Unai Portilla: “Komunikazioaz, modu dibertigarrian aritzeko aukera da Komunikazio Campusa”
Unai Portilla: “Komunikazioaz, modu dibertigarrian aritzeko aukera da Komunikazio Campusa”
Unai Portilla: “Komunikazioaz, modu dibertigarrian aritzeko aukera da Komunikazio Campusa”
Komunikazio Campusa antolatu dute hirugarren urtez Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak. Uztaileko lehen astean egingo da, Aretxabaletan. Izen-ematea zabalik da. Xehetasunak eman ditu Komunikazio Campuseko koordinatzaile eta Mondragon Unibertsitateko irakasle Unai Portillak.
Hirugarrenez egingo duzue Komunikazio Campusa aurtengo udan; nolatan?
Bi edizio egin ditugu, 2021ean eta 2022ean, oso emaitza onekin. Bi edizioetan hartu duten gazteek nabarmendu dute oso campus dinamiko, parte-hartzaile eta dibertigarriak direla. Oso ondo pasatu dutela.
Nori zuzenduta dago?
DBHko laugarren mailako eta batxilergoko lehen mailako gazteendako, 15, 16 eta 17 urteko neska- mutikoendako.
Zehazki, noiz eta non izango da?
Uztaileko lehen astean, astelehenetik ostiralera, 3tik 5era. Goiz partean: 09:00-13:30. MUren Aretxabaletako Campusean. Tartean atsedenerako unea hartuta, hamaiketakoa ere han emango zaie parte-hartzaileei. Gehienez ere, hamabost laguneko txandak antolatu nahiko genituzke.
Zer egin ahalko da Komunikazio Campusean?
Batik bat, bideo-podcasten sorkuntza eta zabalkundea izango dute jorragai. Oro har, komunikatzaile izateko beharrezkoak izan daitezkeen gaitasunak lantzeko aukera izango dute. Kamera aurrean aritzeko gako batzuk ikasi; eskuko telefonoarekin egin daitezkeen irudien grabaketa eta edizio lanak egin; podcastak grabatu; argazki bidezko kazetari lanetan aritu... Hori guztia, modu dibertigarrian; izan ere, testuinguru eta sasoi horretan, ondo pasatzera datoz gazteak.
Komunikazioan adituak direnek hartuko dute parte; nortzuek?
Aurreko edizioetan bezala, Ainhoa Vitoria Gazteako esataria eta Xabier Urzelai Goienako kazetaria izango ditugu; bakoitza egun banatan. Horretaz gain, ni neu ere ariko naiz. Eta Mondragon Unibertsitateko eta Goienako profesional bana ariko dira begirale eta koordinazio lanetan.
Izena emateko zer egin behar da?
Goiena.eus-en sortu dugu gune bat Komunikazio Campusa 2023 izenekoa eta hor dago informazio guztia, baita izena emateko formularioa ere. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiagorako, dena den, badago aukera; hauek dira bideak: 600 02 27 20 zenbakira deitu edo idatz daiteke (Whatsapp eta Telegram), eta helbide honetara ere idatz daiteke: komunikaziocampusa@mondragon.edu.
Noiz arte eman daiteke izena?
Ekainaren 19ra arte. Prezioa 125 euro da. Horren barruan sartzen da eguneroko hamaiketakoa ere. Plaza mugatuak izango dira; gehienez ere, hamabost lagun elkartuko dira.
Euskal Herri osora zabaldu duzue campusa...
Mondragon Unibertsitateren Ikus-entzunezko Campusa erreferentzia da komunikazioan Euskal Herrian, eta, era berean, Goiena Komunikazio Taldea tokiko hedabideen artean. Debagoienean bagaude ere, edozein euskal herritar euskaldunendako izan daitezke erakargarriak udaleku horiek.
Komunikazio campusak ez dira oso ohikoak inguru hauetan; bakarrenetakoa da
zuena?
Bai. Katalunian bada bat, Ara egunkariarena, kazetaritzako campusa. Hura kazetaritzara bideratuagoa da; gurean, ordea, komunikatzaile baten profilak ezagutzeko aukera eskainiko dugu: kazetari, aurkezle, irrati esatari... Gaur egun, komunikazioaren ikuspuntutik, gazteei interesekoak eta erakargarriak izan ahal zaizkien bideo grabaketak, kamera aurrekoak, podcastak edo entzuteko moduko eduki digitalak, argazkigintza… Horiek jorratuko ditugu.
Nola sortu zaizue Komunikazio Campusa antolatzeko ideia?
Iruditu zitzaigun Debagoienean elkarren ezagunak diren, elkarrekin proiektuak landu dituzten eta komunikazioa langai duten erakunde bik, Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak, aukera zutela gazteei bideratutako udako campus berezituak egiteko. Adituak gara komunikazioan eta badugu eskarmentua hezkuntzan eta hedabideen alorrean. Gainera, halako ekintzek eskatzen dituzten beharretara egokitzen diren espazio fisikoa eta materiala ere badauzkagu –Ikus-entzunezko Fakultatean eta Goienako instalazioetan–, profesionalak ere bai, baita zabalkunderako euskarri egokiak ere. Bien arteko sinergiak aprobetxatuz, eskaintza erakargarria aurkez dezakegula uste dugu.
Zein da campus horien bereizgarria?
Udaleku horien berezitasun handienak izango dira bertan parte hartuko duten gazteek dituzten egungo interesei lotutako edukiak. Izan ere, ohikoa da etxeko txikienentzako udalekuak antolatzea, baina hemen gazteek ere izango dute euren intereseko gaiekin ondo pasatzeko aukera. Gaur egun, gazte eta gaztetxo gehienek berezkoa dute komunikaziorako grina. Bideoak egin eta informazioa hainbat kanal eta sare sozialetan kontsumitzen dute, une oro. Gertuko gaia da eurentzat eta aisialdiarekin lotzen dute, baina, agian, ez dira jabetu euren etorkizuneko ibilbide profesionalaren parte izan daitekeela.
Baliabideak zuek jarriko dituzue?
Bai. Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako Campusean eta Goienan badugu komunikatzaile lanetan aritzeko material profesionala: bideo-ediziorako ekipoak, kamerak, telebistako platoak, irrati estudioak… Campusa Aretxabaletako Mondragon Unibertsitatearen Ikus-entzunezko Campusean egingo dira, baina Goienara bisita ere egingo dugu; Goienako erredakzioa, telebista-platoa eta irratia bertatik bertara ikusteko aukera izango da.