Mondragon Unibertsitateak jardunaldi bat antolatu du, udalerri euskaldunetan euskararen erabilera eta immigrazioa nola bateratu jorratzeko
Mondragon Unibertsitateak jardunaldi bat antolatu du, udalerri euskaldunetan euskararen erabilera eta immigrazioa nola bateratu jorratzeko
Mondragon Unibertsitateak jardunaldi bat antolatu du, udalerri euskaldunetan euskararen erabilera eta immigrazioa nola bateratu jorratzeko
Jardunaldian, Zaldibiako kasua aztertuko da; izan ere, aurreko ikasturtean ekintza zehatzak abiarazi ziren erronka horri erantzuteko. Ekimena Euskadiko beste bost herritara zabaldu da UEMArekin (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin) lankidetzan.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZIk) immigrazioari eta euskarari buruzko bigarren jardunaldia antolatuko du. Edizio honetan, udalerri euskaldunetako hezkuntza-komunitateetan euskararen erabilera eta kulturartekotasuna bateratzeko erronkari egingo dio aurre. Euskararen eta immigrazioaren arteko bizikidetza erraztuko duen bideari buruz hausnartzea izango da aurtengo helburua, eta bide hori sortzea. Horretarako, Zaldibiako (Gipuzkoa) kasu zehatza aztertuko da. Zaldibian, erronka horri erantzuteko ekintza zehatzez osatutako proiektua jarri zuten martxan iaz.
Jardunaldia abenduaren 2an, ostirala, izango da, 09:15etik aurrera, eta Nagore Ipiña Fakultateko dekanoak inauguratuko du. Ondoren, Karmele Perez Lizarralde eta Amelia Barquín López irakasleek hartuko dute hitza, eta jardunaldiaren gaia aurkeztuko dute: Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetako hezkuntza-komunitateetan. Zaldibiako esperientzia. Ostean, Zaldibiako prozesuan parte hartu duten lau gizarte-eragile mintzatuko dira: Eider Amundarain Goikoetxea (Lardizabal eskolako zuzendaria); Eztitxu Mujika Mariezkurrena (alkatea); Garikoitz Goikoetxea Etxeberria (UEMAko kidea), eta Karmen Irastorza (Etxekonekok elkarteko kidea). Iaz udalerrian gauzatutako ekimena azalduko dute. Jardunaldiari amaiera emateko, mahai-ingurua egingo da. Prozesuan parte hartu duten gurasoek hitz egingo dute, beren esperientziaren berri emateko. Horren bidez, beste udalerri batzuetako eskola-komunitateetarako erabilgarriak eta eskualdagarriak izan daitezkeen ikaskuntzak partekatu nahi dira.
Bi errealitate
Adituek hezkuntza-komunitate askotako bi errealitateren arteko bizikidetza eta horren kudeaketa jorratuko dituzte. Hona hemen errealitateok: euskaraz dakitenek hizkuntza horretan bizitzeko nahia eta euskaraz ez dakitenen egoera. Hau da, ikastetxeetan euskaraz bizitzen jarraitzea eta, aldi berean, euskaraz ez dakiten guraso immigranteei informazioa ematea eta horiek parte hartzea lortzeko modua aurkitzen saiatuko dira.
Izan ere, euskara eta kulturartekotasuna lotzen dituen bidea sortzea erronka handia da gaur egun udalerri euskaldunetan eta haietako ikastetxeetan, baina ez haietan soilik. Jardunaldiak Zaldibiako hezkuntza-komunitatean jarriko du arreta bereziki. Udalerri horretan, iaz, erronka horri ekintza zehatzen bidez erantzuteko proiektua jarri zen martxan, eta udalerri osoa inplikatu zen proiektuan. Jardunaldian, prozesu horretako protagonistek ere parte hartuko dute.
Zaldibiako adibidea
Zaldibian abiarazi diren ekintzetako bat aldibereko itzulpenaren erabilera izan da euskarazko eskola-bileretan, euskaraz hitz egiten edo euskara ulertzen ez dutenentzat. Bileran egondako beste pertsona batek egiten du itzulpena, Telegram aplikazioko kanal baten bidez; hau da, bakoitzak bere telefonoan entzun dezake itzulpena entzungailu normalekin. Horrek goitik behera aldatu du bilerak egiteko modua: lehenik, pertsona guztiak bilera berean elkarrekin egon daitezke, euskaraz dakitenak eta ez dakitenak; bigarrenik, gauzak behin bakarrik esan behar dira, eta, azkenik, bileretan dauden pertsona guztiek ia aldi berean jasotzen dute edukia, eta aldi berean erreakziona dezakete.
Horrez gain, ikasturtearen hasieran, hizkuntza-esparruari buruzko bilera bana egiten da familientzat eta irakasleentzat, programaren filosofia eta gauzatuko diren estrategia berriak azaltzeko. Halaber, Zaldibian, ikastetxeko komunikazioarekin lotutako zenbait egoera aztertu dira, hizkuntza-kudeaketa egokia egiteko, euskara ardatz hartuta, eta, aldi berean, komunikazioa eta parte-hartzea bermatuta. Honako hau aztertu da, besteak beste: ikastetxeak bidaltzen dituen jakinarazpenak eta ikasgeletako WhatsApp taldeak.
Zaldibiako ekimena Euskadiko beste bost herritara zabaldu da: Aizarnazabal, Ibarra, Leitza, Ondarroa eta Zestoa. Hain zuzen ere, bide hori jorratuz, elkarlanean jarraitzen dute hezkuntza-komunitateek, udalerrietako eragileek, Udalerri Euskaldunen Elkarteak (UEMAk) eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZIk).
EGITARAUA
- 09:00-09:15 Harrera.
- 09:15-09:30 Sarrera. Nagore Ipiña Larrañaga HUHEZIko dekanoa.
- 09:30-10:30 Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetako hezkuntza komunitateetan
- Hizlariak: Karmele Perez Lizarralde eta Amelia Barquín López (HUHEZI).
- 10:30-11:30 Mahai-ingurua I. Eragileen ahotsak
- Zaldibiako lau eragile: Eider Amundarain Goikoetxea (Lardizabal ikastetxeko zuzendaria), Eztitxu Mujika Mariezkurrena (alkatea), Garikoitz Goikoetxea Etxeberria (UEMAko kidea) eta Karmen Irastorza (Etxekonekok elkarteko kidea).
- 11:30-12:00 Atsedena lorategian
- 12:00-13:00 Mahai-ingurua II. Familien ahotsak
- Zaldibiako lau guraso: Felicia Toma, Zineb El ghaouti El gharradi, Amaia Sasiain Isasi-Isasmendi, Eñaut Agirre Goia.
- 13:00-13:45 Itxiera.