Idurre Gaztañazatorre: "Harritu nau ikusteak haurrek aukeratutako gai batean inguruan egiten diren indagazio prozesuek zenbaterainoko parte-hartzea eskaintzen duten"

Atzealdea

Idurre Gaztañazatorre: "Harritu nau ikusteak haurrek aukeratutako gai batean inguruan egiten diren indagazio prozesuek zenbaterainoko parte-hartzea eskaintzen duten"

Elkarrizketa

Idurre Gaztañazatorre: "Harritu nau ikusteak haurrek aukeratutako gai batean inguruan egiten diren indagazio prozesuek zenbaterainoko parte-hartzea eskaintzen duten"

Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen Idurre Gaztañazatorrek pasa den ekainean Eskoriatzako campusean aurkeztutako "Hezkuntzaren ikuspegi sozio-kulturalean oinarritutako ikaste-prozesuen karakterizazioa. Kasu baten azterketa: Arrankudiaga Herri Eskola" tesiak. Egilearekin hitz egin dugu ikerketari horri buruz.

2024·10·22

$titulo.getData()


Pasa den ekainaren 12an, Hezkuntzaren ikuspegi sozio-kulturalean oinarritutako ikaste-prozesuen karakterizazioa. Kasu baten azterketa: Arrankudiaga Herri Eskola tesia aurkeztu zuen Idurre Gaztañazatorre (Durango, 1972) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileak Eskoriatzako campusean. Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen lanari buruz galdetu diogu Idurre Gaztañazatorreri.

 

Zein da doktorego tesiaren gai nagusia?

Haur guztien arrakasta eta partaidetza ikuspegi inklusibo batetik ulertzen dugu, eta honi marko soziokulturalak erantzuten dio. Honela bada, ikerketa honen asmoa, marko horretan kokatua dagoen haurrengan zentratutako eskola esperientzia baten ikaste-irakaste prozesuen gaineko ikerketa egitea izan da. Hau da, helburu nagusia izan da Arrankudiagako Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloko komunitate-praktiketan eta proiektuetan oinarritutako metodologia baten barruan, ikasle eta irakasleen artean ematen diren interakzioak ezagutzea eta identifikatzea, aztertzea eta azaltzea garatzen diren indagazio prozesuak.

 

Proiektuak ikertu dituzu. Hasieratik izan duzu argi, ala prozesuak eraman zaitu horretan sakontzera?

Bi ziklo horietako bi proiektu oso aztertu dira, esan moduan, hauen baitan interakzioan egiten dituzten jarduerak antolatzeko dituzten moduekin ematen diren indagazio prozesuak identifikatu, ulertu eta azaltzeko. Hasieratik argi nuen aztertu nahi nuela zer zen gela-komunitate horietan gertatzen zena, nola egiten zuten ikaste-irakaste prozesu horiek benetan haurrengan zentratutakoak izateko. Haur guztiek izateko, pentsatzeko, komunikatzeko, mundua ulertu eta interpretatzeko duten modu guztiei lekua egiteko nola lan egiten zuten, elkarrekin emozionatuta, elkarreraginean ikasteko testuinguru konkretuak eskaintzen dituzten esperientziak aztertzeko. Horrela, gure helburu nagusia izan da haur guztiei erantzungo dien praktikak aztertzea. Eta ikerketa prozesuan murgildu nintzenean sakontzera eraman ninduen, noski. Uste nuena baino mundu biziago bat zabaldu zitzaidan. 

 

Arrankudiagako Herri Eskola hartu duzu hizpide zure ikerketan, zergatik aukeratu duzu kasu hori?

