Ane Sánchez Zeziaga ikasleak BIKAIN CUM LAUDE kalifikazioa lortu zuen

Atzealdea

Ane Sánchez Zeziaga ikasleak BIKAIN CUM LAUDE kalifikazioa lortu zuen

TESIA

Ane Sánchez Zeziaga ikasleak BIKAIN CUM LAUDE kalifikazioa lortu zuen

2023·11·15

$titulo.getData()


  • Tesi titulua: Systemic and Temporal Analysis of the Relationship between HR Practices, Employee Well-being, and Organisational Performance: a System Dynamics Study

Epaimahaia:

  • Lehendakaritza: Aitor Aritzeta Galan (UPV/EHU)
  • Bokala: Álvaro Lleó de Nalda (Universidad de Navarra)
  • Bokala: Unai Elorza Iñurritegui (Mondragon Unibertsitatea)
  • Bokala: Brigitte Kroon (Tilburg University)
  • Idazkaritza: Urtzi Uribetxebarria Andres (Mondragon Unibertsitatea)

Laburpena:

Giza baliabideen kudeaketa estrategikoaren eremuak (SHRM, ingelesezko siglengatik) pertsonen kudeaketa-praktikek (HRM) antolakuntzaren errendimenduan (OP) eta langileen ongizatean (WB) eragin positiboa dutela erakutsi duen arren, erlazio hori zehatz-mehatz nola gertatzen den ulertzeko, beharrezkoa da ikertzen jarraitzea. Literaturaren arabera, badirudi pertsonen kudeaketa praktikak arrakastaz ezartzeko gakoetako bat ez dela praktikaren edukia bera, baizik eta bere inplementazio prozesua.

Pertsonen kudeaketa praktikak ezartzeko prozesuak, antolakuntzaren errendimenduan eta langileen ongizatean duen eragina aztertu ahal izateko, denboraren dimentsioa kontsideratu dugu ikerketa honetan. Ikuspegi sistemiko eta dinamikoa hartuta, azterlan honen helburu nagusiari heldu ahal izan diogu. Ikerketa hau, langileen ongizatea eta antolakuntzaren errendimendua, ezarritako praktiken inguruan langileek duten ikuspegiaren araberakoa dela erakustean datza. Gainera, ikuspegi hori praktiken ezarpen prozesuaren arabera nola aldatzen den aztertu dugu. Prozesu hori erabakiak hartzeko ikuspegiaren (proaktiboa edo erreaktiboa) eta antolakuntzak eskura dituen baliabideen araberakoa delarik.

Sistemen dinamikaren (SD) metodologiaz baliatuz, simulazio eredu bat garatu da aipatutako helburua betetze aldera. Metodologia honi esker, pertsonak kudeatzeko praktikak ezartzeko prozesuak epe laburrean eta luzean izango dituen ondorioak azter daitezke, baita ere sor daitezkeen desiratako eta ustekabeko ondorioak identifikatu ere.

Garatutako simulazio ereduak datu kualitatibo eta kuantitatiboak konbinatzen ditu. Datu kualitatiboak, Euskal Autonomia Erkidegoko 23 industria erakundeetan 2017 eta 2020 urteen artean garatutako 41 “taldean eraikitako modelo” (GMB) saioetatik datoz, eta HRM-WB-OP sistema aztertzeko nabarmena den literaturarekin osatu da. Bestalde, datu kuantitatiboak Bateratzen datu-basetik lortu dira. Horrela, garatutako simulazio-ereduak hiru azpisistema jaso eta konektatzen ditu: (i) antolakuntzaren errendimendua maximizatzeko helburuarekin ezartzen diren pertsonak kudeatzeko praktiken eragina, (ii) langileen ongizatea maximizatzeko helburuarekin ezartzen diren pertsonak kudeatzeko praktiken eragina, eta (iii) antolakuntzaren errendimenduan eta langileen ongizatean aldi berean hobetzeko ezartzen diren praktiken eragina.

Ikerketaren emaitzek erakusten dute pertsonen kudeaketako praktiken ezarpen prozesuak eragin nabarmena duela antolakuntzaren errendimenduan eta langileen ongizatean. Denboran zehar inplementazioa konstantea edo aldakorra izatearen eraginez, antolakuntzaren errendimendua eta langileen ongizate maila ezberdina izango da. Horrek esan nahi du, zuzendariek erabakiak hartzeko duten ikuspegiak (epe labur edo luzerako antolakuntzaren helburuen lehenesteak) pertsonen kudeaketako praktikak ezartzeko prozesua zehazten duela, eta ondorioz, antolakuntzaren errendimenduari eta langileen ongizateari eragiten diela.