Unibertsitatetik ekitea: LEINN gradua ikasi ondoren gaur egun beren enpresa duten 30 urtetik beherako 50 emakume

Atzealdea

Unibertsitatetik ekitea: LEINN gradua ikasi ondoren gaur egun beren enpresa duten 30 urtetik beherako 50 emakume

Emakume Ekintzaileen Eguna

Unibertsitatetik ekitea: LEINN gradua ikasi ondoren gaur egun beren enpresa duten 30 urtetik beherako 50 emakume

Unibertsitatean hasi ziren ekiten, 18 urterekin, eta gaur egun beren enpresak dituzte, askotariko sektoreetan finkatuta. Azaroaren 19a Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, egindako lana nabarmendu du Mondragon Team Academy (MTA) ekintzailetza-komunitate globalak.

2021·11·18

$titulo.getData()


Azaroaren 19a Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Eguna denez, ekintzailetza-trebakuntzan diharduen Mondragon Team Academy komunitate globalak zenbait emakume ikaslek egindako lana goraipatu nahi du. Hain zuzen ere, Mondragon Unibertsitatean ekintzailetzaren arloko graduko edo graduondoko ikasketak egin zituztenen lana balioetsi nahi du. Horretarako, unibertsitate-garaian 18 urterekin ekiten hasi ziren 50 emakumeren zerrenda partekatu du. Oraindik ez dituzte 30 urte bete, eta enpresa sendoen jabe dira hainbat sektoretan.

Ezaugarri bat dute guztiek: LEINN gradua (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) ikasi dute, Europan martxan jarritako ekintzailetzako lehenengo gradu ofiziala. Jatorria Finlandian duen metodologia erabilita, graduko ikasleek benetako enpresa bat sortu behar dute lantaldean, lehenengo egunetik hasita, eta zenbait herrialdetara bidaiatu.

Horrenbestean, Mondragon Team Academyk emakume ekintzaileen lana bistaratzeko baliatu nahi du data berezia; izan ere, unibertsitatera sartu eta lehen egunetik hasten dira horretan, eta emakumeen ahalduntzea bultzatzen dute munduan.

30 urtetik beherako 50 emakume ekintzaileen zerrenda:

Ania Montoya eta Lucía Lacuesta (Araba, 23 urte) EKIren sortzaileak dira, egoitza Seulen duen enpresarena. Aplikazio gamifikatu bat garatu dute, erabiltzaileek sexu-hezkuntzaren inguruan ikasi nahi duten guztia eskura izan dezaten. Beren kabuz eta modu dibertigarrian ikasten dute, eta hori lagungarri zaie intimitatetik sexualitatearen tabua hausteko. Plataforma erabiltzaile bakoitzaren adinera eta beharretara egokitzen da, eta hezkuntzan jaso ez diren ezagutzen hutsunea betetzen du.

Sara Baceiredo (Gasteiz, Araba, 23 urte) gure herrialdeko influencer edo joera-sortzailerik ospetsuenetakoa da eta Its Lava markaren sortzailea. Eguneroko bizitzarako osagarriak egiten ditu, moldagarriak eta emakume guztiei zuzenduak. Merkatuan sartu eta zure armairura iristea du helburu, zure poltsak pertsonalizatzeko moduekin jolastea.

Maria Villar (Alacant, 22 urte) jatetxeentzako Foodinn web-aplikazioaren sortzaileetako bat da. Tresna horren bidez, bezeroek mahaitik bertatik eskatu eta ordain dezakete otordua, karta digitala erabiliz, zerbitzariari deitu gabe. 2021eko Espainiako ekintzailerik onena izendatu dute. Mundu osoko 12.000 enpresaburu biltzen dituen Enpresaburuen Erakundeak eman dio saria, Espainian Global Student Entrepreneurs Awards sariketa irabaztean. [bideoa]

Gloria Gubianas (Bartzelona, 1995, 26 urte) Hemper markaren sortzaileetako bat da. Nepalen baliabide urriak dituzten eta gizarte-bazterketako arriskuan diren familiek zein komunitateek artisau-eran egiten dituzten motxilak eta bestelako osagarriak merkaturatzen ditu. 2019an Espainiako Urteko Emakume Ekintzaile izendatu zuten.

