatik 61 euskaraz (%28,91 eta iaz %27,7). Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.

Epaimahaia osatu duten kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Asier Irizar, (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Mireia Uribetxebarria (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga, (Mondagon Goi Eskola Politeknikoa), Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa) eta Abel Irizar eta Koldo Urrestarazu (Emun). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.

Saridunak

Lehen saria: Ainhoa Mugertza Iguaran (Goi Eskola Politeknikoa)

Proiektuaren izena: BATERIEN SEGURTASUN-EGOERA IRAGARTZEA (SOS)

Laburpena:

Gaur egun, teknologiak aurrera egin ahala, bateriak funtsezko osagaiak bihurtu dira, gehien bat, erabilienak, litio ioizko bateriak (LIB). Hala ere, hauen segurtasunarekiko kezka oraindik ere kritikoa da. Hori dela eta, proiektu honetan, baterien segurtasun egoera (SOS – State of Safety) estimatuko duen algoritmo bat garatu da. Honen bidez, segurtasuna estimatu eta arriskuak iragarriko dira. Proiektuan, lehenik, LIBei buruzko informazio orokorra azaldu da, eta hauen segurtasuna aztertu. Ondoren, baterien kudeaketa sistemak (BMSak) dituen funtzioei buruzko informazioa azaldu da, eta honek estimatzen dituen egoerak aztertu. Eta, jarraian, gaur egun LIBen segurtasuna nola dagoen eta segurtasun egoeraren (SOS) beharra esplikatu dira. Izan ere, literaturako aurreko deskribapenek izaera kualitatiboa dute, baina ez dute biltegiratze-sistema baten segurtasunaren zenbakizko kuantifikaziorik eskaintzen. Arrazoi honengatik, SOSa kalkulatzen duen algoritmo bat proposatu da. Behin hau eginda, landutako SOS algoritmoaren balidazioa egiteko abusuzko testak egin dira laborategian. Honela, litiozko zelula zilindrikoei egindako segurtasun entseguen informazioa bildu da. Zehazki, zein entsegu edo test mota dauden, zein egin diren, hauek burutzeko beharezko materialak zein baldintzak, lorturiko emaitzak eta hauetatik ateratako ondorioak. Azkenik, testetatik ateratako datuekin SOS algoritmoa balioztatu da, eta, honekin, algoritmoa SOS balio estimatzeko eta arriskuak iragartzeko gai dela frogatu da.

Bigarren saria: Elene Gisasola Sagardui (Goi Eskola Politeknikoa)

Proiektuaren izena: LEAN METODOLOGIAREN HOBEKUNTZA BERTIKALKI ARTEZTEKO MAKINAREN MUNTAKETA PROZESUAN

Laburpena:

Proiektua bertikalki artezteko makinen negozio unitatean gauzatu da, Lean metodologiaren bitartez negozioko makina berriaren, VG-1500, muntatze prozesua zehaztu eta etorkizunean eraginkorragoa bilakatzeko helburuarekin. Muntaketa prozesuaren dokumentazioa zehaztea, estandarizatzea eta egonkortzea izan da proiektuaren funtsa. Horrez gain, bezeroaren piezarekin hasi aurretik makinari egin behar zaizkion barne froga estandarren definizioaren eta garapenaren lantaldea koordinatu da.

Zorionak bioi!