Euskal gatazkaren eta kulturaren arteko harremana hizpide Aretxabaletan

Atzealdea

Euskal gatazkaren eta kulturaren arteko harremana hizpide Aretxabaletan

Mahai-ingurua

Euskal gatazkaren eta kulturaren arteko harremana hizpide Aretxabaletan

“Kontakizuna kontagai: Euskal gatazka kulturaren talaiatik” mahai-inguruan parte hartu dute Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgileak, Oihana Iguaran bertsolariak, Iban Zaldua idazleak eta Josu Martinez zinemagileak. Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza, Giza Eskubide eta Aniztasunaren Planaren parte da ekitaldia.

2024·10·10

$titulo.getData()


Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle guztiei zuzendutako ekitaldia izangatik ere, ‘Mundu garaikidearen oinarriak eta errepresentazioa’ izeneko moduluaren barnean kokatzen da mahai-ingurua. Aipatutako moduluan, iragan hurbilari erreparatu eta munduan azken hamarkadetan emandako gertaera nagusiak errepasatu dituzte: Gerra Hotzetik gaur egunera. Gertaeren gainbegiratu horretan, gertatutakoak nola kontatu eta irudikatu izan diren hartu dugu kontuan bereziki, komunikazioa eta ikus-entzunezkoak landuz. Behin munduaren erreparatuta, moduluaren helburua izan da Euskal Herriaren iragan hurbilari heltzea.

 

Mahai-ingurua

Gotzon Barandiaran idazle eta kultur eragileak, Oihana Iguaran bertsolariak, Josu Martinez zinemagileak eta Iban Zaldua idazleak hartu dute parte “Kontakizuna kontagai: Euskal gatazka kulturaren talaiatik” mahai-inguruan. Ane Zuazubiskar kazetari eta fakultateko irakasleak gidatuta, euskal gatazka zenbait kultur diziplinatan (musika, bertsolaritza, literatura eta zinema) nola irudikatu den hausnartu dute. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetzaren, Giza Eskubideen eta Aniztasunaren Planaren Gizalegez akordioaren parte da; akordio honen helburua bakearen kultura sustatzea eta gatazkak, giza eskubideen urraketak eta edozein motatako indarkeria prebenitzea da.

 

Iban Zaldua idazleak azaldu duenez, “literaturaren kasuan, euskal gatazka ardatz moduan duten euskarazko eta erdarazko lehen liburuak garai berdinekoak dira (70eko hamarkadakoak), baina askotan zabaldu da uste bat, euskal idazleek gatazkari buruz idatzi ez dutenarena”. Zalduaren arabera, “1980ko hamarkadan” izan zen “lehorte” bat, eta tematika horretako libururik ez zen argitaratu ia (ez euskaraz, ez gazteleraz), eta hortik dator Euskal Herriko literaturan gaia landu ez denaren ideia. Hala ere, Zalduak ikasleei azaldu dienez, “1990eko hamarkadako boomarekin” amaitu zen lehortea: “Fikzioa pluralagoa eta kalitate handiagokoa da hurrengo hamarkadetan, eta ETAren armagabetzetik aurrera nabarmenagoa da hori: ausentzia erlatibotik presentzia erlatibora igarotzen da gatazkaren gaia euskal literaturan, ETArekiko ‘sinpatiatik’ kritika handiagora eta azpigenero literarioak erabat maskulinizatua izateari uzten dio, idazle emakumeen ekarpenari esker”. Artearen autonomía aldarrikatu du idazleak: “Literatura sorkuntzaren helburua edo artearen helburua ezin da izan mezu ideologiko bat zabaltzea; idazlearen helburua liburu on bat idaztea izan behar da, eta nahiz eta azpian izango duen joera bat edo beste bat, helburua beti izan behar da kalitatea”.

 

Bertsolaria mendez-mende “herriaren ahotsa” izan dela azaldu du Oihana Iguaran bertsolariak: “Euskal gatazkei buruz ere ikuspuntu horretatik kantatu du; bertsio ofizialetik kanpoko diskurtsoa izan dute orokorrean bertsolariek, eta kantatu dituzte hedabide nagusietan agertzen ez ziren diskurtsoak. Galtzailearen ikuspuntutik, menpekoaren ikuspuntutik, eta batez ere, bertso-saioak gertatzen diren testuinguruaren arabera kantatu du bertsolariak”. Zentzu horretan, Iguaranen arabera, “adostasun kolektiboa” moldatuz eta aldatuz joan da urteekin, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiak aztertuta, adibidez, esan liteke “tonu belikoa” erabiltzetik bertsolariak pasatu direla “giza-eskubideen aldeko” diskurtsora, eta ordura arte agertzen ez ziren “beste ahots batzuk” eta beste “min batzuk” hasi direla aipatzen.

 

Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgileak, berriz, musikari erreparatu dio bere azalpenetan: “XX. mende amaieratik XXI. mendeko lehen hamarkadarako tartean, euskaraz sortu diren kantu asko eta asko ‘galtzaileen kontzientziatik’ idatzita daude. Hasi Nemesio Etxanizen eta Mixel Labeguerieren hitzetatik eta mende honetako talde askoren hitzetara, ‘zapalduen aldarrikapenak’ jaso ditu euskal musikak”. Barandiaranek dio, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, beste arte-diziplina batzuetan ere artearen autonomia aldarrikatzen hasi zirela sortzaileak, eta aldaketa horretatik, aldarrikapenak ez direla hain agerikoak musikan. Ikasleen hausnarketei erantzunez, Barandiaranek esan du gatazka armatua bizi izan zuten belaunaldiko artistengan nabaritzen duela “nekea” sortzen duela gaiak, baina gustatuko litzaiokeela sortzaile horiek kontatzeko dutena entzutea.

 

Josu Martinez zinemagileak azaldu duenaren arabera, XX. mendearen azken bizpahiru hamarkadetan Euskal Herrian egin diren filmen artean “badaude euskal gatazkari buruzko film belikoak”, baina “duela ez hainbestera arte” ez dira egon gatazkari buruz hitz egiten duten filmak, “belizismotik harago” landu dituztenak gatazkaren beste arlo batzuk: “Munduko beste gatazka batzuekin alderatuta, Ipar Irlandako edo Hegoafrikako kasuekin adibidez, ez da kualitatiboki inpaktua izan duen pelikularik egin izan euskal gatazkari buruz”.

 

Ekitaldia ikasle eta hizlarien arteko galde-erantzun trukearekin bukatu da, ideia desberdinak elkarbanatuz.

Kontakizuna kontagai: Euskalgatazka kulturaren talaiatik