Gala Freixa (Bartzelona, 1995, 26 urte) Sheedo enpresaren sortzaileetako bat da, bai eta Sheedo Paper enpresaren sortzaileetako bat eta operazio-zuzendaria ere. Enpresentzako marketin ekologikoko soluzioak sortzen dituzte, eta, zehazki, birziklatutako ehunekin eta haziekin egindako paper ekologikoa sortu dute. «Erabili eta landatu» da haren proiektuaren goiburua, eta horren bidez sartu zen 2018an Forbes 30 Under 30 zerrendan, hau da, 30 urtetik beherako gazterik talentudunenen zerrendan.

Alba Serrano (Bartzelona, 25 urte) Nexgen Careers enpresaren sortzaileetako bat da. Eskoletara eta unibertsitateetara eramaten dituzte laneko etorkizuneko joerak, eta profesionalen hurrengo belaunaldia trebatzen dute lan-munduan aurrera egin dezan. Zadig Experience proiektuaren sortzaileetako bat ere bada, eta, horren bidez, unibertsitaterako bidean laguntzen diete batxilergoko ikasleei. Era berean, Euskal Herriko eta Afrikako beste ekintzaile batzuekin batera HOCO sortu du Kenyan, koko-hondakinekin egindako eraikuntza-material jasangarriak ekoizteko enpresa.

Marina Medina (Bartzelona, 21 urte), Laura Puertolas (Bartzelona, 20 urte), Iris Veras (Bartzelona, 21 urte) eta Verónica Santamaria (21 urte) Violets ikus-entzunezkoen ekoiztetxe feministaren sortzaileak dira.

Marta Maneja (Bartzelona, 22 urte) Gloop startuparen sortzaileetako bat da. Erabilera bakarreko plastikoak (lastotxoak, koilaratxoak) desagerraraztea da enpresaren helburua, eta, horretarako, jangarriak eta beganoak diren aukerak sortzen dituzte. Proiektuarekin, TikToken eta Ac2alityren Z Ekintzailea nazioarteko lehiaketa irabazi zuen. 

Ivy Aki eta Maialen Zapirain (Kenya eta Bizkaia, 22 urte) Gingko proiektuaren sortzaileak dira. Haurdun dauden Kenyako nerabeei laguntzen diete; izan ere, nerabeen haurdunaldi-kopururik handienetakoa dute herrialde horretan. Arazoa bertatik bertara ezagutzen dute, eta proiektu ekintzaileak garatu nahi dituzten gazte horientzako trebakuntza, motorizazioa eta hezkuntza-programak antolatzen dituzte.

Lara Larrañaga (Ondarroa, Bizkaia, 27 urte) Msfurgo Studio enpresaren sortzailea da. Online negozioak sortu eta bizimodu askea izan nahi duten ekintzaileentzako eta ameslari handientzako markak sortzen ditu.

Alazne Urquijo (Bizkaia) Gaman enpresaren sortzaileetako bat da. Enpresa Cambiadores Inclusivos (aldaleku inklusiboak) elkartearen babesle ofiziala da. Aldaleku horiek berritu egin dute komunen kontzeptua, irisgarriak baitira higienerako laguntza handia behar duten pertsonentzat. Norberaren garbitasunerako oinarrizko beharrei erantzuten diete, gaur egungo bainugela irisgarri estandarrek ez baitute halako aukerarik eskaintzen.

Haize Trueba (Bizkaia) Kuvu proiektuaren sortzaileetako bat da. Belaunaldien arteko bizikidetzarako aukerak sortzen dituzte, adineko pertsonak eta gazteak batera bizi daitezen eta esperientziak parteka ditzaten. Helburua argia da: adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. 

Irati Arejita, Maialen Ezkurra eta Garazi Uriarte (Bizkaia) Bigel enpresaren sortzaileak dira. Gizarteko, enpresetako eta hezkuntzako erronken aurrean soluzioak eskaintzen dituzte. Horretarako, metodologia berritzaileen bidez, taldeak sortu eta garatzen dituzte. Talentua, balioetan oinarritutako hezkuntza, konpetentziak eta taldea dira haien jardueraren ardatza. Irati, halaber, 1820 proiektuaren buru da. Borroka-kirolen bidez, emakume borrokalariak sustatu eta goraipatzeko sortutako proiektua da. Horretarako, emakumeentzako borroka-kiroletarako arropa sortu dute, emakumeentzako eremu seguruak diren gimnasioak egiaztatzen dituzte eta emakumeek bultzatutako garapen komunitarioa babesten dute Mexikon. 

