Mondragon Unibertsitateak Europako iSTORMY proiektuaren lehenengo topaketa presentziala antolatu du

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak Europako iSTORMY proiektuaren lehenengo topaketa presentziala antolatu du

TOPAKETA

Mondragon Unibertsitateak Europako iSTORMY proiektuaren lehenengo topaketa presentziala antolatu du

Ikerketa-proiektu hau 2024ko uztailera arte luzatuko da, 3,4 milioi euroko aurrekontua du eta sei herrialdek hartzen dute parte. iSTORMY proiektuaren helburua etorkizuneko sare elektrikoen portaera hobetzea da, energia biltegiratzeko irtenbide berritzaileen bidez

2022·05·31

$titulo.getData()


Trantsizio energetikoak aurre egin beharreko erronketako bat da jatorri berriztagarria duten iturriak modu masiboan integratzea sare elektrikoetan. Balantze energetikoa ziurtatzea erronka bat da, iturri horien bidez sortutako energia oso aldakorra baita; hortaz, energia biltegiratzeko irtenbideen inguruko ikerketa funtsezkoa da hornidura elektriko egoki bat bermatzeko.

Europako ikerketa- eta berrikuntza-proiektua da iSTORMY eta 2020ko abenduan hasi zen garatzen, sistema elektrikoen erronka berriei aurre egiteko, energia berriztagarrien iturriek gero eta pisu handiago baitute horietan. Energia hibridoa eta molekularra biltegiratzeko sistema baten garapenaren bidez egiten du hori, sare elektrikoarekin elkarreragiteko gai dena, zerbitzu ugari eskaintzeko.

Proiektuan 6 herrialdeetako 12 erakundek parte hartzen dute eta horietako bat Mondragon Unibertsitatea da, maiatzaren 30 eta 31ko bilkuraren antolatzailea hain zuzen ere. Mondragon Unibertsitateko Energia Elektrikoa Taldeko ikertzaileak Arrasaten bildu dituzte kolaboratzaile guztiak azken sei hilabeteetan egindako aurrerapenak partekatzeko eta baita etorkizuneko helburuak zehazteko ere.

Aurreneko hilabeteetan, energia biltegiratzeko hainbat teknologiaren modelaketan eta karakterizazioan zentratu da proiektua, bateria elektrokimikoetan oinarrituta, eta soluzio hibrido bat diseinatu da, sarera konektatuko dena erraz eskalatu eta konfiguratu daitekeen bihurgailu modularreko topologia baten bidez. Gainera, Energia Elektrikoaren taldeak energia kudeatzeko estrategia berri bat proposatu du, sare elektrikorako askotariko zerbitzuak eskaintzeko.

 

Bazkideak eta Mondragon Unibertsitatea

Batzarrean proiektuko bazkideek hartu dute parte. Mondragon Unibertsitateaz gain, han izan dira Cegasa Energia, Zigor enpresa, bai eta Frantziako, Belgikako, Herbereetako, Eslovakiako eta Austriako bazkideak ere –erakundeak eta unibertsitateak–. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ikerketa-proiektuan duen zereginak Energia Elektrikoaren Taldearen esperientziak eskaintzen duen bermea du; izan ere, ibilbide luzea egin du korronte alternoko nahiz korronte jarraituko sistema elektrikoak modelatzen, aztertzen eta kontrolatzen, energia biltegiratzeko sistemak aplikazio egonkorretan dimentsionatzen eta integratzen, eta potentziako bihurgailu elektronikoak kontrolatzen eta diseinatzen.

Duela gutxi arte, biltegiratze-sistemen inguruko I+Garen zati handi bat baterien kimika berrien bilaketan edo aplikazio jakin baterako optimizatutako baterien soluzioetan zentratu da. iSTORMYren ardatza irtenbide modular eta elkarreragile bat garatzea da, potentziako elektronikan, energiaren kudeatzeko sisteman eta baterietan dauden berrikuntzak konbinatuz, eta bigarren bizitza bat izaten ari diren bateriak (beste erabilera batzuetarako aurretik erabilitako bateriak) erabiltzeko aukera barne hartuz.

Ezaugarri horiei esker, iSTORMY proiektuak mahaigaineratutako irtenbideak bizitza erabilgarri handiagoa, kostu txikiagoa eta malgutasun handiagoa izango ditu, lehendik dauden soluzioekin alderatuta. Gainera, garatutako soluzioa frogatzeko, benetako demostrazio-plataforma batean esperimentatuko da, sorkuntza fotovoltaikoko sistemak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioak eta bestelako aktibo energetiko batzuk erabiliz.