Urriaren 6a arte egongo da aukera izena emateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren 9. edizioan
Urriaren 6a arte egongo da aukera izena emateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren 9. edizioan
Urriaren 6a arte egongo da aukera izena emateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren 9. edizioan
EKT aditu tituluaren 9. edizioaren hasiera bat etorriko da Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lopez irundarren proiektuaren hasierarekin: EKT 8. edizioan sortutako “Hemen gaude”, Hego Amerikako bederatzi herrialde zeharkatuko dituen “road trip” kulturala.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bultzatutako Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren (EKT) 9. edizioa urriaren 15ean da hastekoa. Oraingo edizioan, honako gaiak jorratuko dituzte euskal kulturgintzaren transmisioan erreferentziazko ikastaroa bilakatu den EKT ikastaroan: mundu mailako aro aldaketaren baitan nola gaude? Nola dago euskal kultura? Zein balio du herrien ondare kulturalak gaurko testuinguruan? Nolakoa da gaurko berben ondoezek sortzen duten hiztegia? Zertaz gogoetatzen dute euskal artelanetako pertsonaiek? Euskal kulturgintzaz pentsatzeko behar ditugun oinarriak: ideologiak, herritarren memoriak, emozioak, komunitate sortzaileak.
Hizlariak
Horretara, urriaren 15eko asteburuan hasita, eta, ohi den bezala, hilean behingo asteburuko saioetan, makina bat aditu eta aritu etorriko dira Eskoriatzako campusera. Beste batzuen artean, honakoak:
- Jose Angel Irigaray
- Karmele Jaio
- Joseba Sarrionandia
- Uri Ruiz Bikandi
- Ane Larrinaga
- Haritz Azurmendi
- Iker Galartza
- Agurtzane Intxaurraga
- Olatz Arrieta
- Juan Antonio Urbeltz
- Iban Ayesta
- Ismael Manterola
- Onintza Etxebeste
- Jurgi Kintana
- Joseba Agirreazkuenaga
- Andoni Egaña
- Saioa Alkaiza
- Usoa Zumeta
- Agurtzane Laboa
- Ximun Carrere
- Ttittika Rekalt
- Isabel Etxeberria
- Garazi Arrula
- Dana Moya
- Juan Mari Larrarte
- Maria Jesus Aranburu
- Pako Aristi
‘Hemen gaude’ proiektua
Aurten gainera, ikastaroaren hasiera bat etorriko da aurreko edizioan sortutako ikastaro amaiera proiektu baten gauzatzearekin: Iñaki Goikoetxea EKTko ikasle ohiak eta Maialen Lopezek sortutako proiektua: Hemen gaude. Euskaldunon urratsetan. Irundarrak irailaren 25ean abiatuko dira Hego Amerikako bederatzi herrialde zeharkatuko dituen bidaian: Argentina, Txile, Brasil, Uruguai, Ekuador, Paraguai, Bolivia, Peru eta Kolonbia. Pasa den martxoan aurkeztu zuen Iñaki Goikoetxeak 2020-2021eko ikasturtean egindako ikastaro amaierako proiektu teorikoa; orain, beroi praktikara eramateko unea iritsi da.
Goikoetxea eta Lopezen esanetan, abenturazko “road trip” kultural honen helburua da “euskaldunen istorioak zabaltzea sare sozialetan elkarbanatzeko pentsatutako bideo eta edukien bidez: euskara ikasleak, euskal etxeen inguruan dauden komunitateak, musikariak, dantzariak, kirolariak, irakasleak, artista eta sortzaileak, lankidetza langileak… Euskaldunok Hego Amerikan izan dugun eta gaur egun dugun presentzia kontatu nahi da bizi dugun mundu globalizatu honetan, hemendik joandako emigranteen bizipenak berreskuratuz eta egon diren lotura historiko, sozial eta artistikoak aipatuz. Bibliografia asko idatzi da, webguneak daude eta honi buruzko dokumental eta telebistako saioak egin dira, baina ez dago hainbeste materialik, are gutxiago euskaraz, bereziki gazteek hainbeste erabiltzen dituzten sareetan”.
Bidaia bitxia izango da: zeharkaldia egin ahal izateko Euskal Herritik barkuz bidalitako 16 urteko auto txiki bat erabiliko dute, horrelako bidaia bat egiteko ondo prestatu den Nissan Micra bat. Ibilgailu horrek Andeak gurutzatuko ditu, Patagoniako hegoalderaino jaitsiko da eta Amazoniako errepideak zeharkatuko ditu. Euskaldunekin lotura duten lekuak ezagutzeaz gain, natur gune, toki historiko, monumentu eta Munduko Gizateriaren Ondare diren tokiak bisitatuko dira.
Izen-ematea irekita
Ohi bezala, edizio berri honek ere uztartuko ditu atal teoriko-praktikoak eta ekintza ludikoak. Saio presentzialak egingo dira Eskoriatzako campusean, hilean behin, asteburuan, (larunbatetan, 09:30-20:00 eta igandetan, 09:30-13:30); bestelako lanak online egingo dituzte parte-hartzaileek.
Aditu titulu hau zuzenduta dago unibertsitateko lizentziatu, diplomatu eta graduatu guztiei, oro har. Bereziki, euskal kulturgintzaren eremu zabalean lanean diharduten profesionalei edota eremu horretan jardun nahi dutenei eta orobat euskaltzale guztiei. Oraindik, irekita dago izen-ematea.
Informazio gehiagorako
Julene Gorrotxategi
idazkaritza.huhezi@mondragon.edu
600 02 27 20