Aare Castilla eta Miren Fernandez (Bizkaia eta Gipuzkoa) Make it Visual komunikazio-agentzia bisualaren sortzaileak dira. Aholkularitza, diseinua eta prestakuntza uztartzen ditu «pentsalari bisualez» betetako agentziak. Pertsonen arteko komunikazioa eraginkorra izan dadin, Visual Thinking metodologiaren bidez mezu ulerterrazak eta erraz gogoratzeko modukoak sortzen dituzte.

Laura Leandro (Bizkaia) Home (House of Movement Experience) proiektuaren sortzaileetako bat da. Kirol-zentro bat sortzeko asmoa dute, jarduera fisiko ezari aurre egiteko eta Bizkaian dibertsitate funtzionala eta mugikortasun eskasa duten pertsonen eta adinekoen osasuna eta mugikortasuna hobetzeko. Xede horrekin, etengabeko mugimendua eta turismo jasangarria sustatzen dituzte, bai eta emaitzak neurtu ere.

Maialen Sanchez (Bizkaia) Makusi proiektuaren sortzaileetako bat da. Hizkuntza grafikoaren bidez gizarteari ekarpena egiteko modua aztertzeko esperimentu gisa sortu dute. Gizarte eta erakunde kontzienteagoak eraikitzeko helburuarekin, artea eta ikusmenezko hizkera erabiltzen dituzte ezkutuan dagoena azaleratzeko eta konplexua dena argitzeko.

Valeria Valverde (Costa Rica, 24 urte) OX Motorcycles startup espainiarraren sortzaileetako bat da. Enpresak lehenengo OX ONE motozikleta-modeloa aurkeztu du, elektrikoa, kontzientea eta adimenduna. Motorrak ELISA adimen artifiziala erabiltzen du, eta, horri esker, telefono mugikorrarekin zuzeneko konexioa du eta, ibilgailuren bat hurbiltzen denean, gidaria ohartarazten du. Abenduan kaleratuko dute Espainian, Frantzian, Portugalen eta Australian. Startupa finalista izan da 2021eko MUBIL Mobility Awards eta 2020ko BBSC Awards sariketetan. 

Edurne Kortabarria (Gipuzkoa, 28 urte) edurkorta proiektuaren sortzailea da. Ekintzailetzako ikasketak eta diseinu grafikoa uztartzen ditu bertan. Gaur egun, ilustrazio digitalaren zein analogikoaren bidez, anatomia artistikoak hartzen du haren sorkuntza artistikoaren zatirik handiena. 

Adriana Uribesalgo (Gipuzkoa) Ekomodo proiektuaren sortzaileetako bat da. Bi urtean, plastikozko 150.000 botila baino gehiago birziklatu dituzte. Material horrekin, egunerokorako produktu jasangarriak, iraunkorrak eta praktikoak egiten dituzte, mundu hobea sortze aldera, dotoreziaz beti.

Leyre Jauregi eta Sara Viglione (Gipuzkoa, 24 urte) MIDDIN online plataformaren sortzaileetako batzuk dira. Ikastaroak, esperientziak, errealitate birtuala eta askoz gauza gehiago eskaintzen ditu MIDDINek, genero-berdintasunaren eta sexu-hezkuntzaren alorretan trebatzeko. Nahi duten erritmoan ikasteko aukera ematen die gai horien inguruko jakin-mina eta zalantzak dituztenei.

Eider Etxeberria eta Beatriz Santamaría (Gipuzkoa eta Araba, 27 urte) BIZIPOZ kooperatibaren sortzaileetako batzuk dira; adinekoen ahalduntzea sustatzen du. Zahartze aktiborako programak diseinatzen eta garatzen dituzte, laguntza hutsetik urrunago iritsiz. Egungo errealitateari erantzuten diote; izan ere, bizi-itxaropena luzatzen ari da, eta adinekoek ondo bizi nahi dute, gizarteko partaide izateaz gain. Forbes 30 Under 30 zerrendan agertu zen Eider 2018an, hau da, 30 urtetik beherako gazterik talentudunenen zerrendan.

June Arrieta (Gipuzkoa, 26 urte). Caixabanken «Premio A Mujer Profesional Autónoma» saria irabazi berri du, eta ZOCCO Handmade proiektuaren sortzaileen artean dago. Moda-osagarrien bidez, bazterketa-arriskuan dauden emakumeei laguntzen die, enplegua, prestakuntza eta laguntza emozionala eskainiz. Junek LEINN gradua ikasi bitartean Indiara egindako ikasketa-bidaia funtsezkoa izan zen proiektu hori sortzeko. Aipatutako sariaz gain, beste aintzatespen batzuk ditu, hala nola 30 urtetik beherako gazterik talentudunenen Forbes 30 Under 30 zerrendan agertzea.

