Gure ikasleen proiektuak
Gure ikasleen proiektuak
Gure ikasleen proiektuak
Mondragon Unibertsitateko ikasleen bi proiektu Nimble Bee nazioarteko industria diseinu lehiaketako hamar onenen artean
Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Graduko ikasleen bi proiektu diseinuko Nimble Bee nazioarteko lehiaketako hamar finalisten artean daude. Lehiaketa honen helburua da mundu osoko unibertsitateetako gazteek industriak eskatutako proiektu errealetan oinarrituta egiten dituzten Industria Diseinuko proiektuen bidez lantzen duten I+Ga sustatu eta ezagutaraztea. Nible Bee lehiaketa urtean bitan egiten da, lehenengoa udaberrian eta bigarrena, udazkenean. Edizio honetako erronka Erresuma Batuko McBride multinazionalarentzako ontzi-garbigailurako detergente-pastillak diseinatzea izan da.
Hamar finalisten arten geratu diren Mondragon Unibertsitateko proiektuak hauek izan dira:
- Aroma Concept, Víctor Perez Muñoz. Produktua naturarekin lotu nahi du eta, aldi berean, premium alderdia indartu usaina/aroma erreminta gisa erabiliz.
- Shuriken, Ioritz Hontecillas eta Iratxe Goñi. Indarra eta energia transmititzeko gai den diseinu berritzaile eta futurista aurkeztu izana baloratu du, bereziki, epaimahaiak.
Lehiaketaren hurrengo fasean finalistek erabiltzaile/kontsumitzaileen eta epaimahaikideen feed-backa jasoko dute. Era berean, finalistek feed-back honetan jasotakoa euren proiektuak hobetzeko erabili ahal izango dute. Lehiaketako irabazleak 2017ko otsailean jakinaraziko dira eta 3.000, 2.000 eta 1.000 euroko sariak banatuko dira.
Ez da Mondragon Unibertsitatekoko ikasleek emaitza on bat lortzen duten lehenengo aldia nazioarteko lehiaketa honetan. Goi Eskola Politeknikoko ikasleak askotan egon dira irabazleen artean, aurreko hiru edizioetako irabazleak izan dira Heineken eta AB InBev garagardogileentzako egindako proiektuekin.
McBride norberaren eta etxeko zainketarako produktuak ekoizten dituen Erresuma Batuko multinazional bat da. McBride-k 680 milioi Libra fakturatzen ditu, 14 ekoizpen planta ditu Europan eta liderra da marka zuriko produktuen ekoizpenean.