Materialen Zientzia eta teknologia VI. Kongresua
Materialen Zientzia eta teknologia VI. Kongresua
Materialen Zientzia eta teknologia VI. Kongresua
Uztailak 7 eta 8 egunetan Materialen Zientzia eta teknologia VI. Kongresua antolatu zen Bilboko As Fabric campusean.
Uztailaren 7 eta 8an Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Materialen Zientzia eta Teknologiaren VI Kongresua antolatu zuen Bilboko As Fabric campusean. Euskara hutsean egiten den Materialei buruzko kongresu bakarra da. Lehenengoa 2012an izan zen Garaian, Arrasaten, Mondragon Unibertsitateak berak antolatuta, eta beste lau izan dira horren ostean, EHU-k, Leartik-ek, CEIT-ek eta Tecnalia-k antolatuta.
Aurten, 90 ikertzaile elkartu dira, bi egunetan 51 aurkezpen eta 10 poster izan ziren eta teknologia berrien garapena bultzatzen ari diren materialen azken berrikuntzak ezagutzeko aukera paregabe izan zen. Parte hartu zutenak erakunde hauetatik zetozen: Mondragon Unibertsitatea bera, Azterlan, Tecnalia, Tecnun-CEIT, EHUko Polymat, Leartik, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea, eta beste zenbait ikertzaile.
Bi hizlari nagusi izan ziren: Nafarroako Unibertsitateko Tecnuneko Naiara Rodríguez, protesietan eta osasunaren beste arlo batzuetan erabilitako materialetan eta tekniketan egindako aurrerapenei buruz aritu zen; eta Iker Unanue, ITP Aero-koa, aeronautikako beharrei buruzko informazioa eman zuen, eta 3D inprimaketa nola erabiltzen ari diren azaldu zuen.
MZTko Batzorde Zientifikoak euskara teknikoaren garapenari eta zabaltzeari ematen dion Gabirel Jauregi saria EHUn errektoreordea izandako eta gaur egun Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakasle katedraduna eta dekanoa den Fernando Plazaolari eman zion.
Ikertzaile euskaldunen arteko harremanak estutzeaz gain, MZT-ren beste helburu bat euskarazko hiztegi teknikoa jasotzea eta finkatzea da; horretarako, aurkezten diren lanetako teknologia arloetako euskal hitzak aztertzen dira eta, Uzeiren laguntzaz, euskara-ingelesa glosario terminologiko elebiduna osatzen doaz.
Bestalde, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikerlariek hainbat gai, proiektu eta hitzaldi aurkeztu zituzten:
- Unai ibarretxe. Berotako estanpazio lerro baten optimizazioa automobilgintzarako aluminiozko osagaietan.
- Andrea aginagalde. ltzairu herdoilgaitzezko orbantzearen diziplina anitzeko azterketa igogailuen barne-hormetan: parametro topografikoen eta ukipen bidezko hatz-marken arteko korrelazioa.
- Lander Galdos. 42CrMoo4 altzairuaren karakterizazioa hotzetan eginiko forja prozesuen simulaziorako.
- Julen Agirre. Ti-6Al-4V titanio-aleazioaren beroko forjaketa prozesua – deformazio abiadurak fabrikatutako osagaiaren propietate mekanikoetan eta mikroegituran duen eragina.
- Jon Aurrekoetxea. Plastiko bakar batez osatutako konpositea.
- Aritz Esnaola. Fabrikazio gehigarrira egokitutako nukleo bioinspiratuak.
- Raúl Fernández. Transmisio-ardatzen artezketa kriogenikoa automobilgintzaren sektorean.
- Mikel Iribecampos. Lubrikatzaileen marruskaduraren modelo sinplifikatua spin higiduradun errodadura kontaktuan.