Maddi Bercianos (Gipuzkoa) BASK arropa-marka jasangarria sortu duen taldeko kidea da. Marka horrek gizartea aldatzeko tresnatzat hartzen du moda. Haien lanaren helburua da pertsonak eta planeta babestuko dituen bizimodu baterako inspirazioa izatea eta horren alorreko kontzientzia sortzea. Aktibismoan oinarrituta, ekimenak bultzatzen dituzte, eta istorio paregabeak kontatu. 

Aintzane Agirre, Marta Muga eta Nora Kortabarria (Gipuzkoa eta Bizkaia, 24 urte) Feel My Way ekimenaren sortzaileetakoak dira. Gune eta esperientzia erakargarriak sortzen dituzte gazteentzat, esperimentazioaren bidez beren ahalmenez ohar daitezen. Kanpamentuak eta ikasturte-amaierako bidaiak antolatzen dituzte 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, hainbat ginkana eta erronkaren bidez proaktibotasuna sustatzeko xedez.

Maialen Mendizabal (Gipuzkoa, 25 urte) Diversity4Equality proiektuaren sortzaileetako bat da.  Ekiteko tresna eskuragarri eta irekiak eskaintzea izan zuen proiektuari ekiteko akuilu. Hori dela eta, metodologia irisgarri, ireki eta ulergarrietan oinarritutako programak sortzen ditu D4Ek, nahi duen orok aukera izan dezan ekintzaile izateko eta inpaktua sortzeko.

Sara Zozaya (Gipuzkoa) Gure Bazterrak musika-sustatzailearen sortzailea da. Artistentzat, kontzertu-aretoentzat eta publikoarentzat egiten du lan. Izan ere, kontzertuak sustatzeaz gain, talde eta artisten kontratazioa eta kudeaketa ere hartzen ditu bere gain. Eginkizun horren barruan, musika independentea argitaratu eta nabarmentzen du, etorkizuneko kultura bilaka dadin. Bertakoa balioesten du, eta «kultura» egunerokoan kontsumitu ohi den zerbait da harentzat.

Ana Aguirre eta Ainhoa Esnaola LEINN gradutik sortutako lehen kooperatibaren sortzaileetako batzuk dira. TAZEBAEZ da kooperatiba hori, eta munduan eragin positiboa izatea du helburu, sortzaileek MTAn ikasi eta esperimentatu zuten guztia oinarri hartuta. Ikasketa-esperientziak (analogikoak zein digitalak), markak, inguruneak, erakundeak eta lantaldeak diseinatzen dituzte estrategikoki. 

Esther Vicario (Madril, 22 urte) Scatha enpresaren sortzailea da. Espainiako talentuaren eta ekoizpenaren alde egiten du apustu modako enpresa horrek. Arrakasta handia lortu du 18 eta 25 urte bitarteko emakumeentzat eskuz egindako poltsekin eta arroparekin.  [bideoa]

Lucía García de Castro (Madril, 21 urte), Marta Durán (Asturias, 21 urte) eta Prado Rodriguez (Madril, 21 urte) Más 1 enpresaren sortzaileen artean daude. Influencer edo eragin-sortzaileak erabat liluratuta dituzte txapa-poltsa horiek. Oso diseinu originala dute, altzairuzko eta metakrilatozko txapen bidez eginak. Askotariko uhal eta zorroekin konbina daitezke, norberaren irudimenak eman dezakeen adina konbinazio osatuz.  [bideoa]

Andrea Amaro (Mallorca, 22 urte) eta Irene Ibañez (Burgos, 22 urte) berrikuntza estrategikoan diharduen Avantis aholkularitza-enpresaren sortzaileen artean daude. Kooperatiba-munduaren giza eraldaketa erradikala dute helburu. [bideoa]

Paula Vera (Iruñea, 22 urte) eta Lucía Martínez (Iruñea, 23 urte) Escape the City enpresaren sortzaileetako batzuk dira. Enpresa horrek escape rooms edo ihes-gelak antolatzen ditu Espainiako hamar hiritako kaleetan barrena. Jarduera horiek eskainiz, dibertsioa, elkarri entzutea eta talde-lana sustatzea du helburu. Proiektu horri esker, Global Student Entrepreneur Award (GSEA) sarirako finalistak izan ziren 2021ean. [bideoa]

Adela Quirós bere izena daraman moda-markaren sortzailea da. Top Fox deritzona da Adela Quirós markako jantzirik nabarmenena.