“Aniztasunean bizitzeko testuinguru osasuntsuak” ikertaldearen parte naiz; pertsonengan zentratutako hezkuntza praktikak aztertzen dituen ikertaldea da: haur guztien eskubide, premiei eta garapenari erantzungo dien eskola dugu ikergai, batez ere, bazterketa egoeran egon daitezkeen edo dauden haurrengan arreta jarrita. Ikertalde honetako Xabier Arregi ikertzaileak egindako tesia Antzuolako Herri eskolako eredu pedagogikoa ezaugarritzea izan zen. Haur guztiei erantzuna ematen dien eredu honetan haurren bizikidetza, garapena eta eraldaketa prozesuen eta ereduaren arrrakasta zein zen ulertzeko, haur eta irakasleen artean ematen diren interaktibitateak gakotzat jotzen zirela ondorioztatu zen. Honela, etorkizuneko ikerketa ildo bezala, interaktibitate horiek zehatzago aztertzeko beharra planteatzen zen. Antzuolako herri eskolan egindako ikerketak abiapuntutzat hartuta, badira bide honetan diharduten eskolak. Bide horrek eraman ninduen Arrankudiaga eskolako praktika horiek aztertzera. Arrankudiaga eskolak ere esperientzia ibilbide luzea duenez  ikuspegi soziokultural eta eraikitzaile honetan kokatuta (20 urte baino gehiago), horregatik aukeratu genuen. 

 

Nola moldatu zara Arrankudiaga Herri Eskolako ikasle eta irakasleekin? Zein ekarpen egin diote ikerketari?

Ikerketari egin dioten ekarpena erabatekoa izan da. Beraiek izan dira protagonistak, bizitza-espazio horretan murgiltzeko ateak zabaldu dizkidate eta bat gehiago izan naiz. Ikasle eta irakasleekin ederto moldatu naiz. Modu naturalean sortu zen harremana eta taldearen parte sentitu nintzen: asko disfrutatzen nuen gelara joan eta orduak eta orduak grabatzen egiten nituenean, haurrekin batera ikasi dut, barre egin dut, emozionatu naiz…

 

Zeintzuk dira zure lanaren ondorio nagusiak?

Ondorioetako bat izan da gela-komunitate horietan dauden ikaskuntza-aukerak bertan ematen diren praktika soziokultural horien menpe daudela. Identifikatu diren 17 praktika soziokulturalak (55 parte-hartze egitura ezberdinekin) berezko praktikak dira, eta erakusten dutena da komunitate horietan dauden praktika pedagogikoak eta printzipioak zeintzuk diren: praktika horiek umeen protagonismoaren, haien ahotsa eta interesen inguruan uztartzen dute kurrikuluma. Haurren ahotsen eta interesen inguruan sortzen doa, beraz emergentea da. Kultura produktu bizi moduan ulertzen da, eta horrekin hainbat konpetentzia garatzen dituzte: bizitza espazio bat eraikitzea eta elkarrekin bizitzen eta ikasten ikastea. 

 

Eta bestetik, guzti honek, irakasle erraztaile rola garatzea eskatzen du. Irakasleak komunikazioari eta elkarrizketari ematen dion garrantzia nabarmena da.  Haurra ardatz izateko testuinguruak eskaintzen ditu horrek, eta ez du irakaskuntza plan itxi bat: haurren beharretara egokitzen delako, beren jakinminetatik abiatuta edukiak lehenesten dituelako, eta ekintzan ezagutza eraikitzea bermatzen du dialogoaren bidez.

 

Nolako esperientzia izan da tesia egitearen prozesua?

Prozesu emankorra, intentsoa, malkartsua eta bizia izan da. Joan-etorri asko izan dituen prozesua, baina orain atzera begiratzen badut, modu batean edo beste gozatu dudana.

Disfrutatu ditudan momentuekin gelditzen naiz, eta batez ere prozesu horretan familiaren, lagunen, lankideen, eskolako umeen eta profesionalen babesa, maitasuna, konplizitate amaiezin bizi izanarekin. Prozesua, bai maila pertsonalean zein profesionalean, gozatze momentu bihurtzen duena hori da. Sarea behar duzu prozesuan, esperientzia intentso horretan bidelagun izango dituzunak, eta nik zorte hori izan dut.

 

Lortu duzu harritu zaituen edo espero ez zenituen ondoriorik?

Haur guztien parte-hartzea, garapena eta ikaskuntza bermatuko dituzten testuinguru eta aukera anitz horiek sortzeak harritu nau. Haurrak eta irakasleak murgiltzen diren indagazio prozesu horietan dagoen bizitza eta bizikidetza horrek ere harritu nau, itzela da. Eta harritu nau haurrek aukeratutako gai batean inguruan gertatzen diren indagazio prozesu horiek zenbaterainoko parte-hartzea eskaintzen duten ikusteak ere: haurrarengan zentratutako ikaste-irakaste prozesuak bermatzen dituzten praktikak dira.