Zelula amek medikuntza birsortzailean duten zeregina aztertzen ari dira Goi Eskola Politeknikoan
Zelula amek medikuntza birsortzailean duten zeregina aztertzen ari dira Goi Eskola Politeknikoan
Zelula amek medikuntza birsortzailean duten zeregina aztertzen ari dira Goi Eskola Politeknikoan
Maria del Mar Vivanco CIC Bioguneko ikertzailea da, eta Teknologia Biomedikoetako Masterra egiten ari diren ikasleei laguntzen die zelula, ehun eta organoen birsorkuntzan dauden aurrerapenak ikertzen.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan ematen den Teknologia Biomedikoetako Masterreko “Tissue Engineering and Regenerative Medicine” izeneko irakasgaiak Medikuntza Birsortzailearen eremuan ikerketak egiteko aukera ematen die Master hori egiten ari diren ikasleei. Maria del Mar Vivancok, CIC Bioguneko ikertzailea eta irakasgai horren irakaslea baita, honela azaltzen du zer den medikuntza birsortzailea: ondo funtzionatzeari utzi dioten zelula, ehun edo organoen funtzioa onera ekarri nahi duen medikuntza. Gizartearen zahartzea dela eta, azken urteetan nabarmen gehitu dira gaixotasun neurodegeneratiboak, eta medikuntza birsortzailearen jardueraren arreta gune nagusi bihurtu da arlo hori. Horrela, asmoa da organismoari eragiten dioten degenerazioen agerpena ahalik eta gehien atzeratzea.
“Tissue Engineering and Regenerative Medicine” irakasgaian, Maria del Mar Vivancok ikasleei aukera ematen die ikasteko zer funtzio duten zelula amek medikuntza birsortzailean, medikuntza horren muina diren heinean. Ikasleek, halaber, zelula amak hazten eta aldatzen ikasteko aukera ere izango dute, ehun mota desberdinetan bereizteko.
Esperientzia zabala duen irakaslea
Maria del Mar Vivancok esperientzia zabala dauka zelula amen eta zelula amek medikuntzaren alorrean duten aplikazioaren ikerketan. 2005az geroztik bularreko zelula amen eta zelula ama horiek minbiziaren prebentzioan duten zereginaren ikerketarako lantalde bat gidatzen du CIC Biogunen, eta aurretik Londreseko Minbiziaren Ikerketarako Institutuan aritu zen, bere laborategi propioa zuzentzen. Gaur egun, berriz, EMBL Alumniko kontseiluko eta Bularraren eta Minibiziaren Garapenerako Europako Sarearen batzordeko kidea da, sei doktoretza tesiren zuzendari izateaz gain.