Mondragon Unibertsitateko bi ikasleren hitzaldiak CASEIB 2020 online kongresuan
Mondragon Unibertsitateko bi ikasleren hitzaldiak CASEIB 2020 online kongresuan
Mondragon Unibertsitateko bi ikasleren hitzaldiak CASEIB 2020 online kongresuan
Teknologia Biomedikoen Masterreko bigarren mailako ikasle batek ikaskuntza partekatuan izan duen esperientzia azaldu zuen, eta David Romero doktoregaiak, berriz, erretinaren OCT irudien analisiari buruzko lan bat aurkeztu zuen.
Ingeniaritza Biomedikoko Espainiako Elkartearen XXXVIII. Urteko Kongresua, CASEIB 2020, azaroaren 25etik 27ra bitartean egin zen, modu birtualean. Kongresuaren edizio hau Valladolideko Unibertsitateko (UVa) Ingeniaritza Biomedikoko Taldeak (GIB) antolatu zuen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko BioRes ikerketa taldearen (Bioengineering and Resuscitation) eta Ingeniaritza Biomedikoko Espainiako Elkartearen (SEIB) laguntza izan zuen.
Ikaskuntzaz gogoeta egiten
Teknologia Biomedikoen Masterreko bigarren mailako ikasle batek 2019-2020 ikasturtean, ikasketak eta lana txandakatuz Mondragon Unibertsitatean eman zuen denboran, izan zuen ikaskuntza esperientzia azaldu zuen. Ikasturte horretan, Aitor Diazek MEDPRINT 4.0 eta ALOPRP3D proiektuetan parte hartu zuen. MEDIPRINT 4.0 proiektua Elkartek proiektu bat da, eta Medikuntza Pertsonalizatuaren erronkei erantzuten dieten Fabrikazio Aurreratuko Estrategietan sakontzen du. Funtsean, proiektuaren helburua da askatze profil kontrolatuko forma farmazeutiko pertsonalizatuak garatzea, fabrikazio teknika aurreratuak konbinatuz, hala nola 3D inprimaketa eta elektrospinninga. ALOPRP3D proiektua TGEEZrekin (Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa) eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan egindako proiektu bat da, eta bere asmoa da erabilera klinikoko produktu berri bat sortzeko beharrari erantzutea, elektrospinning prozesuaren bidez, behar duten guztientzat eta zauri kronikoak edota oin diabetikoko ultzerak dituen edozein pazienterentzat erabili ahal izateko.
OCTn sakontzen
David Romero Mondragon Unibertsitateko doktoregaiak ere aurkeztu zuen lan bat CASEIB 2020an. Bere lehen argitalpen zientifikoa zen, eta Koherentzia Optikoko Tomografiari (OCT) buruzko proiektuan oinarrituta dago. "Fobearen morfologiaren karakterizazioa: parametrizazioa, sexu desberdintasunak eta adinaren ondorioak" izeneko lanean, Mondragon Unibertsitateko eta Biocruces – Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuko ikertzaileek parte hartu dute. Argitalpen horretan adinak eta sexuak fobearen parametro morfologikoetan duten eragina aztertzen da, hala nola, fobearen altueran, zabaleran, maldan edo eremuan, fobea baita biomarkatzaile gisa potentzial handia duen gune bat erretinan. 272 subjektu osasuntsuren datuak aztertu ondoren, ondorioztatu da desberdintasun garrantzitsuak dudela erretinan sexuaren arabera. Era berean, frogatu da zahartzean aldaketa nabarmenak gertatzen direla. Emaitza horiek bereziki garrantzitsuak dira etorkizunean detekzio goiztiarreko sistemak ezartzeko, adinekoengan prebalentzia handia duten gaixotasun neurologikoen erretinan oinarrituta.