Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak 2023ko Quality Innovation Award saria irabazi du

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak 2023ko Quality Innovation Award saria irabazi du

Nazioarteko saria

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak 2023ko Quality Innovation Award saria irabazi du

Unibertsitateak Hezkuntzaren kategoriako saria irabazi du, LEINN graduan ematen den "Teknologiak trantsizioan dagoen mundu baterako" programagatik, eta apirilaren 10ean jasoko du, Zhuhai hirian (Txinan)

2024·02·27

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea 2023ko Berrikuntzaren Nazioarteko Saria (Quality Innovation Award) irabazi duten sei euskal erakundeetako bat da, Ormazabal, Zunibari, Zola sistemas eta Ludus Tech enpresekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Apirilaren 10ean jasoko dute saria denek, Zhuhain, Txinan. Parte hartu duten gainerako 14 herrialdeetako 562 erakunde baino gehiagorekin lehiatu dira horiek, eta 24 aintzatespenetatik 6 lortu dituzte.

Hain zuzen, Mondragon Unibertsitateak Hezkuntzaren kategorian jaso du QIA (Quality Innovation Award) nazioarteko saria, «Teknologiak trantsizioan dagoen mundu baterako» programarekin. LEINNeko (Lidergo Ekintzaileko eta Berrikuntzako Gradu Ofizialeko) hirugarren mailan ematen da programa hori, Mondragon Team Academyren bitartez.

Quality Innovation Award (QIA) Excellence Finlandek 2007an sortutako nazioarteko lehiaketa da, eta QIA Advisory Boardeko erakunde eta herrialde kideen artean proiektu berritzaileen lehiakortasuna sustatzea du helburu; hauek dira herrialdeok: Finlandia, Suedia, Israel, Espainia eta Txina. Euskadin, QIA Advisory Boardeko kide den Euskalitek ematen du aintzatespena, eta Innobasquek, Unibasqek eta Ihobek ziurtatzen dute.

«Teknologiak trantsizioan dagoen mundu baterako»

«Teknologiak trantsizioan dagoen mundu baterako» programa LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) graduko hirugarren mailan ematen da, Irungo, Oñatiko eta Bilboko laborategietan, eta nazioartean, Valentzian, Madrilen eta Bartzelonan, Teamlabsen, TAZEBAEZen, Florida Universitaria unibertsitatearen, Pueblako Universidad Iberoaméricana unibertsitatearen eta Koreako HBM erakundearen bidez. Helburua da STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics) arloko gaitasunak sendotzea, ekintzaile gazteen taldekako proiektuetan, eragin hirukoitzaren (gizartekoa, ekonomiakoa eta ingurumenekoa) ikuspegitik eta garapen jasangarriaren eta baliabide mugatuak dituen mundu baten ikuspegitik.

LEINNeko talde-ekintzaileek teknologia esponentzialen errealitatea ezagutzen eta erabilitako arrakasta-faktoreak eta gakoak aztertzen ikasten dute. Gainera, tresna espezifiko nagusiak zein diren ere ikasten dute, eta industria eta sektore berrietan nola erabiltzen diren. Azken finean, programak teknologiari loturiko bokazioak eta asmo profesionalak inspiratu nahi ditu, jada ekintzailetzaren eta enpresaren eremuetan dauden pertsonengan.

Quality Innovation Award (QIA)

Lehiaketak, 2015etik EUSKALITen laguntza duenak, erakunde eta herrialde parte-hartzaileen lehiakortasuna handitzen lagundu nahi du, bi faseren bidez. Tokikoa da fase horietako bat, eta nazioartekoa, bestea. Tokiko faserako, EUSKALITeko Kudeaketa Aurreratuko Ebaluazio Klubeko 30 pertsonak 40 hautagaitza baino gehiago ebaluatu zituzten, eta UNIBASQek (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak) identifikatutako berrikuntzako aditu-talde batek kategoria bakoitzeko finalistak aukeratzen lagundu zuen. Azkenik, EUSKALITeko Patronatuko, Innobasqueko eta IHOBEko ordezkariek osatutako epaimahaiak euskal faseko hautagaiak aukeratu zituen.

Saria Finlandian sortu zen, zenbait eremutan —produktua, prozesua, antolaketa eta abar— berrikuntzak sortzea eta garatzea sustatzeko, eta beste herrialde batzuek ere hartzen dute parte, hala nola Espainiak —CEX elkartearen eta, Euskadin EUSKALITen bidez—, Suediak, Txekiar Errepublikak, Estoniak, Hungariak, Lituaniak, Letoniak, Errusiak, Serbiak, Txinak, Indiak, Israelek, Kazakhstanek eta Afrika hegoaldeko hainbat herrialdek. Gaur egun, Txina dago lehendakaritzan, eta Euskadik Aholku Batzordean hartzen du parte, EUSKALITen bitartez.