Mondragon Unibertsitateko diseinu industrialeko ikasleen 5 proiektu IF Student Awards sarietarako sailkatu dira
Mondragon Unibertsitateko diseinu industrialeko ikasleen 5 proiektu IF Student Awards sarietarako sailkatu dira
Mondragon Unibertsitateko diseinu industrialeko ikasleen 5 proiektu IF Student Awards sarietarako sailkatu dira
iF DESIGN AWARD 2025 sariak berriro erakutsi du munduko diseinu-lehiaketa ospetsuenetako bat dela. Azken deialdi honetan, 66 herrialdetako 7.000 proiektu baino gehiago jaso dira, eta epaimahaiak 300 proiektu onenen aurrehautaketa egin du. Azken fasera pasa direnen artean, estatuko 22 proiektu daude, eta horietatik 5 Mondragon Unibertsitateko ikasleek aurkeztu dituzte.
iF Design Foundation irabazi-asmorik gabeko fundazioak babesten du saria, eta diseinuaren mundu mailako garrantzia eta eragin soziala nabarmentzen ditu etorkizun hobe baterako berrikuntza sustatuz. iF Design lehiaketak ikasleek garatutako kontzeptu berritzaileak erakusteko plataforma izan nahi du, eta bozgorailu interesgarria eskaintzen du urtero sarituak izaten diren ikasleentzat.
Mondragon Unibertsitatearen parte-hartzea
Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza graduko ikasleek hainbat proiektu aurkeztu zituzten lehiaketara eta horietatik 4 hurrengo faserako aukeratuak izan dira. Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterraren kasuan, proiektu bakarra aurkeztu zen, eta hura ere hautatua izan da.
Graduari dagokionez, hauek izan dira aukeratutako proiektuak:
- UNDERWEAR proiektua: Natale Armendarizek garatu du Erasmus egonaldian. UNDERWEAR bizikletarako kasko tolesgarri eta konbinagarria da, hiriguneetan kaskoaren erabilera indartzeko helburuz diseinatua. Kaskoa erabiltzearekin lotutako estigma soziala jorratzen du, bereziki txirrindulari gazteenen artean, horregatik, Armendarizen proposamenak txanoen azpian erraz eraman daitekeen irtenbide dotore eta diskretua eskaintzen du, babesari uko egin gabe. Diseinu ultramehea eta tolesgarria duenez, errazago biltegiratzen eta garraiatzen da. Gainera, beste osagarri batzuekin konbinatzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Helburua garraio jasangarria sustatzea da, segurtasuna bermatuz eta hiri barruko joan-etorrietarako aukera berriak eskainiz, erabiltzaileen beharretara egokituz.
- Solumonbel proiektua: Iñigo Ortek garatu du gradu amaierako lanean, eta Bilbao Desing Week-en ere aurkeztu da Talentu gazteak atalean. Proiektuak komuneko soluzio bat proposatzen du ostomia duten pertsonentzat, haien higiene- eta intimitate-beharrak errespetatuz eta diseinu inklusiboaren printzipioak kontuan hartuz.
- Spinix proiektua: Nagore Alkorta, Ibai Arabaolaza, Sergio Da Silva eta Olaia Galarragak garatua. Seihileko proiektu gisa garatu da proiektua ikasgelan. Hesi flotatzaile modular bat da, ibaietan hondakinak modu autonomoan biltzen dituena, itsasora irits ez daitezen. Ur-zorrotada bidezko propultsio-sistema erabiltzen du korronteen aurrean egoteko, eta hondakinak biltegiratze-eremu batera bideratzen ditu. Birziklatutako materialekin egina, teknologia eta jasangarritasuna uztartzen ditu, uretako ekosistemak eraginkortasunez eta segurtasunez babesteko.
- Breast Pump Tanta proiektua: Ander Luengo, Izaro Iñurrategui, Izaro Iriondo eta Olatz Jausorok garatua. Klasean egindako lan bat, Tanta, arreta handiz diseinatutako esne-erauzgailua da, lan ugari egiten dituzten ama modernoentzako eraginkortasuna eta erosotasuna konbinatzeko. Osagai kopuru txikiak muntatze, desmuntatze eta garbitze azkar eta errazak bermatzen ditu, diseinu arin eta ergonomikoak, berriz, ahaleginik gabe erabiltzeko aukera ematen du. Funtzionaltasunaren eta estetikaren arteko oreka perfektua du, eta Tanta kide ezin hobea da erantzukizun ugari kudeatzen dituzten ama praktikoentzat.
Masterrean aurkeztutako eta aukeratutako proiektua honako hau izan da:
- Erein Etxekidetza proiektua: Aitor Aizpuru, Estibaliz Cardaño, Saioa Guezuraga, Aritz Lekuona, Ricardo Mantecón, Maialen Mateo eta Sara Gondrak garatua. Belaunaldi arteko etxebizitza partekatuaren proiektua da Erein Etxekidetza, Arrasaten kokatua, eta loturak sortzea eta elkarrengandik ikastea sustatzea du helburu. Bere izena, “Erein”, talde txikietan oinarritutako kudeaketa eredu bat islatzen du, barne dinamikak bultzatzen dituena eta guztien inklusioa eta ordezkaritza ziurtatzen duena. Hiru zerbitzu mota eskaintzen dira: profesionalizatuak (osasun-adituek, haur-hezkuntzak, etab. ), lankidetzakoak (aholkulariek gidatutako prestakuntza) eta oinarrizko zerbitzuak (parte-hartzea eta ongizate kolektiboa sustatzeko). Zerbitzu horiek auzotarrentzat zein bertakoentzat daude erabilgarri, eta, hala, gizarteratzea eta komunitate-sena sustatzen dira.
Finala ekainaren 20an izango da, Bilboko Guggenheim museoan,
Zorte on!