Huhezinema Film Laburren Jaialdiaren 16. edizioak aurkeztu ditu lan finalistak eta jaialdia iragarriko duen iruditeria
Huhezinema Film Laburren Jaialdiaren 16. edizioak aurkeztu ditu lan finalistak eta jaialdia iragarriko duen iruditeria
Huhezinema Film Laburren Jaialdiaren 16. edizioak aurkeztu ditu lan finalistak eta jaialdia iragarriko duen iruditeria
Guztira, 84 film labur aurkeztu dira aurtengo edizioan, horietatik, 32 lan pasatu dira finalera: 10 Sail Ofizialera, 10 Ikasle Sailera eta 12 Bideoklip Sailera. 2023ko urtarrilaren 25, 26 eta 27an egingo da jaialdia, Aretxabaletako Arkupe kultur-etxean.
Guztira, 84 film labur aurkeztu dira aurtengo edizioan, horietatik, 32 lan pasatu dira finalera: 10 Sail Ofizialera, 10 Ikasle Sailera eta 12 Bideoklip Sailera. 2023ko urtarrilaren 25, 26 eta 27an egingo da jaialdia, Aretxabaletako Arkupe kultur-etxean.
Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren momenturik berezienetarikoa heldu da: eman da jakitera finalisten izenak, gainera, publiko egin da. Iban del Campo jaialdiaren zuzendari artistikoak esan duenez, “plazer handia da urteroko sormen eztanda hau jaso eta ikasleekin batera eztabaidatzea. Halaber, urteroko helburua izaten da Euskal Herrian zinema egiteko edo ulertzeko modu eta estilo desberdinen erakusketa ahalik eta anitzena egitea.”
16. edizioko Sail Ofizialari dagokionez, maila oso altua izan da. Gehienbat fikzio dramatikoak jaso dira, baina 10 finalisten artean, badaude animaziozko lan bat eta bi dokumental. Komedia generoko lan bat ere aurkitu daiteke.
Iban del Campok gehitu duenez, “eskarmentu handiko zuzendari eta lantaldeak daude lan horien guztien atzean. Horien artean, Estibaliz Urresolaren Cuerdas (Goya sarietarako hautagaia den lana) edo mundu mailako estreinaldia izango den ibilbide luzeko David González Rudiez zuzendariaren Siempre lunes. Kimuak katalogoko hiru lan (Cuerdas, Irrits eta Lanbroa) eta Udalbiltzaren laguntzarekin ekoiztutako Erlojupekoa eta Muga. Azken honek Lekeitiko Zinebileran sari nagusia den Urrezko Antzarra irabazi berri du. Asko harritu gaituen beste bat izan da Ana Lanbarrik zuzendutako 36 filma, Gijoneko zinemaldian aurkeztutako plano sekuentzian egindako lan ikaragarria”.
Aldaketak ikasleen sailean
Gainera, Ikasle Sailaren lehen edizio honek izan duen arrakasta azpimarratu nahi dute. Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute sail hau euskal zinema ikasle guztiei zabaltzeko. Sail hau jaialdiaren lehen 15 edizioetan Mondragon Unibertsitateko ikasleei mugatutakoa izan bada ere, aurten beste euskal ikasleen lanak onartu dira eta MUko ikasleen film laburrez gaindi, Larrotxene (Donostia), Mendizabala (Gasteiz), ECPV (Bilbo) eta EHUko film laburrak izan dira hautatuak.
Bigarren urtez, Bideoklip Saila antolatu dute ikasleek eta, oraingoan ere, lan sorta ederra bildu dute. Huhezinemako lantaldeak sail honek duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, izan ere, gaur egun, bideokliparena da gazteen artean gehien kontsumitzen den ikus-entzunezko formatua.
16. edizioko irudi grafikoa
Pasa den asteazkenean, abenduak 14, aurkeztu zuten Huhezinema 16. edizioko iruditeria. Lau kolore nagusi izango ditu eta begiak eta begiradek garrantzia berezia hartu dute. Iruditeriaren ardura duen Komunikazio lantaldeak azaldu duenez, ez da erraza izan iruditeriarekin asmatzea. Bestalde, hainbat buelta eman ostean, Julen Iglesias Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko 4 mailako ikaskide eta jaialdiko antolatzaileak eginiko kartelaren proposamenaren baitan sortu da, Yurena Carrero taldekidearen laguntzarekin.
Ihintza Beristain, komunikazio lantaldeko kidearen hitzetan “aurtengo helburuetako bat izan da adin tarte eta askotariko publikora heltzea; iruditeriarekin hori islatzen saiatu gara.”
Aipatzekoa da sare sozialetan iruditeria gutxinaka ezagutarazteko egin den kanpaina, bertan animazioa eta bideoa nahastuz iruditeriaren inguruko pistak eman dituztelako, koloreak eta begiaren ikurra, adibidez. Behin kanpainaurrea amaituta, iruditeria osoa zabaltzen hasi da webgunearen eta sareetan.
Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 16. edizioa egingo da 2023ko urtarrilaren 25, 26 eta 27an, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean.