Diseinu Estrategikoko Masterreko ikasleak 3 eguneko Learning Journey batean, Madrilen
Diseinu Estrategikoko Masterreko ikasleak 3 eguneko Learning Journey batean, Madrilen
Diseinu Estrategikoko Masterreko ikasleak 3 eguneko Learning Journey batean, Madrilen
Ikasleek diseinu prozesuaren garrantzia baloratzen duten enpresak bisitatu ahal izan dituzte, eta horrek aukera eman die ikasgeletan ikasten dutenaren aplikazio errealak ikusteko eta beren karrera profesionalak norantz zuzendu nahi dituzten identifikatzeko.
Mondragon Unibertsitateko Diseinu Estrategikoko Masterraren lehen ikasturteko ikasleek 3 eguneko Learning Journey bat egin dute Madrilgo hiriburuan. Bidaia masterraren programa akademikoaren barruan kokatzen da, eta ikasleei aukera ematen die enpresa erreferenteak bisitatzeko, master bukaerako proiektua han egin ahal izateko. Enpresen beharretara erabat bideratutako masterra da, eta horren froga dira Movistar+ edo Garaje de Ideas bezalako enpresekin dituen akordioak edo egresatuek duten erabateko enplegua (enplegagarritasunaren %100, Lanbideren azken azterlanaren arabera).
Masterreko irakasle taldeak harreman estua du Movistar+ eta Garaje de Ideas enpresekin, eta haiekin lankidetzan ari dira ikasgeletan erronka errealak proposatzeko, ekitaldiak edo tailerrak antolatzeko, eta master bukaerako proiektuak garatzeko ere bai. Madrilgo bisitan, masterreko ikasleak bi enpresetako instalazioetara joan ahal izan ziren, eta enpresek esku artean dituzten erronka garrantzitsuenak ezagutu, bai eta beraien erakundeetan hartzen dituzten gazteengan zer bilatzen duten bertatik bertara ezagutu ere, besteak beste. Ion Iriarte masterreko koordinatzailearen hitzetan, “diseinu prozesuaren garrantzia baloratzen duten enpresetan 2 egunez murgiltzeak aukera ematen die ikasleei ikasgeletan ikasten dutenaren aplikazio errealen adibideak ikusteko, eta beraien etorkizuna irudikatzen eta beraiek ere beren burua antzeko proiektuetan lan egiten ikusten laguntzen die. Oso esperientzia aberasgarria da, eta espero dugu hurrengo urteetan ere egiten jarraitzea”. Laster masterreko hainbat ikasle Madrilera joango dira master bukaerako proiektuak bertan garatzeko; espero dugu goza dezatela eta ikasten ahalik eta etekin handiena ateratzea.
Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterra
Master honek talentu gaztea prestatzen du erabiltzaileengan zentratutako produktuak eta zerbitzuak diseinatzeko. Enpresa errealitatearekin lotura handia duen masterra da, lankide dituen enpresek konplexutasun eta iraupen desberdineko erronka praktikoak planteatzen baitituzte ikasleek gara ditzaten. Erronkak hiru trantsizioei lotuta egoten dira: teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta soziala. Ibilbide duala duen masterra da, izan ere, praktikak eta master amaierako proiektua egiten baitira bertan, ordainduta (hilean 700 € inguruko laguntza).