Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza (Green Manufacturing) Graduko ikasleak fabrika berdeari buruzko Europako lehiaketa baten finalera iritsi dira

Atzealdea

Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza (Green Manufacturing) Graduko ikasleak fabrika berdeari buruzko Europako lehiaketa baten finalera iritsi dira

LEHIAKETA

Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza (Green Manufacturing) Graduko ikasleak fabrika berdeari buruzko Europako lehiaketa baten finalera iritsi dira

Europako EIT Manufacturing partzuergoak antolatutako lehiaketa bat da eta finalean Mondragon Unibertsitateko ikasleek Kroazia, Grezia, Mazedonia, Hungaria eta Italiako unibertsitateekin lehiatuko dira.

2022·11·14

$titulo.getData()


Galarretako Campuseko Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza (Green Manufacturing) Graduko ikasleak industria eta fabrika berdeari buruzko «Teaching Factories» lehiaketaren finalera iritsi dira. Lehiaketa Europako EIT Manufacturing partzuergoak sustatu du, eta haren helburua da, batetik, ikusaraztea manufakturen berrikuntzako testuinguruan zer onura dakartzan unibertsitateen eta enpresen arteko lankidetzak, eta, bestetik, industriak jasangarritasunaren arloan dituen erronkak ebaztea. EIT Manufacturing sareak industria, hezkuntza eta ikerketaren arloko erakundeak biltzen ditu, industria-berrikuntza eta jasangarritasuna elkarlanean lantzeko.

Lehiaketan, Europako hainbat herrialdetako taldeek parte hartu dute, eta finalera sei talde iritsi dira. Finala azaroaren 16an egingo da, eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek Kroazia, Grezia, Mazedonia, Hungaria eta Italiako unibertsitateetako taldeak izango dituzte aurrez aurre.

Mondragon Unibertsitateko taldeak 5 ikasle ditu, eta Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza (Green Manufacturing) Graduko hirugarren maila egiten ari zirenean garatu zuten proiektua. Talde guztiek hiru hilabete izan dituzte enpresa parte hartzaileek «industria berdea» kontzeptuarekin lotuta proposatu dituzten 6 erronketako bat ebazteko.

Zehazki, Mondragon Unibertsitateko ikasleek landu duten erronka Procter & Gamble enpresak proposatutakoa izan da. Kontsumo-ondasunak fabrikatzen dituen konpainia multinazionala da Procter & Gamble, eta saltzen dituen 65 marken artean daude Ariel, Gillette eta Oral-B. Konpainiak 99.000 langile ditu, eta bere produktuen hornidura-katean ingurumen-erantzukizuna areagotzeko asmoa du. Ikasleei proposatutako erronka honako hau izan da: baliabideen (ura, elektrizitatea, gasa, aire konprimitua, etab.) kontsumoari eta erabilerari buruzko datuak monitorizatzea, analisi espezifiko bat egin eta ekoizpen-kate bateko baliabideen kontsumoa murrizteko ekintza zuzentzaileak proposatu ahal izateko.

Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza (Green Manufacturing) Gradua: industriarekiko konpromisoa

Industriak inpaktu handia du ingurumenean, eta enpresek trantsizio ekologikoarekiko konpromisoa hartu behar dute. Horregatik, Galarretako Campusean eskaintzen den gradu honek talentu gaztea prestatzen du fabrikazio teknologietan eta materialetan, jasangarritasunaren ikuspegitik. Helburua da industriako enpresetan sartzen diren teknikari berriek jasangarritasunaren ikuspegia integratuta izatea, eta Europako jarraibideekin bat datozen metodo eta teknika berdeak aplikatzen jakitea.

Lanbideren azken enplegagarritasun txostenean jasotzen denez (2018ko egresatuen datuak), ingeniaritza gradu honen enplegu tasa % 100 da, eta % 90ek Euskadin lan egiten dute (horrek agerian uzten du euskal erakundeek zer garrantzi ematen dioten aspaldidanik jasangarritasunaren eta eraginkortasunaren erronkari).