Mondragon Goi Eskola Politeknikoak GEF2025 kongresua antolatu du Gasteizen

Atzealdea

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak GEF2025 kongresua antolatu du Gasteizen

KONGRESUA

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak GEF2025 kongresua antolatu du Gasteizen

Hainbat materialek esfortzuen, erabileren, tenperaturen eta tentsioen eraginpean duten portaera aztertzen da ekitaldian, batik bat nekeari eta hausturari dagokienez

2025·03·26

$titulo.getData()


Gaur, Espainiako Haustura Taldearen (GEFen) 41. Biltzarra egingo da Europa Biltzar Jauregian, Gasteizen. Aurten, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak antolatu du foroa; izan ere, Unibertsitateko ikertzaileak duela 20 urte baino gehiago hasi ziren foroan parte hartzen, materialen portaera aztertzea helburu. Biltzarraren xedea da hainbat materialek erabilera-baldintza desberdinetan —tentsioa, konpresioa, tenperatura eta esfortzuak— nola erantzuten duten ulertzea, bereziki nekeari —esfortzu errepikatuen ondoriozko higadura— eta hausturari —materialak nola apurtzen edo pitzatzen diren— dagokienez. Azken batean, funtsezko analisiak dira ingeniaritzan, industrian, arkitekturan eta beste arlo batzuetan, egituren iraunkortasuna eta segurtasuna ziurtatzeko, eta etengabe ari dira garatzen.

Biltzarrean, ideiak trukatu, aurrerapenak aurkeztu eta ikertzaileek ingeniaritzaren arloan egindako lanen berri emango dute ingeniari adituek. Gainera, parte-hartzaileak erronka teknologiko berriei buruz arituko dira. Hain zuzen, aurten, hauek izango dituzte mintzagai, besteak beste: aerosorgailuen ardatzen akatsei buruzko azterketa, nekeak (esfortzu errepikatuek) prentsa industrialetan eragindako pitzaduraren iragarpena eta garraio-gasbideetan —gasa garraiatzeko sistemak— erabilitako hodiak.

Espainiako Haustura Taldea (GEF) diziplina anitzeko elkarte zientifiko-teknologikoa da, eta ingeniaritzan erabiltzen diren egitura, osagai eta materialen segurtasuna, iraunkortasuna eta errendimendua hobetzea du helburu.

 

Hausturaren eta nekearen garrantzia

Materialen nekeari eta hausturari buruzko azterketen emaitzak hainbat sektoretan aplika daitezke; izan ere, metalez, plastikoz, konpositez, zeramikaz eta beste material batzuez egindako egituren eta produktuen balio-bizitzaren kalkuluan, ebaluazioan eta analisian oinarritzen dira.

Euskadin, zenbait sektoretan dute eraginik handiena; esate baterako, garraioaren sektorean —automobilgintza, aeronautika, trenak…— eta energiaren sektorean —haize- eta eguzki-jarduerak eta hidrogenoa—.

Makina-erremintan ere aplikatzen da, bai eta ekipamendu-ondasunetan, hala nola garabi eta igogailuetan, eta obra zibilean ere —zubiak, pabiloiak eta abar—. Azken batean, produktu mekaniko guztietarako dira garrantzitsuak ikerketa horiek, eta produktu mekanikoak sektore askotan daude.

Eremu horiei guztiei dagokienez, hausturari eta nekeari buruzko azterketak kalkulu-teknika aurreratuen garapenean eman ditu aurrerapen nagusiak, analisien zehaztasuna hobetzea ahalbidetzen baitu. Gainera, materialen portaera sakonago ulertzeko aukera ematen du, bereziki energia-trantsizioaren testuinguruan.

Hidrogenoarekin lotuta dago alderdirik berrienetako bat; alde batetik, hidrogenoak materialetan duen eraginari buruzko ikerketan eta, bestetik, materialen balio-bizitzan duen inpaktuaren analisian. Halaber, ekipamendu eta metodologia berriak ari dira jorratzen, hidrogenoaren sektorea garatzeko bidean baitago oraindik ere, eta funtsezko gai asko ez daude erabat definituta.

 

Biltzarra

Gaur hasi da, 09:00etan, eta datozen egunetan zehar egingo da. 130 pertsona inguru izango dira topaketan, batez ere ikertzaileak, baina prestatzen ari diren ikertzaileek eta doktoregaiek ere hartuko dute parte.

Hiru egunetan, 22 saio egingo dira, eta hainbat ikerketa-lan aurkeztuko dira bakoitzean.

Programa osoa hemen ikusi dezakezu.

 

Unibertsitateko ikerketa-taldeak

Mondragon Unibertsitateko lehenengo irakasle-ikertzaileek 2003an hartu zuten parte lehen aldiz biltzarrean. Harrezkero, Unibertsitateak beti izan du ordezkaritza, eta, aurten, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hartu du ekitaldia antolatzeko ardura.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak oso lotura estua du foroan lantzen diren gaiekin, sektore horretan aritzen diren hainbat ikerketa-talde baititu, hala nola Diseinu eta egituren mekanikaren taldea eta Gainazalen teknologien taldea.

Mondragon Unibertsitateak ikerketa-jarduera handia du esparru horretan, baita puntako ekipamendua eta laborategiak ere. Gainera, hainbat ikasle ari dira sektoreko ingeniaritzetan edo prestakuntza dualean trebatzen.

1090x560