Ingeniaritza Elektronikoko ikasleek Mondragon Unibertsitateko Tentsio Ertaineko laborategi berria bisitatu dute
Ingeniaritza Elektronikoko ikasleek Mondragon Unibertsitateko Tentsio Ertaineko laborategi berria bisitatu dute
Ingeniaritza Elektronikoko ikasleek Mondragon Unibertsitateko Tentsio Ertaineko laborategi berria bisitatu dute
Tentsio ertaineko laborategi berriak 600 m2 ditu eta Europan erreferente bihurtuko da energia eolikoaren sektorearen eraldaketan eta hobekuntzan.
Mondragon Unibertsitatean prestatzen diren ingeniaritzako ikasleek industria-errealitateari oso lotuta egiten dute eta hori Goi Eskola Politeknikoak jarraitzen duen estrategiaren ondorio bat da. Izan ere, ingeniaritzetako jarduera akademikoaren barruan hainbat ekimen berezi integratzen dira, hala nola, ikasketak eta lana uztartzeko aukera, enpresetara bisitak egitea, enpresetako profesionalen hitzaldiak ikasgeletan ematea, tailerretan eta laborategietan diziplina anitzeko seihileko proiektuak garatzea, etab. Jarduera berezi horietako bat izan da hain zuzen ere Industria Ingeniaritza Elektronikoko ikasleek maiatzaren amaieran izan dutena da: tentsio ertaineko laborategi berria bisitatzea.
Manex Barrenetxea eta Enrique Sagredo unibertsitateko irakasle-ikertzaileek laborategia erakutsi diete Industria Ingeniaritza Elektronikoko 2. eta 3. mailako ikasleei. Izan ere, laborategi honetan proiektu europear bat garatzen ari dira Siemens Gamesa, Infineon eta SGB-SMIT enpresekin batera. Laborategiko funtzionamendua azaldu diete, zein ekipamendu dituzten eta zer ikerketa-helburu duen instalazioak, besteak beste. Ikertzaileek enpresekin lankidetzan garatzen dituzten ikerketa proiektu hauek oso ekosistema egokia sortzen dute ingeniaritzako ikasleek beraien ikasketak praktikekin uztartzeko eta ikasgelan ikasitako guztia praktikara eramateko (ordaindutako praktikaldien bitartez).
Lanbidek 2021eko abenduan argitaratutako azken txostenaren arabera, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko Graduko tituludunek % 95eko okupazio-tasa dute. Txosten horren arabera, ikasleen % 39k adierazi du unibertsitate-ingurunea izan dela lehen enplegua lortzeko bide nagusia, eta agerian utzi du Mondragon Unibertsitateak enpresekin lankidetza sareak eraikitzeko duen estrategiak fruituak ematen dituela.
Laborategia
Mondragon Unibertsitatearen tentsio ertaineko lehen laborategia 2006an jarri zen martxan eta 2023an berriro inauguratu da handitze prozesu baten ondoren. Eraldaketa hori FASTAP proiektuari esker egin da. Bertan, Siemens Gamesa, Infineon eta SGB-SMIT bezalako enpresa erreferenteek parte hartzen dute eta Europar Batasunaren laguntza izan du Horizonte 2020 programaren bitartez.
Tentsio ertaineko laborategian instalatutako ekipoak turbina eolikoen gaitasun elektrikoak optimizatzeko diseinatu dira, bertan garatutako teknologiak bermatuko du urteko energia-ekoizpena % 5era arte handitzea eta energia eolikoaren palanka-efektuaren kostua % 5,5 murriztea. Ekipamendu berriari esker, sektore eolikoa hobetzeko saiakuntza esanguratsuak egin daitezke. Izan ere, instalatutako ekipoek 8MW arteko potentzia nominala duten makina birakariak probatzeko ahalmena dute, eta 20 kV-ko tentsio ertaineko sare-kodeak balidatu ahal izango dira.
Laborategiak 600 metro koadroko azalera du, hainbat eremutan banatuta:
- 10MW-eko testak egiteko gunea
- 4MW -eko testak egiteko gunea
- Transformadore gunea
- Kontainer gunea
Gaur egun, laborategiko ikerketa jarduera Siemens Gamesa, Infineon eta SGB-SMIT enpresen beharretara bideratuta dago soilik. Hala ere, etorkizunean beste enpresa batzuek ere erabili ahal izango dituzte instalazioak eta bertan probatu ahal izango dituzte euren tentsio ertaineko ekipoak.
Laborategiko kontaktua