Lur orotako gurpil-ohol jasangarri, arin eta korroigaitzagoak diseinatu eta fabrikatu dituzte Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleek
Lur orotako gurpil-ohol jasangarri, arin eta korroigaitzagoak diseinatu eta fabrikatu dituzte Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleek
Lur orotako gurpil-ohol jasangarri, arin eta korroigaitzagoak diseinatu eta fabrikatu dituzte Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleek
Seihilekoaren bukaerako proiektuaren bidez, ikasgelan eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak praktikan jarri ahal izan dituzte ikasleek. Esperientzia horrek manufaktura-industriako erronka errealei aurre egiteko aukera eman die, etorkizuneko lanetan ere antzeko erronkak izango baitituzte aurrez aurre
Industria Prozesuetako Ekoteknologia Ingeniaritza (Green Manufacturing) Graduko hainbat ikasle gogor aritu dira lanean azken seihilekoan. Izan ere, erronka hau izan dute: lur orotako gurpil-ohol bat egitea, ohikoa baino arinagoa, korroigaitzagoa eta ingurumenarekiko jasangarriagoa. Kortxoa eta kartoia izan dira horretarako erabilitako materialak. Material horiekin prototipo bat egin dute, eta, amaitu ondoren, Gros auzoan probatu dute —Sagues aldean, zehazki—, nola funtzionatzen duen ikusteko.
Lanean emandako zortzi asteetan, ikasgelan eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak praktikan jarri ahal izan dituzte ikasleek. Esperientzia horrek manufaktura-industriako erronka errealei aurre egiteko aukera eman die, etorkizuneko lanetan ere antzeko erronkak izango baitituzte aurrez aurre.
Lan-prozesua
Lehenik eta behin, hiri-ingurunera egokitutako diseinu kontzeptualak egin zituzten, eta, ondoren, oholetarako materialik egokienak aukeratu zituzten. Lehen gurpil-oholak egiteko, astigar-, urki-, zedro- eta lizar-zura erabili zuten, zur malguak direlako. Hala ere, horrelako oholak zailak dira fabrikatzen, ez dira oso iraunkorrak eta erraz hondatzen dira klima-baldintzen ondorioz. Gauzak horrela, oholak hobetzeari ekin zioten ikasleek, material konposatu, arin eta korroigaitzak erabiliz. Azkenik, kartoiz eta kortxoz egindako eta zuntzez (liho-, beira- eta/edo karbono-zuntzez, hain zuzen) estalitako ohola aukeratu zuten.
Horrez gain, ingeniarigaiek oholen simulazio-ereduak egin behar izan zituzten ordenagailuz, materialak aukeratzeko, irakasleek ezarritako zehaztapenak betetzeko zenbat geruza jarri beharko zituzten jakiteko eta, azken buruan, mountainboard-ohola ahalik eta modurik jasangarrienean egiteko.
Patraseko Unibertsitateko (Grezia) eta Milango Unibertsitateko (Italia) zenbait ikaslek ere hartu dute parte prototipoaren diseinuan, simulazioan eta fabrikazioan.