Ospatu da Mondragon Unibertsitateak eta Bolsas y Mercados Españolesek antolatutako Fintech Hack&Disrupt! III. Topaketa

Atzealdea

Ospatu da Mondragon Unibertsitateak eta Bolsas y Mercados Españolesek antolatutako Fintech Hack&Disrupt! III. Topaketa

Hack & Disrupt

Ospatu da Mondragon Unibertsitateak eta Bolsas y Mercados Españolesek antolatutako Fintech Hack&Disrupt! III. Topaketa

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK Fundazioak, Bilbao Plaza Financierak eta Eusko Jaurlaritzak lagundutako ekitaldia da

2023·07·14

$titulo.getData()


Aurreko bi edizioetan lortutako arrakastaren ondoren, Bolsas y Mercados Españoles (BME) erakundeak eta Bilbao Berrikuntza Faktoriak —BBF Fintechek— Fintech Hack&Disrupt! III. Topaketa antolatu dute Bilbon, uztailaren 12rako eta 13rako. Hala, Euskal Herriko Fintech-Insurtech ekitaldirik garrantzitsuena Espainiak Europar Batasuneko Kontseiluaren txandakako lehendakaritza eskuratu duenean egin da. Enpresak, ikasleak, ekintzaileak eta startupak bildu dituen topaketaren helburua finantza-ingurunean Bilbo berrikuntzarako eta ekintzailetzarako gune gisa sustatzea izan da.

BAT dorrean izan da topaketa. Bertan, uztailaren 12an egin den Hackathon ekitaldiko partaideek erronkak ebatzi dituzte, eta, uztailaren 13an, finantzen eta ekintzailetzaren ekosistemari zuzendutako jardunaldi instituzionala egin da. Fintech Hack&Disrupt! III. Topaketak Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK Fundazioaren eta Bilbao Plaza Financieraren laguntza du.

Lehenengo jardunaldian, partaideek Eusko Jaurlaritzaren Bonu Jasangarrien inguruan proposatutako erronkari egin diote aurre. Eusko Jaurlaritzak 2018an ekin zion finantzaketa jasangarriaren estrategiari, eta 4.400 milioi euroko balioa duten bonu jasangarrien 7 jaulkipen egin ditu. «Euskadin indartu egin behar ditugu inbertsio-ahalegina —gure konpromiso sozial eta politikoan jasota dagoena—, gure urteko aurrekontuak eta finantzen kudeaketa-eredu arrazionala, doitua eta epe luzera jasangarria izango dena», azpimarratu du Arantza Larraurik, Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako zuzendariak.

Hilaren 13ko egitarauari ekiteko, Javier Hernani BMEko kontseilari delegatuak eta Bilboko Udaleko zein Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek hartu dute hitza. Jarraian, digitalizazioak Espainian dituen erronken inguruan mintzatu da José Manuel Marqués, Espainiako Bankuko Finantza Berrikuntzako zuzendaria. Ondoren, BME Inntech, Kutxabank eta Norbolsa erakundeetako ordezkariek mahai-ingurua egin dute, BAT dorreko zuzendaria moderatzaile dutela.

Eva Popcheva Europako Parlamentuko kide eta Ekonomia- eta Diru-gaietarako Batzordeko lehendakariordeak hitzaldia eskaini du gero. Ostean, berrikuntzari, teknologiari eta erregulazioari buruzko eztabaida-saioan hartu dute parte Kreab, FinReg360, BME Growth eta Veltis Rating erakundeetako ordezkariek. Mondragon Unibertsitateko BBF Fintecheko koordinatzaile Asier Quesadaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako zuzendari Arantza Larraurik hartu du hitza. Jarraian, aurreko edizioetako arrakasta-kasuak aztertu dituzte.

Koktelaren ostean, erronken ebazpenak aurkeztu dituzte eta sari-banaketa egin da. Lehenengo eta bigarren lekua lortu duten erronkek 1.500 eta 500 euroko saria jaso dute, hurrenez hurren.

«Topaketa honekin BMEk Mondragon Unibertsitatearekiko lankidetza sendotuko du, Euskadin ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko, jasangarritasun-estrategiaren zutabeetako bat baita», adierazi du Manuel Ardanza Bilboko Burtsako lehendakariak.

Mondragon Unibertsitateko Fintecheko koordinatzaile Maitane Martinek azpimarratu duenez, «enpresa-sarea sendotu eta eskualdean aukera berriak eskaintzekotan, garrantzitsua da finantzen eta teknologiaren inguruko negozio berriak sustatzea, jada abian diren enpresak bizkortzeaz gain».