‘BizHitzak’ proiektuak hartuko du Literatur Topaketaren tokia, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean
‘BizHitzak’ proiektuak hartuko du Literatur Topaketaren tokia, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean
‘BizHitzak’ proiektuak hartuko du Literatur Topaketaren tokia, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean
Azaroaren 14tik abenduaren 20ra, Onintza Etxebeste Lirasen “TRAdIZIOAK” izeneko erakusketa izango da Eskoriatzako campusean. Erakusketaren harira, azaroaren 14an, poesia, literatura eta musika emanaldiak eskainiko dituzte.
Sormenarekin, kulturarekin, euskararekin eta ikasleen zein irakasleen parte-hartzearekin lotura duen proiektu berri bat sustatuko du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak: BizHitzak. Proiektua osatzera dator 2002an hasitako Literatura Topaketaren egitasmoa. Proiektu berriaren sustatzaileak dira Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Unibertsitate bizi! eta Biblioteka.
BizHitzak ekimenak bi egitasmo bildu nahi ditu; batetik, orain arte Literatur Topaketak egindako lan handia, eta, bestetik, gradu desberdinetatik bultzatutako proiektuak; betiere,
euskal kulturaren transmisioa gozamenetik sustatzeko gazteen artean. Hala, proiektuaren asmoa da euskal arte adierazpenengana zein pentsalariengana hurbiltzea. Horretarako, gazteen eta euskal kulturaren arteko arrakalari aurre egiteko testuinguruak sortzea du erronka nagusitzat. Horrekin batera, unibertsitateak gizartearekiko duen erantzunkizunagatik, BizHitzak proiektuak herritar guztiei zabalduko dizkie campusetako ateak, herritar guztiei luzatuko zaie parte-hartzeko gonbidapena.
Hasierako ekitaldiak
BizHitzak proiektua estreinatuko da azaroan, erakusketa batekin eta zuzeneko emanaldiekin. Hala, azaroaren 14tik abenduaren 20ra, Eskoriatzako campusean, Onintza Etxebeste Lirasek Tradizioak izeneko erakusketa aurkeztuko du. Erakusketaren harira, azaroaren 14an, emanaldiak eskainiko dituzte fakultateko hiru sortzailek Eskoriatzan: Aintzane Usandizagak literatura, Mikel Etxaburuk poesia eta Joserra Vitoria musika. Emanaldiak izango dira arratsaldeko 15:15ean, 16:45ean eta 17:45ean.
Behin hasiera emanda proiektuari, BizHitzak proiektuak ekitaldiak antolatu ditu ikasturtean zehar Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Bilbon.