Nicole Flamarique (Nafarroa, 22 urte) The Good Goal proiektuaren sortzaileetako bat da. COVID-19aren pandemian bete-betean murgilduta sortutako proiektu hori zazpi ekimen arrakastatsuetako bat izendatu dute. Izan ere, Nicolek garatutako aplikazioak geure ingurumen-eragina ezagutzeko aukera ematen digu, ohitura jasangarriak hartzeko eta ingurumena hobeto babesteko, prozesuaz gozatzen dugun bitartean. 

 

Mondragon Team Academy (MTA)

Gizarte-berrikuntzako ekosistemen laborategiz osatutako sare globala da Mondragon Team Academy, eta ekintzailetzaren alorrean trebatzea eta ekintzailetza bultzatzea du helburu. MTA 2008an sortu zen, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearen barruan, eta Finlandiako TiimiAkademia delakoarekin elkarlanean, fakultate horretako Berrikuntza eta Ekintzailetza Unitatea izateko xedez. Gaur egun, nazioarteko komunitatea da MTA: 2.000 ekintzaile baino gehiago ditu, eta bertako lantaldeek 120 enpresa eta laborategi baino gehiago sortu dituzte mundu zabalean. MTAk gizarte-berrikuntzako laborategiak ditu Europan, Asian eta Ipar Amerikan. Hala, gaur egun, sareak laborategiak ditu Irunen, Bilbon, Oñatin, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Pueblan (Mexikon), Seulen (Hego Korean), Berlinen (Alemanian) eta Shanghain (Txinan).

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak, Mondragon Team Academyren bitartez, 13 urte baino gehiago daramatza hezkuntza ekintzaileko metodologia berritzaileak garatzen. Ildo horretan, erreferente garrantzitsua bilakatu da, batez ere Lidergo Ekintzaileko eta Berrikuntzako Europako Gradu Ofizialaren (LEINNen) bidez. Gradu hori zenbait laborategitan eskaintzen da; zehazki: Irunen, Oñatin, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Berlinen (Alemanian), Pueblan (Mexikon) Seulen (Hego Korean) eta Shanghain (Txinan). Mondragon Unibertsitatea unibertsitate praktiko, berritzaile eta konprometitua da, pertsonen garapenean oinarritua, enpresaren eta gizartearen beharretara bideratua eta mundu errealeko erronkei aurre egiteko pentsatua. Bertan, ezagutzak eta aplikazioak ez dute mugarik. Ingeniaritzak, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, komunikazioa, kooperatibismoa eta gastronomia ditu espezialitate.

TeamLabs

Ikaskuntza erradikaleko laborategia da TeamLabs. Bartzelonan, Madrilen eta Mexikon ditu egoitzak, eta iraultza eragiten ari da hezkuntzan, talde-ekintzailetzan eta learning by doingean oinarritutako metodologia berritzailearen bidez, zeinak mundu akademikoaren eta profesionalaren arteko mugak lausotzen dituen. Mondragon Unibertsitatearekin batera, LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) gradua ematen du 2012. urtetik Bartzelonan eta Madrilen, baita Ikaskuntza Errazteko eta Berrikuntzako Master Ofiziala (LIT), Ikaskuntzarako Rol Berriak Hezkuntzan Espezializazio Diploma eta Chief Learning Officer Espezializazio Diploma (CLO) ere. Era berean, beste erakunde batzuetara eraman du ikaskuntza estrategikoari ekiteko modua, hala nola Googleri, Repsoli, Telefónicari eta La Caixari, eta beste hainbat hezkuntza-erakunderi laguntzen die hezkuntzaren iraultza egiten, adibidez Instituto Tecnológico de Monterreyri eta CEU unibertsitateei, besteak beste.

TZBZ-Travelling U

Mondragon Team Academyren harrobitik sortutako lehen enpresa da TZBZ (Tazebaez S. Coop). Kooperatiba gisa 2013an eratu zen, Bizkaian. Mondragon Unibertsitatearen bazkide estrategikoa da TZBZ, bere Travelling U unitatearen bidez. Tokian tokiko bazkideekin batera, MTAren laborategiak kudeatzen ditu Shangain, Berlinen, Hego Korean eta Estatu Batuetan, eta Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasleen ikasketa-bidaiak antolatzen ditu Asian, Europan eta Estatu Batuetan.