Aurkeztu dugu KoopFabrika egitasmoaren seigarren edizioa

Atzealdea

Aurkeztu dugu KoopFabrika egitasmoaren seigarren edizioa

Koopfabrika

Aurkeztu dugu KoopFabrika egitasmoaren seigarren edizioa

Ekonomia sozial eraldatzailea eta ekintzailetza soziala sustatzeko programaren seigarren edizioa da aurtengoa. Aurkezpen ekitaldia Donostiako Teila Fabrikan egin zen

2021·10·20

$titulo.getData()


Atzo, urriak 19, ikasturte berrian KoopFabrikak dituen asmo eta erronkak aurkeztu zuten gaur Donostiako Teila Fabrikan. Baina ez hori bakarrik, KoopFabrikaren ekosistema osatzen duten beste atalak ezagutzeko aukera ere eman zuten.

 

Idoia Telleria Maritxalarek gidatu du ekitaldia. Gaurkoan aurkezle papera egitea egokitu zaion arren, KoopFabrikan ekintzaile gisa parte hartu zuen eta IDo Photography proiektua ondu. Gaur egun KoopFabrikako bidelagun ere bada.

 

Azaldu duenez, KoopFabrika Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta Ekintzailetza Soziala bultzatzeko proiektua da. 2017an jarri zen abian eta, ordutik, hamarnaka proiektu bultzatu dira, modu batean edo bestean gure jendartearen eraldaketan dihardutenak.

 

Ezer baino lehen, eskerrak eman dizkie KoopFabrika posible egiten duten norbanako eta erakundeei: Olatukoop, GEZKI (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua), Lanki Mondragon unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegia eta Gipuzkoako Foru Aldundia, proiektuaren finantzatzailea.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa

Joseba Amondarain Senperena izan da hitza hartzen lehena, KoopFabrika finantzatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean.

 

Hiru galderen inguruan ardaztu du bere hitzartzea: zertarako, zer eta nola. “Zertarako? Lurralde garapen orekatu eta justu bat osatzeko. Zer? Beste hainbaten artean, ekintzailetza soziala. Bide bat da helburuak lortzeko. Eta nola? KoopFabrika horretarako modu bat da. Entitate asko bildu gara, bakoitza bere helburuekin, ekimen hau batera egiteko”.

 

Hitzartzean azaldu duenez, erronka da horrelako proiektuak jasangarriak izatea eta hau guztion lana dela azaldu du. Bide horretan Foru Aldundia bidelagun izango dela erantsi du.

 

Ekintzaile eta bidelagun gisa bizitako esperientzia

Enara Izagirre Arrizabalagak hiru toki ezberdinetatik bizi izan du KoopFabrika: ekintzaile gisa, bidelagun bezala eta Teila Fabrikako komunitateko kide moduan.

 

“Bide bat ireki nahi nuen. Buruan nuen zerbat zen soilik eta orduan Iturolaz hitz egin zidaten. Handik KoopFabrika ezagudu nuen eta modu bat izan zen buruan zegoen hori lurreratzeko. Formazioak eta bidelaguntza ezinbestekoak izan ziren bidean”. Jasotako sostengua azpimarratu du: “Bakarrik ez nagoela sentitzeko balio izan zidan KoopFabrikak. KoopFabrika gabe ez dakit aurrera egingo nukeen nire ideiarekin”.

 

Ibilbide horretan Harago aholkularitzako kide bilakatu zen. Baina ez hori bakarrik: “Hiru urte ondoren, orain bidelaguna naiz. Gozada bat da ikustea nola proiektu berriak datozen eta esku bat bota diezaiekegun”.

 

Argia ikustear dauden proiektuak

Ondoren Idoia Garces Aldazabalen txanda etorri da. Aurreko ikasturtean KoopFabrikan landutako proiektu bat aurkeztu du: Ihitten.

 

“Konfinamentuaren ondoren Lasarte-Oriako adin ezberdinetako hainbat emakume bildu ginen, ikus-entzunezko arlokoak. Kezka batzuk partekatzen genituen; hala nola, gure herrian edozer sortzen zela, gizonak izaten ziren normalean kameraren atzean zeudenak. Pentsatu genuen: bagara nor, eta zergatik ez erakutsi hor gaudela?”.

 

Prozesua azaldu du ondoren. Hainbat kideren bilera askoren ondoren, ondo pasatuz eta zalantzak gutxinaka argitu ondoren, “Ekonomia Sozial Eraldatzailean sinesten dugu, gure balioekin dator eta, gainera, feministak gara. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat, baina aldi berean galera asmorik gabekoa ere badena sortzen ari gara, gutako batzuentzat aterabide profesionala ere izan daitekeena. Elkartea sortzeko estatutuen idazketa lanetan gabiltza une honetan”.

 

KoopFabrikak datozen hilabeteetan dituen asmoak

Gorka Julio Hurtadok KoopFabrikak aurtengo ikasturterako dituen asmoak azaldu ditu.

“Seigarren ikasturtea da aurtengoa eta salto kualitatibo bat emateko tranpolina prestatzen ari garela esango nuke. Urte hauetan zehar metatu dugun ezagutzari eta metodologiei forma emango diegu eta guk eta beste batzuek erabiltzeko moduan prestatu. Bere garaian piloto izan zena errealitate bilakatu dugu eta orain sistematizatzea da helburua, unibertsalagoa izango den zerbait sortzeko, Gipuzkoatik hasi, Euskal Herrian hedatu eta mundura zabalduz”.

 

“Betiko moduan, datozen hilabeteetan formazio aukera berriak ere eskainiko ditugu. Lehena Eskoriatzako campusean izango da azaroa eta abendua bitarte eta bigarrena otsailetik martxora Donostiako Teila Fabrikan. Donostiara etortzea apostua da guretzat. Egian auzoa bereziki da interesgarria guretzat, duen historiagatik eta martxan dauden ekimen motengatik“.


Proiektuan izena emateko aukera zabalik dago KoopFabrika.eus webgunean.