Ireki dute epea bozkatzeko 3Kimu proiektuko bideo onenak
Ireki dute epea bozkatzeko 3Kimu proiektuko bideo onenak
Ireki dute epea bozkatzeko 3Kimu proiektuko bideo onenak
Bideoen bitartez, MONDRAGON ezagutza dibisioko Arizmendi ikastola, Lea Artibai ikastetxea eta Politeknika Txorierriko ikasleek erantzun diote hurrengo erronkari: "Nola babesten ditugu gauzak eta pertsonak talketatik?". Lan bozkatuenak irabaziko du lehiaketako publikoaren saria.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bultzatutako 3Kimu proiektuak zabaldu du epea bozkatzeko MONDRAGON ezagutza dibisioko batxilergoko ikasleek egindako bideo onenak. Proiektu honetan parte hartu dute Arizmendi ikastolak, Lea Artibai ikastetxeak eta Politeknika Txorierrik. Bideoen bitartez, honako erronkari erantzun behar izan diote ikastetxe horietako batxilergoko ikasleek: "Nola babesten ditugu gauzak eta pertsonak talketatik?". 3Kimuren helburua da STEAM bokazio eta asmo profesionalak piztea, genero ikuspegian arreta berezia jarriz.
Bozka emateko epea, irekita egongo da ekainaren 2ra arte. Lan bozkatuenak jasoko du lehiaketako publikoaren saria, ekainaren 5ean, Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egingo den sari banaketa ekitaldian. Hemen eman daiteke bozka:
- 3Kimu bideoa bozkatzeko galdetegia.
Honako 21 bideoak daude lehian:
- KeepMoving
- Kamiseta Babeslea
- Motomami
- Ga-Safe
- Mugikor Babeslea
- Safebox
- Olatuen Aurka
- Pauso gidatua
- Zorroa kamera babesteko
- Sensosegur
- Golden Ricochet
- Hegan egiten
- TxirrindulariTrajea
- Blindlasses
- Futbol zapatillak
- kautxito
- SafeGlass
- DrumFiber
- Alertabike
- CarStop
- Rider Shield
Bideoak egiteko lan prozesua
"Nola babesten ditugu gauzak eta pertsonak talketatik?" galdera gidari horri erantzuteko ikasleak bikoteka jarri dira, eta bikote bakoitzak beste ikastetxe bateko bikote batekin batera erronka aurrera eramateko laukotea sortu du.
Ondorengoak izan dira erronkaren fase edo ekintza esanguratsuenak:
- Aurretiazko lana gelan: ikastetxe bakoitzean, gainerako taldekideak ezagutu aurretik landu dituzte zenbait gai.
- Proiektu hasierako topaketa: abenduaren 20an, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan egin zuten. Topaketa hartan, erronkaren aurkezpena egin zen eta ikasleek euren taldekideak ezagutu eta irtenbidearen lehen zirriborroak garatu zituzten.
- Proiektua gauzatu bitarteko jarduerak: ondorengo asteetan, ikasleak modu sinkrono eta asinkronoan ibili dira lanean. Bi asterik behin, gutxi gora behera, saio sinkrono bat izan dute beste ikastetxeko kideekin eta dagokien bidelagunarekin.
- Proiektu amaierako topaketa eta sari banaketa: ekainaren 5ean erronkaren irabazleak jakinarazteko topaketa egingo dute: “Final handia”. Egun horretan, finalera heldu diren taldeen irtenbideak aurkeztuko dituzte eta irabazleek saria jasoko dute.