Inauguratu da Eskoriatzako campuseko Dorleta eraikin berria
Inauguratu da Eskoriatzako campuseko Dorleta eraikin berria
Inauguratu da Eskoriatzako campuseko Dorleta eraikin berria
Mondragon Unibertsitateko ikasturtearen hasiera ekitaldiarekin bat eginik, Dorleta eraikinaren inaugurazioa egin da, gaur, hilak 18, Eskoriatzan. Birmoldaketak erantzuten dio Fakultateak sustatzen duen hezkuntza eraldaketa proiektuari.
Gaurtik aurrera, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eraikin berria izango du Eskoriatzako campusean. Urtebeteko obra eta prozesu parte-hartzaile baten ondoren, gaur, irailak 18, inauguratu da Dorleta eraikin berria.
Dorleta eraikinaren birmoldaketak erantzuten dio Fakultateak abian jarritako hezkuntza eraldaketa proiektuari. Izan ere, proiektu pedagogiko berritzaile hori izan da prozesuaren ardatz nagusia. Obrarekin lortu dira sorkuntzarako, esperimentaziorako eta ikerketarako espazio berriak. Hala, barrualdea berritu da (1976an eraiki zen Dorleta) eta espazio berriak sortu dira fatxada gehitutako eranskinari esker. Gainera, 1.800 metro karratuko oinplanoko lokal berri bat jaso da eraikinaren ondoan eta inguruko espazioak birmoldatu dira. Handitze eta birmoldatze proiektuak 6 milioiko inbertsioa izan du.
Eraikin berrian kokatuko dira, beste batzuren artean, ikasgelak, hainbat zerbitzuetako bulegoak, biblioteka, kafetegia eta Fakultateko KoLaborategia, gizarte digitalerako hezkuntza eta komunikazioa laborategia. KoLaborategiaren helburua da etorkizuneko joerak detektatzea eta sustatzea hezkuntza digitala.
Begoña Pedrosa dekanoaren hitzetan, proiektuaren helburua izan dira, batetik, “espazioetatik hasita, unibertsitateko esperientzia bizi-esperientzia aberasgarria izaten laguntzea” eta, bestetik, “Fakultatea ulertzea leku bat ikasteko, hausnartzeko, esperimentatzeko eta sormena garatzeko”.
Eraikina inauguratu ondoren, 2020-2021 ikasturtearen irekiera ofiziala egin da. Ekitaldian parte hartu dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Idoia Peñakoba unibertsitateko idazkari nagusiak eta Bego Pedrosa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak. Hitzaldi akademikoa, ostera, Nagore Ipiña Fakultateko Ikerketa eta Transferentziako zuzendariaren esku egon zen.
Birmoldatutako Dorleta eraikinean kokatuko den KoLaborategiak, hezkuntza digitala aurreratuko laborategiak, jaso du Espainiako Gobernuko Ekonomia, Industria eta Lehiakortsun Ministerioaren dirulaguntza. Gainera, obrak jaso du Gizabidea Fundazioa eta Mondragon Taldeko dirulaguntza.
Eraikin berriaren argazki galeria