Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ekintzailetza sustatzen du proiektu teknologiko berritzaileei beka emanez

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ekintzailetza sustatzen du proiektu teknologiko berritzaileei beka emanez

LEHIAKETA

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ekintzailetza sustatzen du proiektu teknologiko berritzaileei beka emanez

Enpresa Sortuz lehiaketak 50.000€ banatu ditu sarietan. Maxuka, Bibagu eta Recharge proiektuek lortu dituzte bekak, datozen 10 hilabeteetan euren negozio-ideia lantzeko

2022·07·20

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak, industriaren eta gizartearen benetako beharretan oinarritutako ekintzailetza teknologikoaren alde egin duen apustuan, Enpresa Sortuz lehiaketaren irabazleen izenak eman ditu jakitera. Lehiaketak 50.000 € baino gehiago banatzen ditu saritan, oinarri teknologiko eta jasangarriko produktu, zerbitzu eta negozioen ideia berritzaileak sustatzeko helburuarekin. Lehiaketak diziplina anitzeko lankidetza sustatzen du hainbat alorretako ikasleen artean, proiektu integral bideragarriak eta berritzaileak lortzearren.

Gainera, martxan jarrita dauden eta ingeniaritzaren arloko talentu ekintzailea izateko interesa duten beste proiektu batzuen arreta erakartzea ere badu helburu Enpresa Sortuz lehiaketak; horrenbestez, ingeniaritzaren arloko ekintzaileen topalekua da. Irekia da, elkarlanean oinarritua, eta industriatik hurbil dago; beraz, lehiaketa erreferentea eta aitzindaria ari da bihurtzen.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak antolatzen du lehiaketa, baina enpresa eta erakunde askoren laguntza ere badu. Fagor Taldeko kide den Gizabidea Fundazioa da babesle nagusia, eta, horrekin batera daude, halaber, MONDRAGON korporazioa, Saiolan, Galbaian, Kimuberri, Gipuzkoako Foru Aldundia, LABORAL Kutxako Gaztenpresa eta GARAIA Parke Teknologikoa.

Oinarri teknologikoko negozio-ideia berritzaileak

Proiektu irabazleak aukeratzea ez da erraza izan, ekimen on ugari jaso baitira. Epaimahaiak —berrikuntzaren, teknologiaren eta ekintzailetzaren arloetako aditu handiak, Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta programaren babesleak—, epaia ematerakoan, hauek hartu ditu kontuan, besteak beste: bideragarritasuna, berrikuntza-maila, 4Pen (people, planet, profit eta persons) gaineko eragina eta eduki teknologikoa.

Bekak 10 hilabetekoak dira, eta irailean hasiko dira. Sarituek oinarri teknologikoko negozio-ideia berritzailea garatu ahal izatea dute helburu. Bekez gain, lehiaketak dirutako sari bat ematen du, baita lantokia, ekintzailetzari buruzko aholkularitza, laguntza teknologikoa eta unibertsitateko instalazio teknologikoak erabiltzeko aukera ere.

Aurten, ekimen hauek izan dira garaile:

  • Maxuka proiektua. Joaquín Romero Tenoriok, Fabrikazio Gehigarri Industrialeko Masterreko ikasleak, Pablo Machucarekin eta Rocío Machucarekin batera garatutako ideia surf-ohol modular bat da, gehitze-fabrikaziorako diseinatua eta optimizatua, teknologiaren onurak aprobetxatzeaz gain ingurumena zaintzeko.
  • Bibagu proiektua. Sustatzaileek, David Larrinaga Ortizek, Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoko Masterreko ikasleak, eta Iñigo Matesanz de la Mazak, Marketin Digitaleko ikasleak, lantalde motibatuak eta produktiboak sortu nahi dituzte, pertsonen ongizatea neurtzen eta hobetzen duen plataforma baten bidez.
  • Recharge proiektua. Unai Moralesek, Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak, Ingeniaritza Mekanikoko doktoreak eta polimero eta konpositeen taldeko ikertzaileak, Lean Startup metodologian oinarritutako negozio-eredu bat proposatzen du. Trenbide-sektorerako proiektua da, ardatzen bizi-zikloa maximizatzeko eta mantentze-lanak gutxitzeko. Ardatz desmuntagarri eta jasangarriak babesteko sistemak diseinatzen ditu. Konposite termoplastikoz egitekoak dira ardatzak, 3Dko gaininprimatze-prozesu baten bidez.

Ekintzailetza teknologikoa estrategia gisa

2022-2023 ikasturtean, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gune berri bat, Hirekin gunea, egiteko lanei ekin die. Gune hori erreferentzia izango da ekintzailetzaren arloan. Makroproiektu bat da eta Arrasaten (Gipuzkoan) egongo da. 26.000 m2 izango ditu, eta inguruko industria-arloko enpresa handien eta administrazio publikoen —tokikoak, eskualdekoak, autonomikoak eta estatukoak— babesa du.

Eskualde oso industrializatu batean egongo da (Debagoienean), eta ingurumen-helburuak betetzea ahalbidetuko duten industria-soluzioak bultzatuko ditu, enplegua sortzeaz eta eskualdeko egoera sozioekonomikoa hobetzeaz gain. Funtsezkoa izango da industria-sektoreak beharrezkoa den energia-trantsizio teknologikoa egin dezan, balio erantsi handiko industria jasangarrian oinarritutako ekonomia lehiakorrago baterantz.