Goi Eskola Politeknikoko IMO ikerketa taldeak Bauhaus B-ekiten proiektua jarri du abian
Goi Eskola Politeknikoko IMO ikerketa taldeak Bauhaus B-ekiten proiektua jarri du abian
Goi Eskola Politeknikoko IMO ikerketa taldeak Bauhaus B-ekiten proiektua jarri du abian
Enpresa-ehunean eta ekosistema sozioekonomikoan enpleguaren kalitatea sustatzeko programaren barruan Europako Bauhaus sormen mugimendua bultzatzeko konpetentziak garatzea eta ezartzea du helburutzat proiektuak.
Goi Eskola Politeknikoko IMO (Innovation-Management-Organization) Ikerketa eta Transferentzia taldeak “Bauhaus B-ekiten, Europako Bauhaus sormen mugimendua bultzatzeko konpetentziak garatzen eta ezartzen” proiektua jarri du abian. Proiektuak metodologia bat sortu nahi du sormenarekin eta berrikuntzarekin zerikusia duten gaitasunak sustatzeko, ikaskuntza aktiboan eta kooperatiboan oinarritutako ezarpen-eredu bat proposatuz.
Metodologia honek, bere jarduera-ereduarekin, egokitze- eta erresilientzia-gaitasun handiagoko profesionalak emango dizkio lurraldeari, trantsizio ekologikoaren erronkei aurre egiteko. Pertsonak gaitu nahi dira, errealitatea interpretatzeko orduan ikuspegi holistikoagoa eta humanistikoagoa garatu dezaten, eta beren eremu profesionalean gizartearen, enpresen eta, oro har, lurraldearen etorkizuna hobetzeko irtenbideak proposa ditzaten.
Proiektu berritzailea dela kontuan hartuta, urtealdia baino gehiago gauzatzea proposatzen da. Lehenengo urtean, 2022-2023, adimen sortzaileak sustatzeko metodologia garatzeko funtsezko gaitasunak aztertu eta identifikatuko dira, eta jarduteko esparru bat proposatuko da. Era berean, bi proba pilotu egingo dira, profil teknikoak dituzten unibertsitateko ikasleekin (ingeniaritza, arkitektura, diseinu eta graduko eta masterreko ikasleak) eredua ezartzeko. Bestalde, lehen urte honetan ere jarriko dira metodologia eta hezkuntza eredu hori lanbide eremuan egokitzeko oinarriak.
Bigarren urtean, eredua enpresa eremuan ezartzen saiatuko da, eta, horretarako, gaitasunak ikasi eta eskuratzeko eredua diseinatu eta egokituko da, sormena eta berrikuntza enpresen errealitatera bultzatzeko.
Metodologia eta eredua enpresa-sarean ezartzeko hiru pilotaje jarriko dira martxan. Horretarako, New European Bauhaus metodologia bat definitu behar da, enpresa-motaren arabera lan egiteko, profesionalak gaitzeko ibilbide-orria definitu behar da, eta enpresara egokitutako jarduera eta tresnak garatu behar dira (sormena eta berrikuntza sustatzeko dinamikak, serious games, lankidetza-plataformak, espazio fisiko eta digital sortzaileak…).
Ikerketa-proiektu osoak jarduera-esparru bat proposatzen du, gaur egungo eta etorkizuneko lan-inguruneen baldintza eta eskakizun berrietan profil profesional teknikoen gaitasunak hobetzeko lan egiteko: balio berriak (inklusibitatea, jasangarritasuna, gizatasuna, elkartasuna…), malgutasuna, ikuspegi sistemikoa, egokitzeko eta erresilientziarako gaitasuna, diziplina aniztasuna, sormena, etab. Azken batean, New European Bauhaus delakoaren sustapenean aurrera egiteko oinarriak ezarri nahi ditu, eraldaketa horretan parte hartuko duten pertsonen trebakuntza eta ikaskuntza aktibo eta kooperatiboaren bidez.