48 graduatu berri Hidrogenoaren Teknologietako masterraren 2. promozioan
48 graduatu berri Hidrogenoaren Teknologietako masterraren 2. promozioan
48 graduatu berri Hidrogenoaren Teknologietako masterraren 2. promozioan
Aurtengo berrikuntza da bi sari banatu direla: TFM Onena eta Espediente Onenaren saria.
Hidrogenoaren Teknologietako Unibertsitate arteko Masterraren 2. promozioa egin duten 48 pertsonak diploma jaso dute aldi berean masterraren bigarren edizioa egin den egoitzetan: Bilbon, Bartzelonan, Tarragonan eta Zaragozan. Aurten, berrikuntza gisa, bi sari eman dira: TFM Onena, Carburos metalicos taldearen eskutik, eta Espediente Onena ,Hidrogenoaren Euskal Korridoreagaren eskutik. TFM onenaren saria Iñaki Rebollo Liceagak (Egues, Nafarroa) irabazi du, eta espediente onenarena Sara Moya Pascualek (Bilbo, Bizkaia).
Master hau egin duten profesionalek ezagutza berritzaileak eta abangoardistak eskuratu dituzte hidrogenoaren eta hari lotutako teknologien arloan, eta arreta berezia jarri dute sorkuntzan, garraioan, biltegiratzean eta eraldatzean, bai eta energia-merkatuan ere. Gai sorta zabal horrek hainbat espezialitatetako ingeniariak erakarri ditu programara (kimikoak, energia, materialak, ingurumenekoak, zibilak, industrialak, mekanikoak, telekomunikazioak, elektronikoak...), hidrogenoaren esparruan aukera profesional berriak irekitzeko prestatuak, hain beharrezkoa den trantsizio energetikoan estrategikoki lagunduko duen bektore berria.
Ikasle bakoitzak master bukaerako proiektu bat garatu du, enpresa batek planteatutako erronka bati erantzuteko. Proiektu horietan landutako gaien aniztasunak agerian uzten du berrikuntzaren eta ikerketaren beharra, potentzial energetiko hori industrian errealitate bihur dadin.
IV. edizioa
Masterraren 4. edizioa urriaren 18an hasiko da. Berrikuntza gisa, % 100 online egin ahal izango da, edo Bilboko edo Bartzelonako egoitzetara joan ahal izango dira ikasleak praktiketara. Programa hidrogenoaren teknologietan eta haren aplikazioetan trebatzeko interesa duten profesionalei zuzentzen zaie, bai eta etorkizunean beren produktuetan edo zerbitzuetan hidrogeno-teknologiak sartzen ari diren edo sartzea aurreikusten duten enpresetako proiektu-arduradunei eta teknikariei, bektore berri horren potentzialean interesa duten sektore industrial edo teknologikoko profesionalei edo beren teknikariak etorkizuneko jasangarritasun-erronka berrietarako prestatu nahi dituzten energia-sektoreko enpresa hornitzaileei ere.
Master hau Estatuko 5 unibertsitatek bultzatu eta koordinatzen dute: Mondragon Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Universitat Politècnica de Catalunyak, Universitat Rovira i Virgilik eta Zaragozako Unibertsitateak. 6 prestakuntza eta ikerketa-zentrok ere parte hartzen dute: Somorrostro Lanbide Heziketako Zentro Integratuak, Tarragonako Institut Comte de Riusek, Bartzelonako Institut Escola del Treballek, Piramide Lanbide Heziketako Zentro Publiko Integratuak, Industria Antolatzeko Eskolak eta Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioak. Repsol-Petronorren laguntza du.