Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Amazoneko langileak trebatuko ditu mekatronika industrialean, Amazonen «Aprendizak» lanbide-prestakuntzako programaren barruan

Atzealdea

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Amazoneko langileak trebatuko ditu mekatronika industrialean, Amazonen «Aprendizak» lanbide-prestakuntzako programaren barruan

FORMAZIOA

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Amazoneko langileak trebatuko ditu mekatronika industrialean, Amazonen «Aprendizak» lanbide-prestakuntzako programaren barruan

Bi erakundeek goi-mailako programa ofizial bat jarri dute abian, Amazoneko langileak mekatronika industrialean prestatzeko 2 urtez

2024·02·14

$titulo.getData()


Amazonek eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak bat egin dute Amazoneko langileei prestakuntza profesionala eskaintzeko, Amazonek abian duen «Aprendizak» prestakuntza-programaren bidez. Mekatronika industrialeko goi-mailako heziketa-zikloaren bidez gauzatuko da trebaketa, eta prestakuntza eta enplegua txandakatuko dira.

Ikastaroaren lehen edizioa 2023ko azaroan hasi zen eta 2 urte iraungo du. Ikastaro horretan, Amazoneko langileek 4-6 asteko eskola teorikoak egingo dituzte, txandaka, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Arrasaten dituen instalazioetan, eta atal dual praktikoa, berriz, Amazonek Madrilgo, Toledoko, Sevillako, Valentziako eta Murtziako zentroetan dituen lantokietan.

Lanbide-heziketako zentroak Amazonentzat bereziki diseinatutako programa da, eta enpresak bere langileen prestakuntzari dagokionez dituen behar zehatzei erantzuten die. «Aprendizak» ikas-ekinezko lanbide-heziketako programa da, eta helburu zehatza du: enpresaren mantentze-sailetarako profesionalen harrobia sortzea, prestakuntzako eta enpleguko eredu mistoaren bidez. Amazonek 3 urte dela jarri zuen abian programa, eta orain jauzi kuantitatiboa egin du Arrasateko heziketa-zentroaren eskutik —Amazonen programa horretarako erreferentziazko prestakuntza-zentroa izango da Estatu osoan—.

Akordioa gaur gauzatu da, «Aprendizak» programa aurkezteko Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin antolatu den ekitaldi instituzionalean. Bertan izan dira Carlos Garcia Mondragon Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusia, Jon Guinea hezkuntza-gaietarako politika publikoen Amazoneko arduraduna eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-sailburua. Horiez gain, hitza hartu dute Gorka Aretxaga ikastetxeko Lanbide Heziketako koordinatzaileak, Marta Casasayas Amazonen «Aprendizak» programaren arduradunak, «Aprendizak» programako zenbait ikaslek eta Oriol Homs soziologo, unibertsitate-irakasle eta programako parte-hartzaileen lanbide-heziketako adituak. Jardunaldian izan dira, halaber, Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Plangintza eta Antolakuntza zuzendaria eta Julen Elgeta HETELeko presidentea.

«Talentu gaztean sinesten dugu Amazonen, eta, “Aprendizak” programaren bidez, gazte horien garapen profesionala bultzatu nahi dugu espezialitate teknologikoetan. Guretzat garrantzitsua da prestakuntza-aldian dauden gure langileek mekatronikako ezagutza arautuak eskuratu ahal izatea, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa bezalako erreferentziazko zentro batean, eta, ondoren, esperientzia praktiko osoa izatea enpresako profesionalen eskutik», adierazi du Marta Casasayasek, enpresako «Aprendizak» programaren arduradunak.

Bestalde, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusi Carlos Garcíak hauxe adierazi du: «Enpresei beren langileen prestakuntza-prozesuetan laguntzeko gaitasuna eta erantzukizuna dugu ikastetxeok, batez ere oraingo hau bezalako kasu berezietan; izan ere, Amazon enpresa ohiz kanpoko ahalegina ari da egiten, profesionalik onenak izateko, bai eta apustu oso handia ere, bai ekimenaren dimentsioagatik eta irismenagatik, bai dakarren ahalegin ekonomikoagatik eta denboragatik. Jakintza-zentroak, eta, zehazki, LHko zentroak, eragile erabakigarriak gara enpresen eta, beraz, gure gizartearen talentuaren etorkizunean. Modu hitzartu eta arautuan eta metodologia eta pedagogia egokiekin hezten dugu, geroago praktikan erabiliko dituzten ezagutzen oinarriak eskura ditzaten ikasleek. Argi dago Amazonen «Aprendizak» bezalako akordioak funtsezkoak direla enpresaren premien araberako prestakuntza bermatzeko, horrek garapen pertsonal eta profesionalerako aukera gehiago eta hobeak emango baitizkie langileei. Ekimen aitzindari hori, gainera, adibide bikaina da beste industria-enpresa batzuei eta antzeko beharrak dituzten beste sektore batzuetako enpresei aukeran dituzten bideak erakusteko».

Amazonen «Aprendizak» programa

«Aprendizak» ikas-ekinezko lanbide-heziketako programa da, eta asmo argia du: profesionalen harrobia sortzea eta talentu gaztea bultzatzea, prestakuntzako eta enpleguko eredu mistoaren bidez. Horrela, lanpostuko lanbide-praktika eta ikasketa akademikoa bateratzeko aukera du ikasleak.

Amazonen eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren arteko lankidetzari esker, programan sartuta dauden Amazoneko pertsonak Arrasatera (Gipuzkoara) joango dira, ikastetxeko instalazioetan trebatzeko, eta, aldi berean, jatorrizko beren zentro logistikoetan egingo dute lan, Madrilen, Toledon, Sevillan, Murtzian eta Valentzian. Ikas-ekinezko programa hori honela gauzatuko da: epealdi batez Arrasaten eta beste batez Amazonen egonaldiak eginez; hala, 6-8 asteko egonaldiak egingo dira Arrasaten, heziketa-zikloaren curriculumeko edukiak eskuratzeko, eta 4-6 astekoak Amazonen zentroetan, eduki horiek sendotzeko eta gaitasun praktikoagoak eskuratzeko.

Bestalde, Amazonek ere hartuko du parte prestakuntza-fasean; izan ere, zikloan zehar hainbat profesional joango dira ikasgeletara zenbait saio ematera. Hortaz, ikastaro honetako ikasleek Amazoneko langileek azaldutako kasu errealetan ikusi ahal izango dituzte ikasgelan ikasten dituzten ezagutzak. Gainera, ikastaroan zehar, zentro logistikoetan dauden teknologiei buruzko berariazko prestakuntza-saioak egingo dira, bai eta ingeleseko eskolak ere. Amazon eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa elkarlanean ari dira enpresako egonaldian ikasiko diren ezagutzak eduki akademikoekin lerrokatzeko.

Programa 2020an ezarri zen Espainian, talentu gaztea indartu eta espezialitate teknologikoetako profesionalentzako prestakuntza- eta garapen-aukerak eskaintzearren. Prestakuntza-zikloaren eduki ofizialen jarraipena eta integrazioa bermatzen ditu, Amazonen zentroetan lan egiteko berariazko prestakuntza-osagarriekin batera. Gainera, proiektuan parte hartzen duten pertsonei —% 40 emakumeak dira— honako hauek ziurtatuko dizkie: titulazio ofiziala, esperientzia profesionala, lan-kontratua programak irauten duen bi urteetan, ikasketen beka eta ordainsari lehiakorra programa osoan zehar.

512x262

512x262

320x162

320x162

320x162