Bost kontinenteetako hezkuntzako ia ehun aditu bildu dira Bilbao AS Fabriken, hezkuntza-proiektu jasangarriak garatzeko eta finantziazio-aukerak aztertzeko bootcampean
Bost kontinenteetako hezkuntzako ia ehun aditu bildu dira Bilbao AS Fabriken, hezkuntza-proiektu jasangarriak garatzeko eta finantziazio-aukerak aztertzeko bootcampean
Bost kontinenteetako hezkuntzako ia ehun aditu bildu dira Bilbao AS Fabriken, hezkuntza-proiektu jasangarriak garatzeko eta finantziazio-aukerak aztertzeko bootcampean
Mondragon Unibertsitatea eta de Monterreyko Teknologikoko Instituto para el Futuro de la Educación (IFE) erakundea hiru eguneko bootcampa ari dira egiten Bilbon, hezkuntzaren etorkizunari begira mundu-mailan finantza daitezkeen diziplinarteko lankidetza-estrategiak bilatzeko.
Mondragon Unibertsitatea eta Monterreyko Teknologikoko Institute for the Future of Education / Instituto para el Futuro de la Educación (IFE) erakundea bootcampa ari dira egiten Bilbon: Hezkuntzaren etorkizunari begira, diziplinarteko lankidetzaren bidez irtenbide irekiak batera sortzea: mundu-mailako finantzaketetarako estrategiak. Ekitaldiak Hezkuntzaren arloko adituak bildu ditu Bilbao AS Fabriken. Urriaren 27an, igandez, hasi zen bootcampa, eta gaur amaituko da. Hiru egunotan, bost kontinenteetako 30 herrialdetako 85 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte jasangarriak eta nazioartean finantzagarriak diren proiektuak bultzatzeko antolatutako jarduera-egitarau zabalean. Mondragon Unibertsitatearen eta IFE Europe erakundearen arteko aliantzaren esparruan ari dira lantzen proiektua Bilbon —Hezkuntzan berrikuntzarako eta ikerketarako gunea eraikitzea da aliantzaren xedea—.
Irtenbide jasangarriak eta irekiak helburu dituzten hezkuntza-proiektuak nazioartean finantzatzeko estrategien sorrera sustatu nahi du bootcampak. Zehazki, ikertzaileen, akademikoen eta Hezkuntzako adituen arteko lankidetza nabarmendu du ekitaldiak, garrantzitsua delakoan sektoreak egun dituen erronkei erantzuteko proposamenak garatzeko. Erabilitako metodologien artean daude, besteak beste, adimen artifizial sortzaileari buruzko lantegi praktikoak; gamifikazio-teknikak (motibatzeko, inplikatzeko eta ikaskuntza-lanak erakargarriago egiteko jolas-elementuak erabiltzen dituzten metodoak), eta multimedia-baliabide interaktiboak, hezkuntzako arazoetan eta konponbideetan murgiltzea errazteko.
Egitaraua
Lehenengo egunean, urriaren 27an, parte-hartzaileek gamifikatutako networking saioa ere izan zuten. Atzoko jardunaldia hasteko, berriz, «Hezkuntzaren etorkizuna aztertzen: ezagutzak partekatzea eta jasangarritasunerako irekiera» izeneko adituen panela egin zen. Antonio Martínez-Arboleda University of Leeds y Knowledge Equity Network doktorea aritu zen moderatzaile-lanetan, eta partaide izan ziren Mondragon Unibertsitateko errektoreorde Jon Altuna, Open Education Globaleko Igor Lesko, MIT-JWELeko Megan Mitchell, UNESCOko María Soledad Ramírez doktorea eta WUN (Worldwide Universities Network) unibertsitateen sareko Mike Hasenmueller.
Jarraian, bi workshop egin zituzten. «Adimen lehiakorra: proiektu globalak finantzatzeko aukerak» gaia aztertu zuten lehenengoan. Adimen artifizialaren bidez finantzaketa-aukerak aztertzeko modua eta hezkuntzan dirulaguntza-proposamenak nola optimizatu izan zituzten hizpide. «Diziplinarteko lankidetzaren diseinua eta arazo globaletarako proiektuen garapen kontzeptuala» izan zen bigarren bilerako aztergaia. Diziplinarteko lankidetzak finkatzeko eta zientzia eta hezkuntza bateratzeko estrategiak eskaini zituzten bertan.
Bootcampa gaur bukatuko da, «Argiak eta itzalak finantzaketa globalean: iraganeko lezioak eta etorkizunerako estrategiak» adituen panelarekin. Genaro Zavala Enríquez IFEko doktorea izango da moderatzailea, eta aditu hauek izango dira partaide: ICDE (The International Council for Open and Distance Education) erakundeko Chadia Mansour, IFE Europeko Miguel A. Montoya Bayardo eta UNITWIN sareko Glenda Cox. Adituen panelean finantzaketa globalaren egoera aztertuko dute, eta bertaratutakoek euren proiektuak diseinatzeko erabilgarri izango dituzten estrategiak eta lezioak nabarmenduko dira.
Ondoren, beste bi workshop egingo dituzte. Lehenengoan, «Proposamen irabazleentzako jardunbiderik onenak» izenekoan, dirulaguntzak eskuratzeko proposamenak egiteko irizpide eta txantiloi eraginkorrak irakatsiko dituzte. «Aurkeztu zure proiektu-ideia eta egin ekintzarako deia» izango da bigarren bilera, eta bertan parte-hartzaileek adimen artifiziala erabiliko dute, proiektuak bideo-formatuan aurkezteko; erakustaldia izango dute eta ebaluatzaile adituek iruzkinak egingo dituzte. Talde bakoitzak zuzeneko feedbacka eta proposamenak hobetzeko pertsonalizatutako gomendioak jasoko ditu.
Ekitaldiaren emaitza gisa, ikerketa- eta berrikuntza-proposamenak izatea espero da, hezkuntzaren etorkizuna modu kolaboratibo eta transnazionalean eraikitzeko, eta hezkuntza-sistemek maila globalean dituzten erronkei aurre egiteko.