Sarean jarri dugu ‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2022’

Atzealdea

Sarean jarri dugu ‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2022’

Irakur gida

Sarean jarri dugu ‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2022’

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak koordinatutako taldeak aztertu ditu haur eta gazteei zuzenduta, 2022. urtean, euskaraz argitaratu diren 225 liburuak.

2023·12·04

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sarean jarri du 2022. urtean euskaraz argitaratutako haur eta gazteei zuzendutako 225 liburuen sailkapena biltzen dituen argitalpena: Haur eta gazte literatura irakur gida 2022. 14 lagunek osatutako lantaldeak urteko argitalpen guztiak irakurri, aztertertu, eta hiru ataletan multzokatu dituzte: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bat gehitu dizkiete.

14 lagunek osatutako lantaldea

Gidaren hitzaurrean adierazi duten moduan, “gida hau talde baten lan jarraituaren eta liburu askoren irakurketaren emaitza da. Guraso, irakasle eta bibliotekarientzat lagungarri izan nahi du".  Bildumaren egileen iritziz, gida honek “ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazerra bera ere, ez baita talde honek egiten duen irakurketaren adierazpena baino”.

 

2022. urteko gida egiteko, haur eta gazte literaturarekin lotutako zortzi erakundeetako 14 lagunek hartu dute parte, tartean, liburuzainek, eskoletako irakasleek eta Mondragon Unibertsitateko adituek. Hain zuzen ere, oraingo edizioko irakurle taldea osatu dute hurrengo lagunek: Olga Jauregi (Aramaioko Udal Biblioteka), Laida Zubia (Bergarako Udal Biblioteka), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Biblioteka), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Biblioteka), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Biblioteka), Gurutze Urrutia, Edurne Urbiztondo eta Aitziber Arrese (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola), Itziar Murua (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskolako irakasle ohia), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola), Nerea Alzola eta Eunate Arebiotorre (Mondragon Unibertsitatea);  koordinatzaile lanetan ibili da Mondragon Unibertsitateko Marikarmen Apraiz. Aurtengo azalaren diseinua egin du Arizmendi Ikastolako Elene Magunazelaia ikasleak.

 

Sailkapena: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia

Gidaren sarreran, egileek eurek azaltzen dute lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko erabili duten irizpideak: “Taldearen lan-teknika honetan datza: gaur eta gazte literaturaz 2022. urtean euskaraz publikatu dena irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa, gaiari ematen zaion tratamendua, eta abar kontutan izanda baloratzen ditugu”. Liburu guztiak irakurri ondoren, hiru ataletan multzokatu dituzte lanak: “liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bat gehitzen zaio”.

 

Liburu bakoitzari jarri dioten irakurlearen adin orientagarriari buruz, egileek adierazi nahi izan dute zenbaki hori orientagarria besterik ez dela; euren esanetan, “bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak, eta abar sailkaezinak baitira. Gure ustetan, haurrek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa da, eta irakurketaren grina sortzeko, funtsezkoa”. 

 

Aipatu behar da, oso bilduma eskertua dela Haur eta gazte literatura irakur gida; horren erakusgarri da, urtero, gida hau dela Mondragon Unibertsitateak argitaratzen dituen argitalpenen artean deskargatuenetarikoa. 

 

1990. urtean hasi ziren Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegiko kideak literatura gida kaleratzen. Proiektua elkarlanean egiten dute fakultateko arduradunek, Debagoienako udal liburutegiko eta ibarreko ikastetxeetako irakasleekin batera. 2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak, sarean jarrita daude.