Mondragon Unibertsitateko ikasleek IBILIrentzat diseinatutako 10.000 botila 60 herrialdetara esportatu dira

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateko ikasleek IBILIrentzat diseinatutako 10.000 botila 60 herrialdetara esportatu dira

PROIEKTUA

Mondragon Unibertsitateko ikasleek IBILIrentzat diseinatutako 10.000 botila 60 herrialdetara esportatu dira

Enpresa horrek eta Mondragon Unibertsitateak altzairu herdoilgaitzezko botiletarako diseinurik egokienak aukeratzeko erabili duten lankidetzaren ondorio da proiektua

2022·11·21

$titulo.getData()


Enpresen eta unibertsitatearen arteko lankidetzaren onuren adibide argia da Mondragon Unibertsitatearen eta etxeko tresneria egiten duen IBILI enpresaren ekimena. 2020-2021 ikasturtean, 2 entitateak elkarlanean aritu ziren altzairu herdoilgaitzezko botila berrietarako 5 diseinurik onenak aukeratzeko. Industria Diseinuko Graduko hirugarren mailako ikasleen 65 proposamenen artean aukeratu zituzten.

Bost irabazleek aukera izan zuten beren diseinuak benetako produktu bihurtuta ikusteko, eta, duela urtebete, IBILIren esportazioen helmuga diren 60 herrialdeetako bezeroei helarazten zaien katalogoan ipini zituzten —ikaslearen izena eta diseinuarena zehaztuta—, bai eta haren web-orrialdean ere. Urtebetean, 10.000 unitate baino gehiago saldu dira, eta ez soilik Espainian; Israelen, Marokon, Andorran, Portugalen, Frantzian, Maurizion, Sri Lanka eta Costa Rican ere saldu dira, besteak beste.

Aurtengo irabazleak

Ekimenak izandako arrakasta ikusita, 2021-2022 ikasturtean berriro ekin diote elkarlanari 2 erakundeek, botila baten diseinu orokorra egiteko. «IBILIrentzat oso interesgarriak dira halako lankidetzak, gure erabiltzaileentzat gaur egun erakargarria izan daitekeenari buruzko ikuspegi eguneratua, berria eta gaztea eskaintzen baitigute», azaldu dute enpresakoek.

Bestalde, Mondragon Unibertsitateak esan duenez, «estrategikoa da gure ikasleak industriara hurbiltzea eta zuzenean ezagutzea haren erronkak; horregatik, oso garrantzitsua da halako lankidetzak sustatzea».

IBILIk katalogo berrian eta web-orrialdean jarri ditu jada irabazleen 5 diseinu berriak. Oraingoan, neskak izan dira irabazle guztiak. Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko hirugarren mailako ikasleek egindako 64 proposamenetatik, enpresako diseinu- eta marketin-taldeak aukeraketa bat egin zuen, eta zenbait proposamen hautatu. Gero, IBILIko langileek botoa emateko aukera izan zuten, gustukoen zituzten diseinuen alde, eta 5 finalistak hautatu zituzten. Diseinu irabazleak salgai daude dagoeneko enpresaren katalogoan eta web-orrialdean, eta bai unibertsitateak bai enpresak iazko kopuruetara iristea espero dute.

Hauek dira aurtengo irabazleak: Teresa Pagaegi (Markina), Impact botilarekin; Ainara Urra (Zizur, Iruña), Horizon diseinuarekin; Mireia Elexpe (Durango), Cocolina botilarekin; Eider Gabirondo (Olazti, Nafarroa), Vinikunka diseinuarekin, eta Maitane Urkiola (Bergara), Marea diseinuarekin.

Ibili

Sukaldeko tresneria egiten duen Gipuzkoako marka bat da, nazioarteko merkatuetara iristen dena. Enpresak 3.000 erreferentzia baino gehiago dituen katalogo zabala du, non denetarik baitago: zartaginak, ontziak edo kafeterak, kanpinerako tresneria eta abar.