Gorka Ortiz de Zarate Bengoa Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak, fabrikazio aurreratuko Taylor Domina ospetsua jaso du
Gorka Ortiz de Zarate Bengoa Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak, fabrikazio aurreratuko Taylor Domina ospetsua jaso du
Gorka Ortiz de Zarate Bengoa Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak, fabrikazio aurreratuko Taylor Domina ospetsua jaso du
Ortiz de Zarate Taylor Dominarekin saritu dute, 2021ean argitaratutako ikerlan bategatik, zeinean metodo berri bat proposatzen baitu mekanizazio-prozesuetan txirbilaren eta ebaketa-erremintaren arteko marruskadura ezaugarritzeko. Ikerketaren emaitzak aeronautika eta automobilgintza-industriei zuzenduta daude.
Fabrikazio aurreratuko ikerketa aplikatuan liderra den CIRP nazioarteko erakundeak Bilbon egin du 71. Batzar Nagusia. Mugarri izan da ekitaldi hori hainbat ikuspuntutatik. Alde batetik, aitortza da Euskadirentzat ekoizpen-ingeniaritzako nazioarteko fororik garrantzitsuenaren egoitza bilakatzea, inplizituki aintzatesten baitu Euskadi erreferentzia dela fabrikazio aurreratuan. Eta, bestetik, nazioartean aitortu du Mondragon Unibertsitatearen Errendimendu Handiko Mekanizazioko Ikerketa Taldeko ikertzaile bat; izan ere, fabrikazio aurreratuko sari ospetsuenetako bat eman dio, Taylor Domina, zeinaren bidez esparru horretako lan bikainak saritzen baititu. Hain zuzen ere, kongresuaren 71 edizioetan aintzatespen hori lortu duen lehen espainiarra da. Mugarri horrek agerian uzten du Mondragon Unibertsitateak fabrikazio aurreratuan eta modelizazioan duela 25 urtetik hona egin duen lana, zeinak nabarmendu egiten baitu estatu osoan.
Industria orokorraren eta, bereziki, aeronautika-industriaren alorrean 2021ean egindako ikerlan batengatik saritu dute Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Gorka Ortiz de Zarate Bengoa ikertzailea. Eusko Jaurlaritzaren beka baten bidez finantzaturiko doktorego-tesiaren esparruan eginiko lan harekin, cum laude aipamena ez ezik Nazioarteko Doktore aintzatespena ere eskuratu zuen. Hori horrela, Ortiz de Zarateren ikerlanaren emaitzak CIRPek ematen duen Frederick Winslow Taylor domina eskuratu du. Mekanizazio-prozesuan txirbilaren eta erremintaren arteko marruskadura ezaugarritzera bideratuta dago lana, eta haren xedea da aurreikuspen-eredu fidagarriagoak garatzea; eredu horiei esker, osagaien mekanizazio-prozesuak optimizatzea lortuko da zalantzarik gabe.
Ikerketa-lanean, Gorka Ortiz de Zaratek teknologia bat garatu du, txirbilaren eta erremintaren arteko ukipen-guneko tentsio normalak eta tangentzialak esperimentalki neurtzen dituena, eta, hortik abiaturik, marruskadura-eredu bat atera daiteke, ebaketa-prozesuaren modelizazioan lortutako emaitzak hobetu ahal izateko.
Ereduen bidez aurreikusteko gaitasuna garatzea alderdi erabakigarria da askotariko sektoreetako osagaien fabrikazio aurreratuan (aeronautika-industrian eta automobilgintzan, besteak beste); izan ere, lagungarria izango da kostuak murrizteko eta bezeroei erantzun azkarragoko, bai eta ingurumen-inpaktua murrizteko ere.
CIRP erakundeari buruz
CIRP akronimoak Produkzio Ingeniaritzarako Nazioarteko Akademiari egiten dio erreferentzia (Collège International pour la Recherche en Productique, frantsesez). CIRP 1952an sortua zen, eta mundu zabaleko erakunde liderra da ekoizpen-ingeniaritzaren esparruko ikerkuntzan.
CIRPek urtero egiten du batzar nagusia, kideen artean I+Ga sustatzeko. Horretarako, nazioarteko sare bat sortzen da, industriaren munduko ikertzaile eta pertsona garrantzitsuz osaturik, eta jakintza ez ezik etorkizunerako aukerak ere partekatzen dituzte ekitaldi horietan. Astebetez, abuztuaren 21etik 27ra, mundu zabaleko 40 herrialdetako 500 ikertzaile baino gehiago elkartu dira Bilbao Exhibition Centren, eta fabrikazio aurreratuaren ikerketa eta garapena sustatu dituzte mundu akademikoko eta industriako kideen artean.
Euskadi, fabrikazio aurreratuaren lehen lerroan
Kongresu hori Bilbon egiteak aukera ematen du Euskadik fabrikazio aurreratuaren arloan egiten duen apustu handia indartzeko eta bistaratzeko; hala, balioa ematen dio eragile-ekosistema handi bati, haien lanari esker gora egiten baitu barne-produktu gordinean pisu handia duen industria aurreratuak, eta, horretaz gainera, bistaratu egiten baitira esparru horretan diharduten enpresak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak.
Era berean, sari horrek aintzatetsi egiten du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Errendimendu Handiko Mekanizazio Taldeak fabrikazio aurreratuaren eta modelizazioaren alorrean azken 25 urteetan gauzatzen duen ikerketa-lana, eta indartu egiten du, orobat, Mondragon Unibertsitatearen profil ikertzailea eta industriala estatuko unibertsitate-panoraman. Ikerketa-talde hori bikaintasun-talde gisa aitortu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.